Gorbeiako gida

Page 110

Mendi-ibiliak

Uribarri Ganboa urtegiaren ibilbidea Ibilbide honetan, natura eta atsedenlekuak topatuko ditugu; aniztasun botaniko eta zoologikoa behatuko dugu; udan bainatzeko prestatuta dauden guneak (Landa eta Garaio), herri ederrak (Uribarri Ganboa eta Langara Ganboa) eta uretako kirolak egiteko aukera. Urtegiaren perimetro osoa hartzen duen ibilbideak 43,6 kilometro ditu, baina tarte laburragoak ere egin daitezke, 12,8 eta 31,8 kilometrokoak. Oinez edo bizikletaz egin dezakegu ibilbidea, balizei jarraituz. Landako aparkalekuan emango diogu hasiera txangoari. Lehen tarteak 13 kilometro ditu, eta Landako parke probintziala eta hondartzak zeharkatuko ditugu, Marietako bidegurutzeraino. Azuako pasabidera iristen garenean, bi aukera izango ditugu: zubia zeharkatzea eta ibilaldia moztea, edota zuzen jarraitzea. Bigarrena aukeratuz gero, aurrera egin, eta 15. kilometroan Zadorraren pasabidetik igaroko gara, Garaioko parke probintzialera iristeko. Mendixur Parke Ornitologikora helduko gara. Harizti txiki bat dago han, eta, 20. kilometroan, uretako hegaztien behatokira iritsiko gara. Han dagoen pasabidetik igaro, eta Azuarantz joko dugu, baina ezkerretara utziko dugu herria. Langara Ganboaraino jarraituko dugu (29,3. km). Kontuz ibili, bidea maldatsua baita. Aldapa handi bat jaitsi ondoren, Uribarri Ganboara gerturatuko gara (38,2. km). Ondo begiratu balizei, bi tartetxo errepidez egin behar baititugu; bat, presa igaro eta gero. Uribarri Ganboatik Landako aparkalekura 7 kilometro baino zerbait gehiago daude, eta horiek osatuko dute ibilaldiaren azken etapa. D- 43,6 km D- 9 ordu 30’ M- erraza

110


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.