Page 1

haizetara 7 BIDAIA ALDIZKARIA

MYANMAR

UR HANDITAN PULUNPATUZ Suaren lurraldea

Munduaren azken mugan itsasaldia

Kurtzebarri

Debagoieneko balkoitik badago zer ikusi

Praga

Turismoa egiten «free tour» batean

Gibraltar

Obsesio bat harkaitz batean irudikatua


Azaleko argazkia: Alfons Rodriguez

Argitaratzailea: Astero. Herritar Berri SLU. Editorea: Amaia EreĂąaga Argazkigintza: Conny Beyreuther Egoitza: Portuetxe, 23 -2.A 20.018 Donostia e-posta: zazpihaizetara@astero.net tfnoa: 943 31 69 99 www.zazpihaizetara.com LEGE GORDAILUA: SS-238-2008 INPRIMATZEN DU: Printek Inprimategia. Zamudio


26 16

40

6 22

32

aurkibidea123

16 Praga «Free walking tour» delakoak turismoa egiteko modua eraldatzen ari dira Europan. Guk Praga ezagutu ahal izan dugu horrela.

26 Kurtzebarri Araba eta Gaztelako Lautadatik isurialde kantauriarrera malkartsu jauzi egiten duen tontor harritsu ikusgarri hau Debagoiena bailarako balkoia da.

22 Zimbabwe Afrika Beltzaren metafora dirudi garraiobideen egoerak; Victoria ur-jauzietako luxuzko trena, alde batetik; Bulawayoko burdinbide herrikoia, bestetik.

32 Suaren Lurraldea Punta Arenasetik Ushuaiara, «Ventus Australis» itsasontzian Suaren Lurraldeko fiordoak zeharkatu ditugu.

40 Gibraltar Tuterak, Angeluk edo Leioak beste biztanle ditu, baina askoz ospetsuagoa da, antzeko lur eremu txikia izanda ere.

06 Myanmar Norbait aurretik Txinan, Indian eta Thailandian izana bada, Myanmarrera bidaiatzean ohartuko da hiru kultura horiek bakarrean bat egiten dutela. Hiruren esentzia era harmoniatsuan batzen baita Asiako hegoekialdeko txoko honetan. Myanmar mundura zabaltzen ari den honetan, oraindik hainbat arazo larri dituen arren, bere alde ederra ikusten ikasi beharko genuke.

48 Erreportajea Al-Khayamiya, galtzear den artearen kalezuloa. 52 Proposamen tematikoa Emakumeon aginduetara. 56 Hitzorduak Inauteriak, Fallak eta erakusketak. 58 Liburuen txokoa Baztango iraganeko eta gaurko baserriak. 60 Gogoan hartu Bauhausen hastapenak eta Sharaan erreserba naturala. 62 Laburrak 3


Munduari begirada

4


NIZA Artisten inspirazio iturri romenade des Anglais aipatu eta berehala heltzen zaizkigu hainbat irudi (XX. mendeko 20 eta 30eko hamarkaden glamourrez beteriko garaiak, esaterako), kolore (Mediterraneoaren urdin ikusgarria) eta sentsazio (eguzkiaren goxotasuna azalean). Estatu frantseseko Côte d’Azur ospetsuko Niza hiria luxuzko udatiarren kokaleku da aspaldidanik, eta hango hondartzako pasealekuaren dotoretasuna hainbat artistaren inspirazio iturri bihurtu da hainbat alditan; zineman, esaterako, Jean Vigo edo François Truffautek beren filmetako dekoratu bezala erabili zuten; margogintzan, eta aipatutakoak baino askoz lehenago, Henri Matissek, XX. mendeko artisten artean aztarna sakona utzi duen berritzaileak, kostalde honetako alaitasuna islatu zuen. Inspirazioaren bila ari da era berean, olatuek markatutako lerroarekin jolastuz, Omar Logang margolaria. Sudanen jaiotako artista hau kaiolatu ezin diren espiritu libre horietakoa omen da... eta baita paperik gabekoa. Baina itsasoak ba al du mugarik?

P

Argazkia: Valerie Hache

5


Myanmar ASIAR INSPIRAZIOA

Myanmar mundura zabaltzen ari da eta, bere iragan hurbil eta orainaldiari begiratuta milioi bat estuparen herrialdean dena ona ez den arren, bere alde abegikor eta ederra aprobetxatzen jakin behar da. Bidaia dezagun irribarrearen herrialdera eta zabal dezagun gure pentsamoldea myanmartarrak bizitzen ari diren aldaketa sakonetara. Testua eta argazkiak: Alfons RodrĂ­guez

7


Monje hauek Yangoneko erdialde historikoko kafetegi batean daude. Yangon 2005era arte Myanmarreko hiriburua izan zen eta gaur egun herrialdeko hiririk handiena da (6 milioi biztanle inguru). Ondoko orrialdean, goitik behera, kaleko giroa eta iluntzeko azken argiak portu inguruan. Estilo kolonialeko eraikinek xarma berezia ematen diote hiri zaharrari. Erreportajea zabaltzen, Bagan-eko lautada amaigabea, Asiako tokirik bitxienetako bat.

8

orbait aurretik Txinan, Indian eta Thailandian izana bada, Myanmarrera bidaiatzean ohartuko da hiru kultura horiek bakarrean bat egiten dutela. Hiruren esentzia era harmoniatsuan batzen da Asiako hego-ekialdeko txoko honetan kultura myanmartarra laugarren osagai izanik su txikian kozinatzean. Eta ez da soilik irudipena edo ausarkeria subjektiboa; Myanmarreko kulturak Asiako eragin handiko hiru nazio horietatik asko dauka; jakina, bere historian zehar izandako inbasioengatik eta gertutasun geografikoagatik. Yangon (Rangun) hiriburu ohira iristean –gaur egun Naypyidaw da hiriburua– planetako beste hiri handietan aurkitzen duguna aurkitzea espero dugu, baina zorionez eta oraingoz, neurri batean baino ez dugu aurkituko. Merkataritza gune handi eta eraikin modernoak ahaltsu zutitzen dira etorkizunari harrera eginez, egia da, baina auzoetan eta kale zaharretan barneratzen bagara, dekadentzia kolonial ederraz gozatuko dugu, montzoiek gogo gabe dekoratutako fatxada zaharrez. Edertasun zimeldu eta exotikoa, tetegiekin eta iraganeko asiar zaporearekin nahasia. Ilunabarrean Shwedagon pagodara joatea komeni da. Atmosferen konbinazioa hain da liluragarria, ezen bisitariak ez baitu bertatik atera nahiko. Mendebaldarrak euren argazki-kamerekin eta txinatarrak selfieak egiten, agureak estupei errezoan, intsentsu usaina edo kanpaitxoen dilinda, eta guztia iluntzen ari den zeruaren eraginpean, zeinak artifizialki argiztatutako pagodako horma zuri eta urre-kolorekoak nabarmen-

N

tzen dituen. Lurrak eta zeruak zentzu espiritualean elkar ukitzen dutela dirudi denboraz kanpoko tenplu budista honetan, duela mendeak eraikitakoan eta lurrikarek hainbatetan suntsitu ostean berreraikitakoan. Kipling-ek zioen toki hau urre-koloreko misterio bat dela, nahiz eta myanmartarrentzat zerbait sakonagoa den: hain zuzen, herrialdeko toki sakratuena eta gutxienez bizitzan behin bisitatu beharrekoa. Ipar-ekialderantz hiria atzean utziz, bidaiariak ondo zaindutako errepide bat hartuko du; arroz sail amaigabeak ikusiko ditu bidean, Bago hirira iristean etengo den paisaia leuna. Kyaik Pun pagodako jesarritako lau budek 30 metroko garaiera dute eta ikusgarriak dira oso. Baina benetako esperientzia Kha Khat Wain Kyaung tenplura hurbiltzean izango dugu. Toki honetan goizero ia 500 monjek osaturiko ilara sortzen da. Bertako jantoki handietan sartu zain egoten dira. Bertan dute zain bazkaria, sekulako lapiko batzuetan. Monjeen eta bisitarien arteko errespetua lehenesten da hemen. Budaren adatsak Euria gogotik ari du eta lainoak ez du metro gutxi batzuetara baino ikusten uzten. Gaua gainean dugu eta argiak lanbro umelarekin lausotzen dira. Soilik kanpaitxoen dilinda fantasmagoriko eta sakratuek gidatzen gaituzte bidean. Estupa amaieran ageri da, plaza handi bat dirudien tokian. Urre-koloreko harkaitz ekilibrista baten gainean zutitzen da malabar jolas sinetsezina. Maiestatetsua da, txikia izan arren (7,3 me-


9


MYANMAR Nekazaritza da batez ere herrialdeko biztanleen bizibidea. Irudian, nekazari bat Bangan-eko lautadako tenpluen artean pasatzen. 42 kilometro koadroko eremua da, tenplu budista eta hinduistez josia.

troko altuera du). Urre-koloreko Arroka deitzen diote, baina benetako izena Kyaiktiyo da eta Mon izenekoen lurraldean dago. Mon delakoak kontinentearen hegoekialdeko eskualde honetan bizi diren asiar herrietako bat dira. Euripean eta lainoak erdi ezkutatuta halako sakralitate kutsua dariola, ez da erraza begiradari eustea, errespetuz. Haize bortitzak eragindako ausazko kanpai-hotsek efektu hori handitzen dute. Zorionez, gaua izanik eta euria eta lainoa lagun ditugula, apenas dagoen turista eta budistarik. Kondairak dioenez, urre-orriz estaliriko harkaitz honek Budaren ile-sorta bati esker eusten dio bere oreka sinesgaitzari. Hori estrategikoki jarrita omen dago harkaitza amildegian behera eror ez dadin, zeinaren gainean ezin sinetsizko eran zintzilik dagoen. Gizonak

soilik hurbil daitezke estupara, harkaitza ukitu, gainazalean urre-orria jarri eta era horretan bere urrekoloreko distira sakratua iraunarazteko. Herrialdearen erdialdera bidaiatuz gero, Mandalayn geldialdia egin beharra dago. Ez da zaharra, 150 bat urte baino ez ditu, baina myanmartar erregeen garaiko azken hiriburua izan zenez, badu bere xarma. Gotorleku izugarri bat eta bi erregeren egoitza izan zen XIX. mende erdialdeko jauregia nabarmentzen dira. Eraikinon inguruan disuasio-zulo bat dago; gerra anglomyanmartarren garaian, 1885ean britainiarrek zulo horren gainetik jauzi egin behar izan zuten eraso egiteko. Harresi horien iparraldera Mandalay muinoa dago. Hiritik alde egin aurretik bertara igo beharra dago tontorrean dagoen tenplua bisitatzeko eta bista


ederrez gozatzeko. Myanmartar ikasle andana ibili ohi da bertan, bidaiariekin hitz egin nahian, ingelesa praktikatzeko, arkupeen gerizpean edo hirira irekitzen diren balkoien gainean solas egiteko. Esperientzia interesgarri eta aberasgarria da oso bai batzuentzat bai besteentzat. Ezin da ahaztu herrialdea diktadura militar baten pean egon dela 1948an independentzia lortu zuenetik 2011ra arte. Denbora tarte luze eta ilun horretan bertako biztanleen giza eskubide gehienak gordinki urratu ziren eta kanpoko mundutik isolatuta izan zituzten. Protesta eta desegonkortasun sozial eta politiko handiko urte batzuen ondoren eta 2018ko martxotik Myin Swe presidentea eta mundu mailan ezaguna den aktibista Aung San Suu Kyi estatu kontseilaria dira Gober-

nuko buru; azken hori bakearen Nobel saridun izateagatik da ezaguna. Aung San urte askoan jazarria eta giltzapetuta egon da diktaduraren aurka egiteagatik eta munduko sari garrantzitsuenak eman dizkiote bakearen eta askatasunaren alde egin duen lanagatik. Alabaina, ez dirudi indar handia egiten ari denik bere herrialdea, bere Gobernua, egun Myanmarren bizi den gutxiengo etniko musulmanaren, alegia, rohingyen, aurka egiten ari den genozidioa geldiarazteko. Munduko libururik handiena Kanpoaldean eta harago, Mandalayko inguruetan toki interesgarri asko dago ezagutzeko. Kuthodaw pagoda harrigarria da. Tenpluari “munduko libururik handiena� esaten diote; izan ere, marmolezko 730 har-

Goian, ezkerretik eskuinera, intha etniako emakume bat erretzen, Inle aintzira handiaren ertzean, eta shan neska bat, eguzkitik babesteko aurpegia margotuta. Behean, Mrauk U erreinu zaharreko tenplu bat eta Inle aintzirako hondar arkeologikoak.


Lerroon ondoan, Myatheindan pagoda zuria, Mingun herriaren inguruetan. Behean, arrantzaleak Taungthaman aintziran. Eta ondoko orrialdean, txikian, bizikletan Ngapali herrian eta hego-mendebaldeko hondartzak.


MYANMAR GIDA PRAKTIKOA Noiz joan Myanmar edo Birmaniara bidaiatzeko (izen ofiziala Myanmarko Batasunaren Errepublika da) garai onena azaro eta otsail artekoa da, euri gutxiago egiten duelako eta ez duelako hain bero itogarria egiten. Martxotik maiatzera bero handia egiten du Yangon, Bagan eta Mandalay bezalako zona baxuetan. Baina, egia esan, edozein garaitan bisita daiteke herrialdea. Mendietan klima neurritsua da beti. Eurite handiak izango ote diren jakiteko erne ibili behar da eta arrisku eremuetatik alde egin (ibaiertzak eta haranen sakonerak).

Bisa Internet bidez eskuratzeko: https://evisa.moip.gov.mm/index.aspx

Dirua Myanmarreko moneta kyat-a da. Euro 1 = 1.800 MMK baino zerbait gutxiago da. Europarekin alderatuta herrialdea oso merkea da.

Nola mugitu Herrialde handia da eta errepide on gutxi dago. Autobus zerbitzu batzuk balekoak dira, baina ferryez ez dago fidatzerik. Lurretik bidaiatzea beti da

lauza ditu; horietan Tripitaka edo Canon Pali delakoaren liburu guztiak jasotzen dira, Theravada budismoaren dotrina azaltzen duten testu sakratuen bilduma bat. Antza denez, 200 monje-idazle aritu ziren horretan eta behin 2.400 monjek ia sei hilabete behar izan zituzten txandaka guztia irakurtzeko. Irakurleari deseroso egiten bazaio bertan marmol gainean irakurtzea, paperezko bertsiora jo dezake; 38 liburuki dira, bakoitza 400 orrialdekoa. Guk dakigula oraingoz ez da horren e-book osorik argitaratu. Koroa eskuratzen zuen errege myanmartar bakoitzak bere erreinuko hiriburua lekualdatzen zuen. Era horretan, hainbat hirik txandakatu zuten titulu hori, herrialdeko historiara pasatzea merezi duten pagoda eta tokiak utziz. Amarapura da horietako bat. Hiriburu ohi hau Taungthaman aintziraren ertzean dago eta hori zeharkatzeko munduko tekazko zubi luzeena gurutza daiteke, U Bein-eko zubia. Ilunabarrean, urrekoloreko argiak eta maitale, monje, oportunista, turista, asmatzaile, bainulari eta bulegarien nahas-mahasak mundu surrealista eta magiko bateranzko bide moduko bat bihurtzen du zubia, Katherine Paterson idazleak “Brigde to Terabithia� (1977) literatur lanean, eta ondorengo filmean, deskribatu zuena balitz bezala. Bidaiaren puntu honetara iritsita bidaiaria oraindik ere aspertu ez bada bideko pagoda eta tenplu bakoitzean zapatak eta galtzerdiak kendu behar izateaz, Inwa hiria eta Bagaya Kyaung tekazko tenplu zoragarria bisita ditzake. Uretatik eta zalgurdian baino ezin da bertaratu; monjeak budisten testu sakratuak ikasten aritzen dira bertan. Harago, Nanmyin-go zaintza dorreak

esperientzia gogoangarria, denbora eta pazientzia izanez gero. Denbora aurrezteko barruko hegaldiak har daitezke, merkeak baitira eta ia edozein tokitara iristen baitira. Konpainia bat baino gehiago dago, baina ordutegiei eta seriotasunari dagokionez Yangon Airways eta Air KBZ dira ondoen funtzionatzen dutenak. Bagan inguruan motorra alokatzea ia ezinbestekoa da tokia zeure kabuz eta era dibertigarrian ezagutu nahi izanez gero.

Jan eta lo egin Jatea zentzumenentzako eta poltsikoarentzako festa bat da. Oro har, errazio handiak eta merkeak izan ohi dira. Egungo sukaldaritzak myanmartar, txinatar eta indiar estiloak uztartzen ditu. Bertako edozein jatetxe abentura gastronomikoa izan daiteke. Hiri eta toki turistikoetan erraza da nazioarteko beste sukaldaritza batzuen egokitzapenak eskaintzen dituzten jatetxeak aurkitzea. Toki bisitatuenetan hotel eskaintza izugarria da, motxileroentzako "guesthouse" merke baina duinetatik hasita, hotel garesti eta luxuzko resortetaraino.

Ordutegia Myanmarreko ordu ofiziala GMT + 6.30 da.

edota Maha Aungmye Bonzan-eko monasterioko buda urpetuak ere merezi dute begiratu bat ematea. Sagaing-eko muino hurbilak 500 estupa ditu, baina ez dago guztiak bisitatu beharrik, baldin eta ez baditugu zapatak beste 500 bider erantzi nahi. Mingun herrixka dago handik hurbil, bere estupa erraldoi bukatugabearekin. Goialdera igo gaitezke (oinutsik noski, harrien gainetik ibili behar izan arren) ibaiaren eta Chinthe delakoen bista ederrak izateko. Azken horiek erdi lehoi erdi herensuge diren jainkoak dira; dudarik gabe, garai hobeak ezagutu dituztenak. Shan estatua Hsipaw hiria Shan estatuaren mendebaldean dago. Bertako etnia nagusia, Shan izenekoa, oso boteretsua izan zen behinola. Myanmartar shan lurraldea, herrialdearen ekialdean, Asiako “Urrezko Triangelua�-ren barruan dago; eremu horretan ekoizten da munduan kontsumitzen den opio eta heroinaren zati handi bat. Hsipaw hiri txiki eta lasaia da. Etorbide nagusian daude saltoki eta jatetxe gehienak. Hortik at, zenbait hotel eta auzo diskretuak baino ez. Hiri honetatik gertu daude Palaung etniako herrixka batzuk, inguru menditsuetan galduta. Hori bai, bizpahiru egun oinez egin beharko ditugu horietara iristeko, mendixka, baso eta arroz-sailez osaturiko paisaia ederrean zehar. Shan estatuaren hegoaldean Inle aintziaren 22 kilometroak daude. Bere urertz urpetu zehazgabeetan eta bere irletan Intha etniakoak bizi dira gehienbat. Budistak dira eta, diotenez, mendeetan zehar mila estupa baino gehiago eraiki dituzte. Egunsentian edo ilunabarrean ur horietan txalupa motordunetan edo, la13


Mandalay inguratzen duten arroz-soroak. Ondoko orrialdean, goitik behera, neska batzuk U-Bein-eko zubia zeharkatzen (munduko tekazko zubi luzeena da), Indiako Ozeanoaren ertzean dauden Ngapaliko hondartzetan futbolean, eta ibaiferryari itxaroten Sittwe herrian, Rakhine estatuan.

saiago, arraunean, ibiltzea esperientzia berezia da. Herrixkek aintzirako bizitza ezagutu nahian galtzeko labirinto modukoa osatzen dute. Baratzeak, pagodak, uretako merkatuak eta egurrezko zutabeetan ezarritako etxebizitzak. Nampan, Phaung Dawfo, Iwama, Shwe Inthein edota Nyaung Ohak-eko estupa erdi erorietan eta halako tokietan ibiltzea akigarria da, baina gogoangarria, dudarik gabe. Irakurleak, akaso, intha arrantzale ospetsuen berri izan nahiko du; horiek hanka bakarraren gainean daudela, beste hankarekin mugitzeko arrauna inguratzen dute eta aldi berean arrantzatzeko darabiltzaten ihizko kaiolak maneiatzen dituzte. Nahiz eta oso bitxi eta exotikoa izan eta garai batean erabiltzen zen metodoa izan, gaur egun ia gehienek nahiago dituzte motorrak eta plastikozko sareak, eroso eta eraginkorragoak. Bidean horietako batekin topo egiten baduzue, ez izan dudarik: argazkirako jarri eskupeko baten truke. Horrela dira gauzak. Mrauk U-ko erreinu ahaztua Segur aski, irakurleak Myanmar Asiako toki bitxienetako batekin identifikatuko du: Bagan-eko lautada amaigabearekin. Bere 42 kilometro koadroko eremuan

14

3.000tik gora estupa eta tenplu budista eta hinduista daude. Horrelako toki zabalean, zaila da “iluminaziora� iristeko edo zapatak kentzeko eta bizkarrari atseden emateko toki bakarti bat ez aurkitzea (sandaliak eramatea komeni da, galtzerdirik gabe; lokarriak etsigarri bihurtzen dira bisitari despistatuentzat). Bagan Zaharra, Bagan Berria eta Nyaung U herrixkak kanpaleku nagusitzat hartuta bisita dezakegu esparru arkeologiko erraldoi hau. Montzoi garaian bereziki ikusgarria da, tenpluen gorri koloreak landarediaren eta bertakoek ereindako lursailen berdearekin kontrastea egiten duenean. Baganeko sugarrak argiztatu zuen Myanmar Erdi Aroan bi mendetan baino gehiagoan, harik eta Kublai Khan-ek, azken Khan Handiak eta Gengis Khanen bilobak, sable-kolpeka itzali zuen arte. Herrialdea gobernatzen zuen garai bateko junta militarrak tenpluetako batzuk berreraiki zituen, baina oso gustu txarrarekin eta jatorrizko itxura errespetatu gabe. Golf-zelai bat jarri zuen eta ehunka urteko estupen artean errepideak asfaltatu zituen. Horregatik ez da aztarnategi arkeologiko hau Unescoren Munduko Ondare, nahiz eta hala izatea merezi duen. Herrialdearen mendebaldera, Rakhine estatuan eta


MYANMAR Bengalako Golkoaren itsasertzean, Sittwe hiri ez oso bisitatuak Indiako Ozeanoari begiratzen dio. Hiri honetarako hegaldia hartzen badugu –errepidez iristea oso zaila da–, errazagoa da Myanmarreko toki eder eta ahaztuenetariko batera heltzea: Mrauk U. Rakhine izeneko bertako etniakoak arakan hizkuntzan mintzatzen dira, Gobernuak ikastea debekatu zuen hizkuntzan. Erlijio musulmana duten rakhineek rohingya esaten diote euren buruari. Izen hori, zoritxarrez, ezagunagoa egingo zaio irakurleari. Duela hamarkada pare bat Bangladesheko eta Myanmarreko gobernuek akordio bat hitzartu zuten rohingya herria (aberrigabetzat joak) Myanmarrera itzul zedin. Baina ordutik egiaz gertatzen ari dena jazarritako nazioa dela da; askoren ustez, benetako genozidio bat. Testuinguru geopolitiko eta sozial horretan leku harrigarri bat dago: rakhineen antzinako hiriburua, lehen aipatutako Mrauk U. Duela gutxira arte ibai-ontziz soilik bertaratu zitekeen, baina gaur egun errepidez ere irits daiteke, arroz sail amaigabeak eta herrixka tradizionalak ikusiz, ibaiak eta aldiko ibilgailu bakarra sartzen den egurrezko zubi zaharrak zeharkatuz. Herritarren etxebizitza xumeekin batera, 150 bat tenplu ageri dira, eta horregatik, beste esparru arkeologiko batzuei ez bezala, nolabaiteko gizatasuna dario honi. Hiri hau portu franko garrantzitsua izan zen hiru mendetan baino gehiagoan eta bertan europarrak, asiarrak eta arabiarrak salerosketan aritzen ziren. Diotenez, bertako errege-erreginek samuraiak zituzten bizkartzain gisa. Gaur egun, distira hura dekadentzia eta utzikeria atmosfera bihurtu da, goroldioak estaliriko harresidun tenpluekin, zeintzuek bidaiariarentzat tokia are erakargarriago bihurtzen duten. Tenpluak eta estupak, labirinto amaigabeetan Budaren hamarka mila estatua gordetzen dituztenak, baita hainbat erlikia ere; esaterako, Sanda Muhni Phara tenpluan gordetzen den Budaren hortza, Kandytik, garai bateko Sri Lankatik, Ceylan mitikotik ekarri zutena. Ilunabarrean iparraldera altxatzen diren mendixketako batera igo beharra dago. Bertatik ikuspegiaz gozatuz, bidaiariak distantzian ez ezik, denboran ere atzera egin duela sentituko du. Behera itzultzen zarenean, bat-batean itzultzen zara gaur egunera, fraideak bizikletan ibiltzen ikustean, haurrak barrikak urez betetzen eta gazteak chinlonean jolasean –kanaberazko pilota txiki bat erabiltzen da eta jokoa honetan datza: berau pasatzeko hankekin eta gorputzarekin zein jokalarik malabare gehiago egin–. Myanmartar sinfonia biziaren ostean, Indiako Ozeanoko hondartzaren batean etzatea dagokigu, Andaman itsasoaren ertzean; esaterako Ngapali-koetan. Erraldoiak eta bakartiak dira hareatzok, hausnartzeko eta hurrengo bidaia prestatzeko toki ezin hobeak. •


Praga BOHEMIAKO KOLOREAK GIDARI

«Free walking tour» delakoak turismoa egiteko modua eraldatzen ari dira Europan. Turista talde txikiei zuzendutako gida autonomoen agentziak dira: merkeagoak, pertsonalizatuagoak eta bezeroarekin «feedback» handiagokoak. Turismo mota berri honek urte gutxi daramatza Europan, eta Pragan sekulako arrakasta lortu du, hiria behar bezala ezagutzeko aukera eraginkorra baita, poltsiko guztietara doitutakoa. Testua eta argazkiak: Jon Goikouria Larrabeiti

17


PRAGA rte hasiera da, zerua oskarbi dago eta tenperaturak 0 gradu ingurukoak dira: “Ez hotz, ez bero”, Pragako biztanleentzat. Hala ere, koloretako aterkiak ikus daitezke Hiri Zaharreko plazako turistengana hurbiltzen. Hainbat turismo agentziatako langileak dira, bisitariaren ehizan, komertzial lanetan, tour taldeak osatzeko. Ez du axola munduko zein bazterretatik datozen bisitariak: harrapakari hauek (zentzu onean beti ere) turisten hitz bi entzunda nahikoa dute euren talderako modukoak diren edo ez jakiteko.

U

Neguko eguzkiak ilunabar zoragarriak uzten ditu Moldava ibai bazterretan. Ondoan, goitik behera, tranbia bat (XX. mendeko tranbia zaharrak XXI. mendekoekin batera ibiltzen dira) eta Alfonso Rodriguez gida azalpenak ematen San Vito katedraleko sarreran. Erreportajea zabaltzen, handian, Alfonso bera Malá Stranako tranbia geltokian eta, txikian, Karlos IV.aren zubia, turistaz gainezka. Hiriko monumentu bisitatuena da, 1357an eraikitzen hasi zena.

18

Europaren bihotzean dago Praga, eta beharbada horregatik bilakatu da bidaiari askoren helmuga. Guztira sei barrutik osatzen dute Praga: Moldava ibaiaren ekialdean Josejof (Auzo Judua), Staré Město (Hiri Zaharra), Nove Město (Hiri Berria) eta Vyšehrad, eta ibaiaren mendebaldean, Malá Strana eta Hradčany. Bistan da 496 kilometro karratuko IX. mendeko hiri hau monumentuz eta eraikin historikoz josita dagoela. 2018an turismoak %8ko hazkundea izan zuen Txekiar Errepublikan, 11 milioi bisita jasoz, Czech Tourism estatu agentziaren datuen arabera.


Alfonso Rodriguez 26 urteko gazte palentziarra da eta gida autonomo legez egiten du lan Pragan. Arte Dramatikoan eta Artearen Historian lizentziatu eta mimo, pantomima eta maskara antzerkiko ikasketak egin ostean, ikuskizun batek Pragara eraman zuen unibertsitateko lagunekin 2016ko apirilean, eta urte bereko urrian bueltatu zen bertara bizitzera. Harrezkeroztik PRG Tours enpresan gida lanean dihardu Alfonsok. Hiriak gaur egun jasotzen duen turismoa «gehiegizkoa eta kontrolik eta interesik gabekoa» dela dio Rodriguezek eta hiri eder hau behar be-

zala ezagutzeko denbora behar dela. Agentzia hauek free tourrak, ordaindutako tourrak eta tour pribatuak eskaintzen dituzte. «Free tourren kasuan, turistak berak erabakitzen du zerbitzuaren prezioa bisitaren amaieran. Ordaindutako tourretan prezioa aldez aurretik ezarrita dago eta Pragako Gaztelua eta Malá Strana, Garagardoaren Tourra eta hiritik kanpoko beste tour bi antolatzen ditugu Terezin eta Kutna Hora Erdi Aroko hirietan», azaldu du Alfonsok. Bisita pribatuak aldez aurretik ordaindutako bisitak dira, talde edota norbanakoentzat.

19


PRAGA ematen ditu: horrela deskubritzen dira hiriaren funtsa eta Pragako bazter ez hain entzutetsuak, baita bertako biztanleen jatetxe gogokoenak, txekiar gastronomia tipikoa lantzen dutenak.

Juany Medina, lanean. Ondoko orrialdean, Hiri Zaharreko zubiaren dorrea. 1380koa da eta ekialdeko fatxadako gotiko estiloko dekorazioa Peter Parlerrena da.

20

Erraz ezagutu Praga bezalako hiri bat behar bezala ezagutzeko denbora eta bertako kaleetan galtzeko jarrera behar da. Hiriaren ikuspegi orokor bat izateko, hiru ordu inguruko free tour batekin hastea gomendatzen da, Pragako historian murgiltzeko. Juany Medina Rodríguez almeriarra da. Arte Ederretako lizentzia eta Arkeologian masterra duen 31 urteko neskak White Umbrella Tours agentzian egiten du lan eta ia urte bi daramatza Pragan, interneteko lan eskaintza topatu zuenetik. «Hiriko ateak irekiko dizkiguten hiru hitzak ahoj (kaixo/agur), děkuji (mila esker) eta pivo (garagardoa) dira», esaten die Juanyk turistei free tourra hasi baino lehen. Bisita hauek ez dira batere astunak edukiei dagokienez, eta Juany edo Alfonso bezalako gidekin feedbacka dago hasieratik amaierara. “Doako ibilbide” hauetan Antzinarotik Aro Garaikidera arteko bidaia historikoa egiten da, herri germaniarra, eslaviarrak, abaroak, Karlos IV.ak hiriari emandako hazkundea, Bohemiako Erregeen aroa, sobieten blokeoa… hori guztia ezagutuko du bisitariak hiriko eraikin nagusiak ikusiz, Hiri Zaharreko plazatik hasita eta Juduen Auzoa bezalako barrutiak ezagutuz, besteak beste. Gidak turismo masibotik ihes egiten duten gomendioak

Sabela betetzen Gastronomiari dagokionez, aipatu beharrik ez dago artisau erako garagardoa dela horretan Txekiar Errepublikako erregea. Jatetxe gehienetan plater bakarreko menua bazkaldu edo afaldu ohi dute txekiarrek, errazio handiak baitira. Eta gosegarririk hartzekotan sarritan gazta frijitua jaten dute bazkaldu baino lehen, garagardoak lagunduta. Bazkalorduan, oso estimatua da behi edota txerri okela saltsan kausera gaziekin, patatak, choucroute edo arrozarekin, esaterako. Txekiako gastronomiak Austria, Eslovakia, Polonia eta Alemaniako gastronomiaren eragin nabarmena du. Plater maitatuenak ehizakoak (ahateak, antzarak, patea...) eta edozein jatetxetan topa daitekeen gulash izeneko platerak dira: ogi biribil batean zerbitzatutako haragi gisatua; hotzari aurre egiteko primerako jakiak. Postreen artean, trdelník izenekoa (hartzitutako orearekin egina eta kiribil formakoa) hedatu da Hiri Zaharreko eta Malá Strana barrutiko inguru turistikoenetan. Txekiar Errepublikako postrea dela esan arren, jatorrizko errezeta Hungariakoa da berez, eta jatorrian ez zen ez esnegainarekin ez txokolatearekin zerbitzatzen, deus gabe edo eztiarekin baizik. Txekiako moneta koroa txekiarra da (koroa bat 0,039 euro dira). Horrek ordaintzeko orduan hainbat arazo sor ditzake, eta jatetxea merkea edo garestia den jakiteko ere garagardoen prezioei begiratu bat ematea aholkatzen du Juanyk. 0,5 litroko garagardoak 35-45 koroa balio badu, prezio onean dagoela esan nahi du (1,35-1,75 euro). Jatetxe baten aurrean buruhausteak ekiditeko gakoa da turista askorentzat. Behin hiriaren ikuspegi orokorra hartu dugunean, oso gomendagarria da ordainpeko tourrak egitea. Moldava ibaiaren beste aldera eramango gaitu PRG Tourseko Gaztelua eta Malá Strana ibilbideak. Hiri Zaharreko plazatik irten eta gutxira Karlos IV.aren zubia gurutzatuko dugu, eta beronen historia ezagutu ostean Malá Strana auzo xarmagarrira helduko gara. Ibilbideak Gaztelura doan tranbia-bidaia barne hartzen du eta berau bisitatzeko aukera ematen du, nahiz eta gaztelu osoa ikusteko aukerarik ez egon. Juany poz-pozik dabil gida lanean Pragan, bere lanaz egunero gozatuz: «Pragako gida turistikoa naiz eta lan duina da hau», aipatu du gida autonomoak. Alfonsok, ostera, bizitza nomadagoa dauka eta lanbide hau oso gustuko badu ere, ez ditu bestelako esperientziak alde batera utzi nahi. Latinoamerikara bidaiatu nahi luke eta, batek daki, egunen batean baita antzerki mundura itzuli ere. •


GIDA PRAKTIKOA Nola heldu AE izeneko aerobusa dago aireportuan. 60 koroaren truke (2,34 euro) hiriko tren geltoki nagusian utziko zaitu 30 minutuan.

Biztanleria 1.294.513 pertsona.

Moneta Txekiar koroa (koroa bat = 0,039 euro).

Hizkuntza Txekiera da bertako hizkuntza nagusia. Denda eta jatetxe gehienetan ingelesez komunikatzeko aukera badago ere, merkatu tradizionaletan nekez arituko dira txekiera ez den hizkuntza batean. Mugikorrean internet izanez gero, oso gomendagarria da itzulpenak egiteko aplikazioa izatea.

21


Britainiarren uztarpetik atera zirenean, Zimbabweko burdinbideak 600 tren makina eta 3.000 bagoi zituen. Gaur egun, Mugaberen lehendakaritza amaiezinaren ondoren, ehun bat tren makina eta beste horrenbeste bagoi besterik ez dira gelditzen. Afrika Beltzaren metafora dirudi herrialde eder eta txiro honen garraiobideen egoerak; ÂŤRovos RailÂť edo Victoria ur-jauzietaraino doan luxuzko trena, alde batetik; Bulawayoko burdinbide herrikoia, bestetik.

22


Zimbabwe BURDINBIDEEN METAFORA Testua: Marian Azkarate Argazkiak: Zinyange Auntony

23


ZIMBABWE Bulawayoko tren geltokia. Erreportajea irekitzen duten argazkietan, Cowdray Park herriko bidaiariak goizeko trenari itxaroten.

24

oizero eta oraindik erdi lo gerturatzen zaizkio trenbidetik oinez iristen diren bidaiariak. Seiak dira eta barrura sartzen hasi dira, hamalau bagoi lepo bete arte, Cowdray Park herrixkaren eta Bulawayo Zimbabweko bigarren hiriaren arteko 20 kilometro eskaseko bidea osatuko duen trenaren irteerari itxaroten. Azaroan jarri zen berriz martxan hain herrikoia den garraiobidea, hamahiru urteko geldialdiaren ostean. Garai batean Bulawayok bi burdinbide zituen; Hararen, herrialdeko hiriburuan, hiru zeuden, guztiak “Freedom train” izenpean. Baina Robert Mugabe lehendakariaren lau hamarkadako aginteak independentziak piztu zituen itxaropen guztiak erabat suntsitu

G

zituen denboraren eta batez ere ustelkeriaren poderioz. Afrika Beltzeko herrialdeentzat adibide izan zitekeen herrialdeak ezin izan zion independentziaren osteko lehen urteetan lortutako garapen egoerari eutsi, nazioarteko laguntzarik gabe, ustelkeriaren poderioz eta ekonomiaren liberalizazioaren erruz maldan behera joan zelako. 2017an Mugabe Gobernutik kendu eta lekukoa hartu zionak, Emmerson Mnangagwak, ez omen du hau konpontzeko giltzarik aurkitu –edo bilatu, Mugaberen ministroa ere izan baitzen azken urteetan–, joan den urtarrilean gasolinaren salneurriaren igoeraren aurka Zimbabwen izan ziren protestak bortitz itoarazi zituelako.


Hiperinflazioaz itota baitago baliabide naturaletan hain aberatsa den Afrikako herrialde hau. Baina, beti bezala, batzuk dirudunak dira; biztanleriaren gehiengoa, ordea, txiroa. Eta hori nola gerta daiteke? Ur-jauzi ederrak ditu (horien artean Victoria ur-jauziak, Zambiako mugan dagoen 108 metroko garaierako altxor zoragarria), natur parkeak (Hwange izenekoa da ikusgarriena; 14.651 kilometro ditu, Bulawayoren eta Victoria ur-jauzien artean dago), antzinako zibilizazioen hondarrak (XIV. mendean gokomere kulturak utzitako harresi ikusgarriak, esaterako), oihan tropikalak, ibaiak, aintzirak, Chimanimani mendi ederrak... 2000. urtean, bat-batean, turismoaren %75eko jaitsiera suer-

tatu zen. Lehen mailako helmuga izatetik, “kutsatutako” herrialde izatera pasa zen, muturreko egoera politiko eta ekonomikoaren erruz. Gaur egun, Zimbabwera gerturatzen diren turista ia gehienek Victoria ur-jauzia dute helmuga soilik, orokorrean ez baitira herrialdean murgiltzen... eta haraino oso bestelako trenbide bat iristen da, “Rovos rail” izenekoa, haren propagandari kasu eginez gero, munduan dagoen trenbiderik luxuzkoena. Hegoafrikako kostaldeko Durban hiritik ateratzen da eta, Hegoafrikako bi natur parketatik pasatu ondoren, Victoria urjauzietaraino iristen da. Guztira, hiru eguneko bidaia... ondo ordainduta. •

Berriz zabaldu den burdinbidean bidaia dolar erdira ateratzen da; autobusak bi dolar balio du, garestia da bertakoentzat.

25


Kurtzebarri DEBAGOIENEKO BALKOIA Testua eta argazkiak: Andoni Urbistondo

26


27


KURTZEBARRI

Aizkorri eta Elgea mendikate garaiek ezinezko egin dute zibilizazioa eta errepideak eremu basati haietan barneratzea, eta Gipuzkoa eta Araba arteko mugak pasabide edo lepo natural bakarra dauka: Arlaban. Handik gertu dago Zaraia mendilerroa, Elgea haize-errotaz zipriztindutako mendikate etzan eta biribilduaren mendebaldeko muturra. Zaraia zen, egun Kurutzebarri eta Elorreta Haitza izenak erabiltzen baitira ahoz aho. ÂŤKurtzebarriÂť, bertakoentzat, Araba eta Gaztelako Lautadatik Kantauriar isurialdera malkartsu jauzi egiten duen tontor harritsu ikusgarria. Debagoiena bailarako balkoia, harana baino 900 metro gorago.

28


ebagoiena eskualde aberatsa da biztanle kopuruan, industria indartsuan, baita mendi dotoreei dagokienez ere. Aizkorriko mendebaldeko ertza Oñati gainean altxatzen da, Aloñamendin; Arrasateko zeruan Udalatx erregea harro ikus daiteke, eta Aretxabaleta eta Eskoriatza gainean, Kurtzebarri menditzarra. Oso urrunetik nabaritzen den gurutze erraldoi bat du tontorrean, bailarako lur lauak baino 900 metro gorago. Bertakoek Kurtzebarri deitzen diote, eta bailaratik mendi handia da, baina ez Udalatx edo gertu dagoen Anboto bezain erpintsu edo piramidala.

D

Eskoriatzako Mendiola auzotik hasten den igoera bera ere ez da mendizaleak sobera erakartzeko modukoa. Tontorra Eskoriatza edo Aretxabaleta den… eztabaidagai serioa omen Debagoienean. Jakina, bakoitzak berea defendatzen du. Aretxabaletakoek bertako lurretan dagoela esango dizute, eta Eskoriatzakoek Mendiola herri horretako auzoa dela. Bertakoak ez garenontzat anekdota hutsean geratzen den eztabaida, zorionez… Mendiola auzora iritsi baino lehen gurutze antzeko bat daukan biribilgunea dago. Bertan utz daiteke autoa, baina 300 metro gorago aparkaleku hobea dago. Handik gora bidea pista batean barrena doa, tarteka pista

Handian, Gorbeia, Aldamin eta Lekanda zuri-zuri, eta, txikian, behiak pista batean barrena eta gizaseme bat, mendiko bizikleta lagun, Kargalekuko sakonunean. Erreportajea zabaltzen, mendizale bat Kurtzebarriko gailurrean.

29


KURTZEBARRI Urkulu urtegia, Kurtzebarriko balkoitik. Ondoan, goitik behera, Elorretako Haitza Kargaleku lepotik, Aitzorrotz erpina San Juan Txikia ermitatik eta Udalatxeko korta.

30

ezkerrera utzi eta mendi xenda batean gora joan badaiteke ere. Kurtzebarriko ipar horma izango dugu beti zaindari, gure ezkerretara. Azkar irabazten da 800 metroko langa, San Juan Txikia ermitaren parera iristearekin batera. Atean daukan gurutzeagatik ez balitz, zaila baseliza bat dela jakitea. Han geldialditxoa egitea komeni da, dena den, hegomendebalderantz dagoen Aitzorrotz erpina eta erpin gaineko ermita ikusteko. Itxuraz, eta urrunetik, San

Juan Txikia ermita baino askoz ederragoa. Ordu laurden eskasean, bideak lehenago aurkitu ezin izan duen arrakala aurkitzen du Elorreta eta Aranguren mendien artean, Zaraia mendikateko gainaldera iristeko. Apotza edo Kargaleku lepoan gaude, euriak euri azken egunetako elurra ia urtu gabe ondo mantendu duen ordeka itzaltsuan. Sakonune horretan bi aukera daude: Elorreta gailurraren azpitik zuzenean Kurtzebarri tontorreraino joatea edota mendi-lepotik


Elorreta gailurrera igotzea, tentuz ibiltzeko moduko lapiaz labirintoan barrena. Tentuz, harri zorroztu batzuk heze daudelako, eta lapiaz hautsian barrena ibiltzean beti jarri behar direlako bi begiak hurrengo pausoa nora eman erabaki aurretik. Elorreta harri eta arroka festa da. Laua den txoko bat bilatzea lantegi zaila da, baina zutik jarrita ere komeria gutxi 1.146 metroko behatoki horretatik sekulako ikuspegia dagoela jabetzeko: ekialdera Aizkorriko mendi-

gunea, Aralar, eta Baztango mendi zurituak. Hegora Elgeako mendilerroa, bere haize-orratz festarekin, lehen planoan, eta urrun, Errioxa eta Gaztelako mendiak, San Lorenzo, Urbion eta beste, zuri-zuri. Mendebaldera, Gorbeia eta Anboto, Bizkaiko erregeak, eta Udalatx piramidea. Iparrera, azkenik, Erlo, Ernio eta Gipuzkoak beste hainbat tontor, denak elurrik gabe. Amildegi beldurgarria Elorretatik Kurtzebarrira 10 minutu eskasean heltzen da. Bidean gero eta handiagoa egiten da Kurtzebarri tontorreko berunezko gurutzea. Kurtzebarrik 15-20 metroko hormatzarra du iparrerantz, eta gailurra iristeko itzulinguru txiki bat eman behar da, eskalatzen iaioa izan eta sokaren bat eraman ezean. Behin gailurrean, gurutzea ikaragarria da. Postontzian Debagoienean aski ezagun izan zen mendizale baten oroigarri polita dago: Felix Iùurrategi, 2000. urteko uztailean Gasherbrum II mendian amildu zen mendizale aretxabaletarra. Gurutzean plaka bat dago, esaldi honekin: Kurutze Berri, Kurutze ona, zabaldu izu gure errian pakea eta zoriona. 1928ko iraila. Bitxikeria moduan, gurutze erraldoi hori jarri zuten arte Kurtzebarri mendia Zaraia izenez ezagutzen zen, garaiko bibliografiak dioenez. Mendi honek amildegi ikusgarria du iparrerantz, Debagoieneko lur eta soroetarantz, eta jaitsierako bidea igotako toki beretik egiten bada ere, merezi du 510 minutuko txango erraza egitea, harkaitza erabat bertikal jartzen den tokiraino. Tentuz, noski, eta zer esanik ez belarra edota harriak bustita badaude. Kurtzebarriko ipar muturretik begien aurrean agertuko zaigun bista inoiz ahaztuko ez zaigun argazkia izango da: 1.100 metroko balkoitik, Debagoiena bailara osoa, eta gure azpian Urkulu urtegi ikusgarria. 1979an bukatu zituzten lanak, eta Debagoieneko biztanleak urez hornitzen ditu, euri eta mendiko errekastoen bitartez. Ia 800 metro goragotik ikusgarria da, eta han eta hemen Suitza Txikia edo Euskal Herriko Suitza deitu izan zaio. Batez ere, inguruneak zuri-zuri daudenean. Urkulu urtegia inguratzea posible da, zazpi kilometro eskaseko ibilbide eroso batekin. Eta Kurtzebarri menditzarraren ikuspegi dotorearekin. Hori bai, aintzat hartu bainua hartzea debekatuta dagoela. Atzera egin eta berriro Kurtzebarriko gailur azpitik pasatu ondoren, itzulerako bidea joanekoan egindakoa baina askoz ere samurragoa da, belardi eta elur multzo txikietan barrena, lapiaz ordokia beti ekialdera utziz. 20 minutuko tartean berriro Kargalekuko lepo azpira iritsiko gara, eta handik pista zatarra eta zibilizazioa, berehala. Oroitzapenen zakua opari ederrez beteta! •

GIDA PRAKTIKOA Kokapena Kurtzebarri eta Elorretako Haitza Zaraia mendikatean daude, Debagoiena bailarako hego-ekialdean. Aretxabaleta eta Eskoriatzako lurretan goititzen dira bi gailur horiek.

Nola iritsi Aretxabaleta herriko irteera hartu behar da Maltzagatik Gasteizera daraman autobidean. Aretxabaletako azken etxeetan, ezkerrerantz, Mendiola jartzen duen auzoaren seinalea dago. Bertara joan behar da, bi kilometrotan. Auzo hori baino 500 metro lehenago hasten da Kurtzebarriko igoera, biribilgune antzeko baten ondoan hasten den pista batean barrena. Autoa auzoan edota behin bidea hasita 300 bat metrora dagoen aparkalekuan utz daiteke.

Ezaugarriak Mendi harritsuak dira Elorretako Haitza eta Kurtzebarri, baina Kargaleku edo Apotzako lepora bitarte, ia bide guztia pista batean barrena egiten da. Lepo horretatik gora tentuz ibili behar da harri artean, batez ere irristakor badago, baina osterantzean bizpahiru orduko tartean zailtasunik gabe egin daitekeen txango polita da.

31


Suaren Lurraldeko fiordoak MUNDUAREN AZKEN MUGAN ITSASALDIA Testua eta argazkiak: Lucas Vallecillos


SUAREN LURRALDEKO FIORDOAK

Punta Arenasetik Ushuaiara, ÂŤVentus AustralisÂť itsasontzian. Ibilbideak Suaren Lurraldeko fiordoak zeharkatzen ditu, munduko esplorazioaren mugarri diren kokalekuetatik igaroz, hala nola Magallaes itsasartea edo Hornos lurmutur mitikoa; eta geralditxoak eginez fauna begiratzeko edo paraje gogoangarrietan trekking egiteko.

ure itsasaldia Punta Arenas hirian hasi dugu. Zerumuga zabalagoen peskizan abiatutako abenturazaleek sortu zuten hiria 1848ko abenduaren 18an. Magallaes itsasarte gogoangarriren hegoaldean, 53° latitudean kokatua, Brunswick penintsulan, Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko hiriburua da, 133.000 biztanleko populazioarekin. Komeni da itsasoratu aurretik pare bat egun lehenago iristea bertara, hiria bisitatzeko edo ibilaldi txikiren bat eginez baleak edo pinguino erregeak bistaratzeko. Ezinbesteko bisita horietako bat Magallaes Museo Erregionala da, bilduma arkeologiko, bibliografiko, etnografiko eta fotografiko garrantzitsuak

G


baititu, Patagonia inoiz zapaldu ez duen bidaiariarentzat atariko ezin hobea. Interes handikoa da, halaber, udal hilerria, askoren ustez Hego Amerikako ederrenetakoa, lorategi zoragarria marrazten duten altzifrez beterik gerizpea emanez bertako pertsonaia ezagunen mausoleo eta hilarri bitxiei, hala nola ardien hazkuntzako inperio handiarekin eraikitako fortuna itzelaren jabe izandako Jose Menendezenari. Punta Arenas erosketak egiteko lekua da, eremu franko bat dago bertan, hau da, zergarik gabeko produktuak eskuratu daitezke bertan, eta gailu elektrikoen prezioak, hala nola telefono eta ordenagailuenak, benetan erakargarriak dira bertan.

Eta azkenik, hiriko ahozko tradizioak dioen bezala, ezin zara handik joan Armas Muñoz Gamero plazan dagoen eskulturaren oina ukitu edo musukatu gabe. Aonikenk etniari eskainitako monumentua da. Ez dugu ahaztu behar munduaren mutur honetan duela 6.000 urte baino gehiagotik bizi izan zirela kaweshkar eta yamanas etnia itsastarrak, baita haush, selk nam eta aonikenk etniak ere, lehorreko ehiztari-biltzaileak. Lehenik, beren lurretatik kanporatuak izan ziren abeltzaintzako etxalde handiak altxatzeko (hemen estancia esaten diete) eta ondorenean, europarrek ekarri zituzten alkoholak eta gaixotasun berriek triskantzak egin zituzten herri aborigen horien artean. Azkenik, ehizatzeko lurrik ez zutenez, ganadua harrapatzen hasi ziren; eta beraiek izan ziren ehizatuak, ardi-haztegi handientzako mehatxua zirela-eta. Kasurik onenean, etxalde horietan lan egitera pasatu ziren, janari eta alkohol apur baten truke. Cristina Calderon hiltzen denean, bizirik den azken aborigena, yamana etniakoa, berarekin batera desagertuko da gizakiaren diruzalekeriak suntsitu duen unibertso magikoa.

Lerroon gainean, «Ventus» ontziko bidaiariak zodiak batean, Ainsworth badia esploratzeko prest. Munduaren azken mugaren paraje hauek ezagutzeko lehenengo geltokia da badia hau. Handian, Ushuaiako ikuspegia. Erreportajea zabaltzen, Ainsworth berriz ere eta Darwin mendilerroa aurrez aurre.

Abante kondairetako itsasoetara Magallaes eta Txileko Antartika eskualdeko hiriburuan bigarren eguna dudan honetan, zainak airean ditut. 20.00ak dira eta itsasoratzeko ordua da, munduko paraje apartatuenetako bat deskubritzea jomugan jarrita. Kapitainak eta eskifaiako kide guztiek ongietorria egin digute 206 bidaiariei, segurtasunari buruzko hitzaldi labur batekin, eta gero, xanpainarekin topa egin dugu. Tabernako leihotik, kopa esku artean dudala ikus dezaket nola galtzen diren urrunean Punta Arenaseko argiak ñirñirka ilunabarrean. “Ventus” itsasontzian gaude. Australis enpresak erabiltzen duen esplorazio ontzi moderno bat da, 2018ko urtarrilean hasi zena funtzionatzen. Bereziki diseinatuta dago Hego Ame35


SUAREN LURRALDEKO FIORDOAK Behean, Pia glaziarra, bidaia osoko ezusterik atseginena. Ondoko orrialdean, goitik behera, ubarroi bat (Phalacrocorax atriceps), bidaiariak Hornos lurmuturrean, hemen bizia galdu zuten marinelen omenez altxatutako monumentua atzean dutelarik, eta Stella Maris kapera.

rikako hegoaldeko muturreko kanaletan nabigatzeko. Bere ezaugarriek, luzera eta motorren indarrak maniobragarritasun handia ematen diote, hain fiordo eta kanal estuetan igarotzeko ezinbestekoa, eta hala, beste gurutzaontziek ezin duten lekuetan barneratzen da. Bost ordu igaro dira, eta hotz egiten badu ere, ontzi gainera igotzea erabaki dut. Gaua da, eta paisaia izugarri eder dago ilargi betearen argipean, eskuz marraztua dirudien zeru izartsuaren pean. Beagle kanalean ari gara nabigatzen, kondairazko uretan. Ur hauetan sekulako balentriak egin zituzten marinel ausart haiek bezala sentitzen ari naiz. Pauso irmo eta sendoarekin aurrera doa “Ventus” uhartez, kanalez eta fiordoez osatutako labirintoan, Alberto de Agostini parke nazionalaren inguruan. Egunsentian, ontzia Seno Almirantazgo zeharkatzen ari da, Magallaes itsasartearen adar ikusgarri bat, ia-

ia Suaren Lurraldearen erdiraino iristen dena. Kanalaren iparraldea itsas eremu babestuan dago, “Seno Almirantazgo” izen berekoan, Suaren Lurraldeko lehenbiziko babesgunean. Ontziaren hegoaldean gosaltzen ari naizela ezustean harrapatu nau Alberto de Agostini parke nazionaleko badia zabalak marrazten dituzten fiordo sakonen handitasunak. Munduaren azken mugaren paraje hau esploratzeko lehenengo geltokia Ainsworth badian daukagu. Darwin mendilerro dotoreak badia itxuratzen du: 600 glaziar arro baino gehiago ditu eta Sarmiento menditik mendebaldera hedatzen da, Magdalena kanalean, Bove mendiraino, eta badia izugarri edertzen duen mendigunea eratzen du, dena elurrez estalia. Hemen zodiakean lehorreratu gara, hiru orduko txangoa egiteko asmoz, eta eskualde honetako flora autoktonoarekin lehenengo kontaktua izan dugu. Baso


subantartiko deritzana nagusitzen da bertan. Andresek, gure gidak, azaldu digunez, ÂŤAndeetako baso patagonikoa ere esaten zaio, eta funtsean, hiru zuhaitz espeziek osatzen dute: lenga, Ăąire eta gingondoa. Espezie horiek guztiek zero azpiko 20 graduko tenperaturak ere jasaten dituzteÂť. Patagonian barrena itsas bidaia egitearen gauzarik erakargarrienetakoa fauna behatzeko aukera da. Horretarako lekurik onena Tuckers uharteak dira. Hango biztanle ezagunenak Magallaes pinguinoak dira. Tuckers ingurua erabiltzen dute habia egiteko, ugaltzeko eta kumeak hazteko. Beste hegazti espezie ugari ere inguratzen dira, hala nola ubarroi inperialak, arranoak eta skuas, chilena, caranca delakoak, baita noiz edo noiz Andeetako kondorra ere. Zorte pixka batekin, izurdeak eta itsas lehoiak ere ikus ditzakezu, diotenez. Baina duda gabe, ikusgarriena pinguinoen kolonia handia da, 4.000 aletik gorakoa. Ekosistema birjina da, eta hori zaintzeko, ezin gara zodiaketik jaitsi, baina bai pare bat metro hurbildu. Pinguino habiari darion kiratsa sumatzeaz gain, ekosisteman erabat murgiltzea bezalakoa izan da hain animalia bitxiaren eguneroko bizitza bertatik bertara behatzeko aukera hau. Ballenero kanaletik Hornos lurmuturrera Gaua egin da, eta Suaren Lurraldearen mendebaldeko muturraren inguruan nabigatuz goaz. Ballenero kanalean sartu gara. Robert Fitz Roy kapitainak bataiatu zuen izen horrekin, bertako biztanleek lapurtu eta inoiz berreskuratu ezin izan zuen baleontziagatik. Egunsentiarekin, Beagle kanaleko ur izoztuetan urratu du bere bidea ontziak, eta egunak aurrera egin ahala nabigazioa gero eta korapilatsuagoa egin da. Nire kabinako leihotik edertasun hunkigarriko paisaiari begiratzen diot, elur geruza batez estaliak daude Pia fiordoa marrazten duten mendiak. Ontzi gainera joan naiz arrapaladan, ikuskizunaz hobeto jabetzeko. Gure itsasontzia paraje apartatuetan dabil, izotzez estalitako uretan, eta gero eta ugariagoak dira izotz puskak. Bat-batean, Pia glaziar maiestatetsua begien bistara agertu zait, bidaia osoko ezustekorik atseginena. Haren irudia ezin sinistuzkoa da, itsasoaren gainean 100 metrotik gorako garaiera duen horma bat osatzen du, urtero 10 metro egiten duela atzera agerian uzten ez duelarik. Hemen lehorreratze ikusgarria egin dugu, zodiaka izotz horma horren paretik igaro baita. Oinak lurrean jartzean, bene-benetako plazera da glaziarra behatzea, argiak masa izoztu horretan duen islapenaren eta errefrakzioaren ondorioz eratzen diren beta urdinkara askotarikoekin. Atsegina da, halaber, izotz pusken erorketak bata bestearen atzetik gertatzen ikustea, eta hain zuzen ere, behatoki berezi batetik egiteko aukera izan dugu, bidexka estu batetik azkar


SUAREN LURRALDEKO FIORDOAK GIDA PRAKTIKOA Itsasaldia Itsasaldi hau ÂŤVentusÂť ontziak egiten du, Australis konpainiak kudeatzen du. Ibilbidea Punta Arenasen hasi eta Ushuaian amaitu daiteke, edo alderantziz. Joan-etorrikoa ere egin daiteke, eta ibilbidea antzekoa bada ere, ez da berdin-berdina. www.australis.com

Non lo egin Hotel plaza (Punta Arenas). Hotelplaza.cl 26 gela eroso eta zabal ditu, komun pribatuarekin, kable bidezko telebistarekin, wifi eta berogailu zentralarekin. Gosari amerikar primerakoa, eta informazio turistiko zabala. Leku ezin hobea da hiri erdialdea bisitatzeko edo Magallaes itsasartean paseatzeko.

Los Acebos (Ushuaia). www.losaceboshotel.com

Establezimendu modernoa da, bereziki sortua familian opor ahaztezinak disfrutatzeko. 61 gela eroso eta zabal ditu, Beagle kanalaren gaineko ikuspegi politarekin, paraje idiliko batean.

Hotel Rey Don Felipe (Punta Arenas). www.hotelreydonfelipe.com. Lau izarreko hotela. Aproposa izan daiteke

hirian gau bakar bat eman eta itsasoratu aurretik azken orduan konpondu beharreko guztiak lotzeko beharrezkoak direnak eskura eduki nahi dituzten bidaiarientzat.

Non jan El Viejo Marino. C/Maipu 227. Ushuaia. Tel. 029 01 15 47 19 11. Ushuaiako portuaren parean kokatutako jatetxea, itxura apalekoa. Txangurrua eta legatz beltza, bikainak. Txangurrua ezin freskoagoa, arrainontzietan dauzkate bizi-bizirik eta kozinatzeko unean bertan ateratzen dute uretatik. Goiz iritsi edo erreserbatu, gainezka egon ohi delako eta jendea zain. La Estancia jatetxea. C/Godoy 155. Ushuaia. Hiriko haragirik onena. Bene-benetako argentinar erako barbakoa egiteko paregabea, prezio arrazoizko batean. Jatun handiek ez diote muzin egingo "tenedor gratis" aukerari, hau da, nahi adina jan prezio finko baten truke. Bertakoek nahiz bidaiariek arkume errea estimatzen dute bereziki. Haragia oso samurra da eta saiheskiak ere oso ondo daude. Informazio gehiago http://chile.travel


asko iritsi gara hara, eta fiordoaren ikuspegi paregabea ere eskaintzen du. Handik ordu batzuetara, Beagle kanalaren mendebaldeko adarretik goazela, naturak zur eta lur utzi gaitu beste behin, Glaziarren Etorbidea delakoan. Bidaiari guztiak ontzi gainera igo gara paraje zoragarri hau ondo ikusteko, ipuin miragarri batetik aterea baitirudi. Glaziarrak bata bestearen atzetik, Europako herrialdeen izenak dituztelarik: Holanda, Italia, Alemania eta Frantzia... XIX. mendean eskualdeko aurreneko mapak marraztu zituzten esploratzaileen nazionalitateen omenez. Gauean Murray kanal meharra eta Nassau badia zeharkatu ostean, ontzia gelditu eta aingura bota dugu. Gaurkoa da bidaiako egunik irrikatuena, ea bete dezakedan nire ametsa: Hornos lurmuturra zapaldu. 425 metroko harri muinoa da, Drake pasabide katramilatsuaren paisaia zelatatzen duena, eta 1616an deskubritu zuen itsas espedizio holandar batek. Klimatologia muturrekoa da hemen eta bisita bertan behera utzi ohi dute eguraldi txarragatik. Azkenean, goizeko bostetan kapitainak megafoniaz iragarri digu lehorreratzera goazela: «Baldintza klimatologikoak aldekoak ditugu. Prestatu zaitezte goizeko seietan lehorreratzeko». Hornos lurmuturrean oina jartzea munduaren azken muga dastatzea da. Iritsiaz batera, itsasargiaren zaindariak ongietorria egin digu. Bisitak urriak izan ohi dira, eta zera esan digu, irribarretsu: «Ondo tratatu behar ditugu, ez dira itzuliko, bestela». Txileko itsas armadak itsasargi egonkor bat dauka uhartean, eta ma-

rinako ofizial bat bere familiarekin bizi da bertan. Urtetik urtera txandakatzen doaz. Itsasargia ez ezik, Stella Maris kapera ere nabarmentzekoa da. Egurrezko eraikin erlijioso txikia, benetan hunkigarria. Hemen bizia galdu zuten marinelen omenezko monumentu bat ere badago, ezin ahaztu planetako itsasorik basatienetako bat dela honakoa. Altzairuzko plaka handi batean moztutako albatros baten silueta da, inguruotako itsas mitologiari keinu eginez. Kondairak dio marinel bat Hornos lurmuturra zeharkatuz hiltzen bada, bere arimak albatros batean gorpuzturik hegan egingo duela betierekotasunez. Wulaia badia, Navarino uhartean, munduaren amaiera zeharkatzen duen itsasaldi honen azken geltokia da. Lehorreratu egin gara, eta txango bat egin dugu, baso subantartikoko paisaia polit bat igarotzen duen xendra batetik, badia osoaren gaineko ikuspegi panoramiko itzela eskaintzen duen leku batera iritsi arte. Moilaren ondoan, Australis enpresak irrati estazio zahar bat birmoldatu du eta informazio puntua jarri dute, yamana herriari buruzko azalpenak emateko, haiek baitziren uhartean bizi zen talde etnikoa. Ushuaia hiria, Beagle kanalean kokatua eta Martial mendilerroaren magalean, Txilen hasi eta Argentinan amaitu den bidaia honen azken puntua da. Suaren Lurraldeko hiririk garrantzitsuenetakoa da, 65.000 biztanle ingurukoa, 1884ko urriaren 12an sortua. Eta bi museo interesgarri ditu: Itsas Museoa, espetxe zahar batean kokatua, eta Munduaren Amaiera izenekoa. •

Lerroon gainean, «Ventus» ontzia Pia badian amarratuta. Ezkerreko irudian, Navarino uhartean kokatutako Wulaia badia.

39


Gibraltar INGALATERRA MEDITERRANEOAN Testua: Urtzi Urrutikoetxea Argazkiak: Urtzi Urrutikoetxea eta Gibraltarreko Turismo saila


GIBRALTAR

Tuterak, Angeluk edo Leioak beste biztanle ditu, baina askoz ospetsuagoa da, antzeko lur eremu txikia izanda ere. Estatu espainolak daukan obsesio handietako bat da Gibraltar. Hiru mende baino gehiago daramatza britainiar izaten, Mediterraneoko hainbat lekutako herritarren nahaste bitxia da haren biztanleria, eta ingelesa eta Cadiz inguruko espainiera tartekatzen dituzte. Gehitu horri ondare historikoa, kokagune berezia, Andaluziako eta Ingalaterrako arkitekturen batasun bitxia eta, zelan ez, tximinoak libre bizi diren Europako leku bakarra izatea. Cadiz zein Malaga aldean oporretan egonda, bizkor bisitatu daitekeen oso leku interesgarria da Gibraltar.


Handian, Gorham’s Cave. Itsas mailan dago, eta Europako neanderthal eta lehen gizakien populazio gune zaharrenetako baten berri ematen du. Lerroon ondoan, goitik behera, Erresuma Batuko leloa (frantsesez), Gobernuko egoitzaren gainean; Gibraltarko harkaitzaren gaineko tximinoa; eta Reenacment antzezpena. Giltzen zeremonia urtean behin egiten du Royal Gibraltar Regiment-ek, baina larunbatero antzezpena egiten dute. Erreportajea zabaltzen, Gibraltarko haitza hiriaren ekialdeko hondartzatik ikusita.

editerraneo itsasoak eta Ozeanoa Atlantikoak bat egiten duten gune zehatzean oso kokagune berezia dauka Gibraltarrek. Esan izan da britainiar inperioa, aurretik espainiarra edo frantsesa ez bezala, ez zela hainbeste lur eremu zabalen konkistan oinarritu –azkenean hala izan zen arren, India edo Afrika ekialdea adibide– ozeanoen eta itsasoaren kontrolean baizik. Horretarako, nabigaziorako gune geografiko estrategikoak bereganatu zituen, mundu osoko merkataritza ere ahalbidetu ziotenak. Gibraltar da gune horietako bat, Mediterraneo itsasoak eta Ozeano Atlantikoak bat egiten duten lekuan, Europa amaitu eta Afrika parez pare ageri den gunean. Funtsean, harkaitz handi bat izan da historikoki Gibraltar, haren magalean herri txiki bat zeukala. Duela hamarkada batzuk arte, interesgune gutxiko udalerri txikia zen, militar britainiarrek baino bisitatzen ez zutena. Egun, hainbat gune interesgarri eta ekintza antolatzen dira urte osoan zehar. Harkaitzaren bisitak, lorategiek edo Main Street edo kale nagusiaren inguruko saltokiek eta jaialdiek edozein bisitari txunditzen dituzte. Muga igaro eta lehendabizi ikusiko duguna aireportua da, kontinentera lotzen duen istmoan eraiki baitzuten. Dozena erdi hegaldi hartu ohi ditu gehienez egunean, eta ikuskizun bitxia izaten da, trafikoa eten behar baita hegazkinak lur hartu bitartean. Eta gero, inpresioa ere egiten du aireportuaren erditik gidatu beharrak. Askok autoa mugaren beste aldean uzten dute; autobusa bertaraino iristen baita. Garai batean oso ohikok ziren ordu luzetako autoilarak mugan, Espainiako Gobernuak Gibraltar zigortzeko modu bezala. Badira lauzpabost urte halako kontrol zorrotzik egiten ez dela, eta hirira sartzeko edo handik irteteko ilarak egotea normala bada ere, minutu gutxi batzuk izaten dira. Oso hiri txikia da, eta

M


GIBRALTAR St. Michael’s Cave haitzuloaren estalaktitak sabai koloretsuan. Gibraltarren 150 haitzulo baino gehiago daude, eta hau da bisitatuena.

44

oinez irits liteke leku gehienetara, aparkatzeko arazoak egon ohi dira jaiegunetan gainera. Autoa ekarriz gero, Gibraltarren bertan bete ohi du jendeak depositua, gasolina merke-merkea baita. Gotorleku militarra Jarraian, berehala nabari da aldaketa: zebra-bideak, semaforoak, zaborrontziak, denak dirudi Ingalaterratik ekarrita (baina guk bezala eskuinetik gidatzen dute). Hiriaren nortasun eta iragan militarra ere agerikoa da, bastioi eta gotorleku sendoak bidearen ertzean ageri baitira, egun kulturgune bihurtuta euretako batzuk. Baina hiriak oso presente dauka setiatuta dagoela. Azkenekoz, 1969an itxi zuen Fran-

cok muga, eta Andaluzian zituzten senideekiko komunikazioak eten zizkieten Espainia Europar Batasunean sartu zen arte. Horregatik, hiriko sarreran egiten da gibraltartarren ekimen berezienetakoa: Giltzen zeremonia. 1779tik 1783ra arteko setioan, Elliot gobernadoreak aldean zeramatzan beti hiriko giltzak, Iparraldeko harresiko atea ixten zuen portuko sarjentuari baino ez zizkion uzten. Orain ere urtero egiten dute zeremonia: gobernadoreak Royal Gibraltar Regiment-eko ordezkari bati ematen dizkio giltzak. Turismora begira, zeremoniaren antzezpena larunbatetan egiten dute boluntarioek. Muinoan gora begira, berriz, gaztelu moriskoa ageri


da. 1160an eraiki zuten, eta Gibraltarren musulmanek zazpi mendez izandako agintea gogorarazten du, 1462an Gaztelak konkistatu zuen arte (bertakoek gogora dakartenez, denbora luzeagoa darama britainiar izaten, hiru mende dagoeneko, Espainia edo Gaztelaren menpe bi mende eta erdi egon baitzen). Gazteluaren barneko hormek haitzean eraikitako lehen hiriaren arrastoak daude, hala nola meskita edo bainu moriskoak. Muinoaren eta gotorlekuen artean hiriko kale nagusiak daude, Main Street bera, esaterako, pub eta saltoki dotore eta ez hain dotoreekin. Udaletxea, Parlamentua eta turismo bulegoa biltzen dituen plazari, piazza esaten diote, gibraltartar askoren jatorri italiar

eta maltarra gogoan. Aldamenean, hiriko sinagoga garrantzitsua ere badago, eta haren inguruan Irish Town izeneko etxalde koloretsua. Eta errepidearen beste aldean, Gibraltargo museoa atzean utzita, Commonwealth Park dator. Main Street-etik jarraituta, Saint Mary eta Holy Trinity katedralak eta jarraian, eliza anglikanoa, gobernadorearen egoitza eta Gobernuaren etxe, zoruan hiriko giltzak eta atarian kanoiak dituela. Pub ingelesak, jatetxe koxer-ak, marokoar jantokiak, denak metro gutxiren inguruan daude. Gibraltarreko makakoak Oinezkoen kalea pixka bat aurrerago amaitzen da, Trafalgar Road-eko harresian. Hegoaldeko bastioia gaz-

Goitik behera eta ezkerretik eskuinera, Casemates square edo plaza; mugaren beste aldean dagoen La Lineatik ikuspegi ederra; Moorish Castle edo Gaztelu moriskoa eta kale nagusian auto zahar bat, Gobernadorearen egoitzaren parean.

45


Duela urte pare bat erreserba naturalean irekitako Windsor zubi esekitik bista ikusgarria dago. Behean, airetiko irudian ikusten dira Gibraltarren dimentsioak: aireportua istmoan bertan eraikia, itsaso zati baten gainean. Hortik atzekoa da Gibraltar, lehen planoan Espainiaren menpeko La Linea; eta gero Afrika, itsasoaz bestaldean. Ondoko orrialdean, egun nazionala, irailaren 11.


GIBRALTAR

telarrek eraiki zuten, eta britainiarrek indartu. Alde baten, telefono-kabina gorri tradizional bat dago. Beste aldean berriz, Trafalgar hilerri txikia. Eta aurreraxeago, teleferikora iristen gara. Izan ere, Gibraltarrek biztanle ezagunik badu, Berberiako makakoak dira. Gibraltartarrek esan ohi dutenez, tximuak dauden bitartean, Espainiak ez du Gibraltar menperatuko. Eta asko daude, hirurehun baino gehiago. Teleferiko bat Apes’ Den edo Tximinoen gordelekuraino eta Harkaitzaren tontorreraino igotzen da. Afrikan dute jatorria primateek, egun Maroko eta Aljerian diren Atlas mendietan, baina Gibraltarren sartu zituzten eta bizileku gisa hartu zuten harkaitza. Kontuz ibiliz gero ez dago zertan arriskurik izan, baina adi ibili behar da janariarekin, guztiz debekatuta dago tximuei jaten ematea. Batek baino gehiagok izan ditu istripuak argazkiak hurbilegi egin nahi izanda edo janariarekin erdi-jolasean ibilita, azkenean basapiztiak baitira, eta haginka egiteko arriskua dagoelako. Gibraltarko harkaitzaren tontorra 425 metrora dago, eta 1890ean eraikitako gotorleku militarra dauka. Egun bisitatu egin daiteke, eskailera luzeetatik igota edo, gehienek egiten duten legez, teleferikoz. Ia lekurik ez daukan udalerria izan arren, teleferikoan jaitsita ezkerretara lorategi botanikoa oasi paregabea da erdialdeko zurrunbilotik aldentzeko. Inguruko jolas-parkean gibraltartar familia asko etorri ohi

dira umeekin. Eta aurrerago joanda, kito Gibraltar: Europa Point edo Punta Europara iritsi gara. Lurmutur ikusgarria da, nahiz eta ez den Europan hegoalderen dagoen lekua. Horretarako Andaluzian hurbil dagoen beste norabait joan behar da, Algecirasko badia gaindituta: Tarifara, hain zuzen ere. Edozelan ere, Gibraltarreko Europa Point-etik Afrika iparraldeko kostaldeko eta mendien ikuspegi bikaina dago. 1840an eraikitako itsasargia ere hor dago, kanpotik zuriz eta gorriz margotuta. Harkaitza kareharrizkoa izanik, Gibraltar guztia haitzuloz beteta dago, egia esan. Horietako bat, Unescok munduko ondare izendatu zuen 2016, itsasoaren mailan dagoen Gorham Cave. Lekua babesteko bisitari kuota bat dago ezarrita, baina badago interpretazio zentrora joatea eta plataformatik behatzea. Mendian aurrera, berriz, St Michael’s Cave haitzuloa dago. Sarreratik 75 metro egiten du beherantz hainbat sargune eta ganberatan, eta Cathedral Cave haitzuloan musika-kontzertuak eta bestelako ikuskizun ikusgarriak egiten dituzte. 12 kilometroko kosta lerroa dauka berez dozena erdi kilometro koadroko azalera ez daukan hirian. Eastern Beach eta Catalan Bay-n hareazko hondartzak daude harkaitzaren atzean, Gibraltarren ekialdean, eta arraina eta itsaskia jan daitekeen jatetxeak dituzte (hiria berriz, harkaitzaren mendebaldera dago). •

GIDA PRAKTIKOA Nola heldu Euskal Herritik mila kilometrora dago Gibraltar. Hiriak aireportua badu ere, Erresuma Batuko eta Marokoko hegaldiak baino ez ditu hartzen. Malaga eta Jerez Andaluziako hiriak ordu eta erdi ingurura daude autoz, eta konexio zuzenak dituzte Loiuko aireportuarekin.

Ostatua Badaude hotel eta ostatu batzuk, baina ez dira asko eta horregatik garesti samarrak dira. Cadiz eta Malagan ostatu hartuta dauden turistak izan ohi dira bisitari gehienak.

Dirua Libera esterlina da bertako diru ofiziala, baina euroa ere onartzen dute leku gehienetan, nahiz eta trukea ez den beti oso ona izaten. Liberarik izan ezean, kreditu txartelarekin ordaintzea da onena.


Al-Khayamiya GALTZEAR DEN ARTEAREN KALEZULOA Testua: Marian Azkarate Argazkiak: Mohamed El-Shahed

Khayamiya artea, hau da, eskuz jositako tapiz koloretsuen artisautza, karabana ibiltarien garaietatik dator, basamortuko eguzki kartsutik babesteko altxatu ohi ziren denda (khayma, arabieraz) handietatik hartu baitzuten izena. Egiptoko hiriburuko Al-Khayamiya kaleari ere hortik datorkio izena, bertan biltzen baitira antzinako lanbide honetan aritzen diren azken artisauak.


AL-KHAYAMIYA airoko ekialdean altxatzen den XI. mendeko ate zaharretik gertu, antzina Bab Zouweila deituriko atetik alegia, sartu gara Al-Khayamiya kalera. Lehen, turistez lepo zegoen; gaur egun irudi hori ez da ohikoa. 2011ko errebolta herrikoiaren ondoren sortu zen ezegonkortasun egoerak, bai politikan bai segurtasunean, Egiptoko ekonomian erabateko eragina zuen turismo arloa suntsitu zuen ia errotik. Orain, Gobernua bisitarien datuak suspertzeko egiten ari den lanari esker, pixkanaka gauzak aldatzen ari dira, baina halere 2017ko datuak (8,3 milioi bisitari) 2010ekoetatik urruti daude (14,7 milioi). 2018koak ez dituzte jakinarazi oraindik, baina Egiptoko turismo agentzien elkartearen arabera, bisitarien kopurua %40 handiago izan zen aurreko urtearekin alderatuz. Aurten, iturri horien arabera, antzeko joera sumatzen da. Beranduegi izango al da khayamiya artea lantzen duten azken artisauentzat? Tamalez, badirudi baietz. Datu bat besterik ez, ez baita erraza zehazki jakitea zenbat artisauk dirauten lanean: 80ko hamarkadan Al-Khayamiyan 60 bat denda aurki genezake; 2011n, 20. Eta joera hortik doa, eta ez soilik turisten desagerpenaren erruz; belaunaldi berriek ez dute lanbide hau gustuko. Mohsen Chaabanek –bezeroentzat, Mohsen Khayami– 68 urte ditu eta bere dendan aurkitu dugu, hankak gurutzatuta kotoizko oihal bat josten ari dela, harrotasunez erakusten dizkigun lanez inguratuta. «8 urterekin hasi nintzen, baina urteak behar izan ditut lanbidea ikasteko. Gazteek ez dute pazientziarik hainbeste denbora behar duen lanbide bat menderatzeko». Karabanetan sortu eta fatimitarren dinastian (X-XII. mendeak) indarra hartu zuen khayamiya arteak. Gaur egun ezkontza, hileta eta erlijioarekin lotutako ospakizunetan erabiltzen da dekorazio objektu bezala, esaterako, ramadanean edo Mqawlin festan, hau da, Muhammad profetaren urtebetetzean. Arabeskoak, faraoien estiloko irudiak, atsotitzak edo Koranetik hartutako esaldiak josten dituzte egunerokoan poltsa, kuxin edo ohegaineko bezala erabiltzen diren lan hauetan. Chaabanek, esaterako, haurrentzat Joharen ipuinak josten ditu bere oihaletan. Arabiar kulturako pertsonaia ospetsu eta barregarri honek bere astotxoarekin bizi dituen abenturak modu koloretsu batean ikus ditzakegu han eta hemen, dendako apaletatik zintzilikaturik. 31 urte ditu Abdallah Fathik. Dendan dago, lanean buru-belarri. 15 urterekin hasi zen jostun eta, aipatzen digunez, egun osoa eman dezake zati txiki bat josten. Pieza handi bat egiteko, hilabete inguru beharko du. Fathik ez du hau uzteko asmorik. Bera bezalako artisauek eta bisitarien igoerak bermatuko al dute arte zahar honen etorkizuna? •

K

Erreportajea irekitzen duen argazkian, AlKhayamiya kalearen ikuspegia Bab Zouweila atea parez pare duelarik.

50


Khayamiya arte zaharra lantzen duten artisauen kopurua nabarmen jaitsi da.

51


proposamen tematikoa

EMAKUMEON AGINDUETARA Sumatra uhartera edo Txinako Yunnan eskualdearen bihotzera bidaiatzea proposatzen dizuegu Martxoaren 8ko itzala aprobetxatuz. Beste gizarte batzuk ezagut ditzakegu, egiaztatzeko, generoei dagokionez bederen, egon badaudela beste mota batzuetako bizimodu berdintsuagoak... eta aspaldikoak, gainera. Testua: Marian Azkarate

Argazkiak: Getty images

Khasi, Jaintia eta Garo komunitateak (India) Hiru komunitate hauek Mawlynnong herrian bizi dira, Indiako ipar-ekialdean kokatutako Meghalaya estatuan. Hiruretan ama-lerroko sistema dago indarrean eta, hori dela eta, India osoan baino egoera hobean daude bertako emakumeak. Ohituren ardatz nagusia jaraunspenean datza; alaba txikiaren esku gelditzen da –amaren etxean geldituko da bizitzen ere– eta familiaren jabetzen administratzaile bihurtuko da. Semeek ez dute ezer jasotzen, baina arazoak izango balituzte arrebek lagundu beharko liekete.

52


Wodaabe tribua (Nigeria) Afrikan gelditzen diren tribu nomadetako bat da Woaabe izenekoa, Nigeria iparraldean bizi dena. Dibortzioa onartuta dago eta hitzartutako ezkontzen ohiturak bere horretan dirauen arren –jaiotzen denetik wodaabe neska edo mutil bat gurasoek hautatutako gizon edo emakumeari dagokio–, berezitasun garrantzitsu bat du; edozein unetan banandu daitezkeelako eta berriz ezkondu, emakumearentzat inolako eraginik izan gabe. Wodaabe kulturan agintea emakumeen eskuetan dago... amodio kontuetan behintzat, gizonak, yaake dantzaren bitartez, nesken arreta lortzen saiatzen baitira. 53


proposamen tematikoa Mosuo kultura (Tibet eta Txina artean) Egungo gizarte matriarkalik ezagunena Lugu aintziraren inguruan bizi da. Etxearen jabetza amaren esku dago eta emakumeak dira familiaren ekonomiaren eta seme-alaben ardura dutenak. Horiek, gainera, amaren abizenak daramatzate. Erabaki politikoak gizonen esku daude, dena den. Mosuo emakumeek ez dute ezkontza kontzeptua onartzen, “amodio bisitaldiak� egiten dituztelako soilik. Hau da, maitaleak ez dira teilatu beraren azpian bizi eta aitatasunak ez du garrantzirik. Amaren etxean bizi dira gizonak.

Akan taldea (Ghana) Afrika mendebaldeko herrialde honetako talde etniko nagusia da Akan izenekoa. Klanen fundatzaileak emakumeak dira, baina lidergoa gizonen gain dago. Hori bai, bere etxea babestu beharko du, baita bere senitartekoak, emakumeak barne, noski. Dena den, uste baino botere, aberastasun, sona eta independentzia gehiago dute akan emakumeek. Isilpeko ginokrazia edo matriarkatua deitzen zaio kultura honetako emakumeen egoerari.

54


Minangkabau gizartea (Sumatra) Sinesgaitza dirudien arren, gizarte matriarkal hau inguru islamiko baten erdian mantendu ahal izan da. Uhartearen mendebaldeko lau milioi lagun inguru emakumearen izena duen leinukoak dira eta sexu bien arteko berdintasuna beraien sen propioa da. Oinordetza emakumeei dagokie, errespetuaren seinale, beraiek baitute Adat-a (ohitura zaharrak) belaunaldiz belaunaldi zabaltzeko ardura. Hilero Bundo Kanduang edo herriko buruzagiarekin elkartzen dira, emakumea noski, komunitatea osatzen duten familien arteko elkarkidetasuna bermatzeko. 55


HITZORDUAK BRASIL, CABO VERDE ETA BELGIKA Martxoak 1-9 (Rio de Janeiro), 1-10 (Mindelo) eta 3-6 (Binche). Mundu zabalean ospatzen diren inauteri desberdinetatik hiru hauek aukeratu ditugu, bakoitzak berezko sen berezia duelako. Rio de Janeirokoak ez du aurkezpenik behar eta Cabo Verdeko Mindelo kostaldeko hirikoa edozein inauteri brasildarrekin alderatu daiteke. Cesaria Evora handiaren esanei jarraiturik, «Mindelo e um Brazilim» (Mindelo Brasil txiki bat da). Kanpotar gutxiago aurkituko ditugu eta mandinga taldeen «Mardi Grass» ikusgarria omen da. Belgikako hegoaldeko Binche hirikoa guztiz desberdina da; Unescok ondare historiko-artistiko izendatu du. www.carnavales-brasil.com, carnavaldebinche.be, www.mindelocaboverde.com

56

VALENTZIA (ESTATU ESPAINOLA)

LONDRES (INGALATERRA)

Martxoaren 1etik 19ra Zarata, sua eta jaia maite dute valentziarrek. Berdin zaie ezkontza, bataioa edo urtebetetze bat ospatzen ari diren; petardoak eta suak erruz jaurtitzen dituzte. Zenbat eta bolbora gehiago, hobe. Hau dela eta, fallak edo «falle», katalanez, zaratatsuak eta ikusgarriak suertatzen dira. Ezin huts egin honako hitzorduetan: egunero, eguerdiko 14:00etan, hiriko udaletxeko plazan egiten den «mascletà» ikuskizuna; martxoaren 16ko «plantà», hau da, fallak jartzen diren eguna; eta «cremà», 19ko gauean. www.visitvalencia.com

Martxoaren 28tik 31ra 20.000 lagun bildu zituen iaz London Coffee Festival-ek, hau da, kafea maite dutenen hitzordu bereziak. Brack Lane-ko Old Truman Brewery-n ospatuko da (Hanbury 15etik sarrera) eta, kafe finenak dastatzeko aukeraz aparte, edari kitzikagarri honetako maisuen ikasgai magistralak zuzenean jarraitu ahal izango dira. Jaialdi hau munduko beste hiri batzuetan ere ospatzen da: Amsterdam (martxoaren 1etik 3ra), New York (urriaren 11tik 13ra), Los Angeles (azaroaren 8tik 10era), Milan (azaroaren 30etik abenduaren 2ra) eta Lurmutur Hiria (oraindik ez du datarik). www.londoncoffeefestival.com


ErakusketaK BANSKY-REN BIHURRIKERIAK Alemaniako hegoaldeko Baden-Baden hiriko Frieder Burda museoan dago ikusgai martxoaren 3a arte Banskyren “Love is in the Bin” lana; hau da, gogoratuko duzuenez, joan den urrian Sotheby’s enkantean zuzenean eta nahita ia hondatu zuen grafitia. Martxoaren 7tik aurrera Stuttgarteko Staatsgalerie Museum-en izango da ikusgai. www.museum-frieder-burda.de eta

ARGAZKILARI BATEN GERRAK

www.staatsgalerie.de

VASARELY GOITIK BEHERA Pariseko Pompidou zentroan maiatzaren 6ra arte ikusgai egongo den Victor Vasarelyri (Pecs, Hungaria, 1906-Paris, Estatu frantsesa 1997) buruzko atzera begirakoa galdu ezin den horietakoa da. Arte optikoa edo Op Art mugimenduaren “aitatzat” hartzen denaren ibilbidea ikus daiteke aurrez aurre, bildu diren 300 bat artelan, objektu eta idatziei esker.

Fotokazetaritza eta, oro har, argazkilaritza gogokoa baduzue, Londreseko Tate Modern museoko erakusketa honek zuen interesa piztuko du. Don McCullin (1935) argazkilari britainiarrak azken 60 urteetan egin dituen lanak bildu dituzte, bertan gerrako irudi ikonikoak daudelarik, Vietnam eta Ipar Irlandako gatazketan ateratakoak, baita azken urteetan Sirian egindakoak ere. Era berean, Ingalaterran egin duen lana ere ikus daiteke, East End-eko langileen eta kalean bizi direnen irudiak jaso baititu azken urteetan. Ingalaterrako lehenengo gerrako argazkilaria izan da McCullin. www.tate.org.uk

EMOZIOEN UNIBERTSOA Zirrarez blaituko du ikuslea Bartzelonako CaixaForumen maiatzera arte izango den “Emozioaren poetikak” erakusketak. Joan Miro, Bill Viola, Pipilotti Rist edo Esther Ferrer bezalako artisten lanak elkarren artean “hizketan” jarri dituzte. Zer helbururekin? «Arte garaikideak hunkitzeko duen ahala erakutsi nahi dut, ez baita hain arrazionala edo politikoa», Erika Goyarrola komisarioaren hitzetan. www.caixaforum.es

www.centrepompidou.fr

REMBRANDT-EN URTEA Aurtengo erakusketa nagusia zabaldu berri du Amsterdameko Rijksmuseum museoak, 350 urte betetzen baitira aurten margolaria hil zenetik. 2019a “Rembrandt Urtea” izendatu denez, ekainaren 10era arte “All the Rembrandts” erakusketa atondu dute, 22 margolan, 60 marrazki eta bere bildumatik aukeratutako 300 objekturen bidez. www.rijksmuseum.nl 57


liburuen TXokoA

BAZTANGO BASERRIAK MENDE BATEN ARGAZKI ALBUMA

Etxezarra, Baztan 1912-2012 Pedro de Madrid - Jose Luis Larrion Analecta argitaletxea, 2018 Euskaraz eta gazteleraz 189 orrialde. 22 euro

edro de Madrid Lekarozko fraide kaputxinoak 1912ko udaberrian Baztango 23 baserri-etxeri argazkiak atera zizkien. “Echezarra” izendatu zuen bilduma hark zenbait sari eskuratu zituen. Ehun urte beranduago, 2012an, Jose Luis Larrion argazkilari profesionalak baserri-etxe berei argazkiak atera dizkie, etxe haien eta oraingoen artean dauden berdintasunak eta ezberdintasunak erakusteko. Hartara, irudiaren bidez bilakaera erakutsi nahi izan du eta, orobat, ibarrean gertaturiko aldaketa sozioekonomikoetako batzuk. Itxura dotoreko argazki hau asmo horren isla da. Testuen egileak, bestalde, Jose Javier Azanza eta Roberto San Martin dira. Pedro Madrilgoa kaputxinoaren bizitza eta lana ikertu dituzte –komentua utzi ondoren, apaiz izaten jarraitu zuen arren, argazki-estudio bat ireki zuen Madrilen eta erretratu artistikoan espezializatu zen– eta Nafarroako ibarrik entzutetsuenetako batean mende batean gertatu diren aldaketak aztertu dituzte, era berean.

P


PERUN KOKATUTAKO NOBELA BELTZA

NATURARA HURBILDUZ MODU ERABATEKOAN

Lehenengoa “Sangre de barro” izan zen; gero “Sangre intocable” eta orain trilogiari itxiera eman dion “Sangre entre la hierba” nobela. Maribel Medina nafarrak genero beltza jorratzen du, baina berezitasun batekin; emakumeen egoeraren inguruko gaurkotasunari lotutako gaiak ditu gustuko. Oraingoan ama izan berri den Laura Terraux forentsea eta Thomas Connors Interpoleko agentea –biak trilogiako protagonistak– Perura bidaiatuko dute, La Rinconada izeneko herri galdu batera, emakumeen salerosketa kasu bat ikertzera.

Charles Fosterrek (Ingalaterra, 1962) abere bat izatea zer den jakin nahi zuen; azkonarra, igaraba, oreina... Baina benetako esperientzia izan nahi zuen. Horregatik sei astean azkonar baten modura bizi izan zen, zulo zikin batean lo egiten eta zizareak jaten; baita Londreseko lorategi batean zakarretan arakatzen orduak emanez azeri hiritar bat legez... Naturalista sutsu honek dioenez, abere batek mundu berezi bat du burmuinean eta mundu propio horretan bizi da. 2017an frantsesez kaleratu zuten “Dans la peu d’un bête” izenburupean.

Sangre entre la hierba Maribel Medina Ediciones Maeva, 2016 304 orrialde. 19,00 euro

MENDIA ETA AMODIOA 8.586 METRORA Istorio honen hasiera eta bukaera toki zehatz batean kokatzen da; Kangchenjungan, munduko hirugarren mendirik garaienean. Eskalatzeko zailenetarikoa ere bada. 2009. urtean Nives Meroi italiarrak 14 zortzimilako egingo dituen lehen emakumea izan nahi du. Baina Edurne Pasaban eta Gerlinde Kaltenbrunnerek asmo bera dute. Nives Meroik beti bezala ekingo dio; Romano Benet senarrarekin kordadan, zamaketaririk gabe, botilako oxigenorik gabe. Gailurrean Romano ondoezik sentituko da. No te haré esperar tres veces en el Kangchenjunga Nives Meroi Desnivel, 2019 192 orrialde. 23,00 euro

Ser animal Charles Foster Capitan Swing, 2018 248 orrialde. 18,00 euro

GURUTZATZEN DIREN ISTORIOEN ERROTONDA Zerk eraman zuen Helena Tiucalerat? Nor zen Amerika izeneko kubatarra? Zergatik elkartu ziren Guatemalako herri txiki hartan? Zer galdu zitzaion Garbiñeri Dakotan, Pine Ridge lakoten erreserban? Zerk lotzen zuen Johnny Douglas Euskal Herriarekin? Gurutzatzen diren bideak eta gurutzatzen diren munduak dira, Latinoamerikatik Nafarroara, Miel Anjel Elustondo azpeitiarraren nobela honek proposatzen dizkigunak. Eleberri hau Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko lehenengo (H)ilbeltza bekaren irabazle suertatu da. Kezko bola batek itoak birikak Miel Anjel Elustondo Txalaparta, 2019 265 orrialde. 17,00 euro

59


Gogoan hartu

HAUS AM HORN BAUHAUS ESTILOAREN HAZIA Hasieran Gerhard Muche margolariaren etxea izango zena, 1923an Bauhaus arte eta lanbide eskolaren lehenengo erakusketaren ikur bihurtu zen. Haus Am Horn etxeari buruz aritu gara, Weimar (Alemania) hiri txikian eskolako irakasle eta ikasleek eraikitako etxea eta XX. mendeko diseinuan eta arkitekturan erabateko eragina izan zuen mugimenduaren lehenengo eraikina izango zena. Aurten eskolaren sorreraren mendeurrena ospatzen ari denez, Haus Am Horn etxea (“etxe esperimentala” izendatu zuten bere garaian) berriztatu dute eta maiatzaren 18tik aurrera bisitatu ahal izango da (asteazkenetik astelehenera

10.00etatik 18.00etara). Gezurra dirudi joan den mendeko 20ko hamarkadan eraikitako etxe bat zein modernoa suerta daitekeen; gaur egun hain modan dagoen minimalismoa eta praktikotasuna oso metro karratu gutxitan islatzen baita. Wohn-machine edo “bizitzeko makina” zela zioten egileek; erdian etxearen bihotza zegoen eta eremu horren inguruan gelak eta gune osagarriak ezarri zituzten. Perimetroko guneek apaindura gutxi behar zuten izan; bistan jarritako erradiadore metalikoekin apainduta zeuden eta altzairuzko markoak zituzten leihoek, altzairu minimalista eta estalkirik gabeko aplikeak ere. Lan gehienak eskuz egin zituzten Bauhaus eskolako lantegietan eta honek beste era bateko diseinu eta materialekin esperimentatzeko beta eman zien. Etxea xumea da, kubo formatukoa, zuria. Baina xumetasun horren azpian jeinu batzuen lana dago. Bauhaus eskolaren inguruko ekitaldi eta ibilbide turistiko ugari prestatu dira Alemanian. Horren berri izateko, www.bauhaus1oo.de web orrialdera jo dezakezue.

60


SHARAAN ERRESERBA, LEHOINABARRAREN PARADISUA Argazkia: Fayez Nureldine

Riad hiriburutik 1.100 kilometrora kokatuta, Saudi Arabiaren iparmendebaldean zehazki, Al-Ula eremu naturala aberatsa da oso. Handia ere bada, 22.561 kilometro karratuko azaleran hedatzen baita, eta barnean oasi bat, hareharrizko mendi garaiak eta kultur ondare interesgarri eta aberatsa gordetzen dituelako. Al-Ulanen barneratzea denboran bidaiatzea bezalakoa suertatzen zaigu, harkaitz bakoitza istorio baten lekukoa bihurtzen baita. Saudi Arabiako erreinuak inguru hau babestea erabaki du Sharaan izeneko erreserbaren bitartez. Eta, alde batetik, eskertzekoa da; beste alde batetik, ez horrenbeste. Arabiar lehoinabarra (Panthera pardus

nimr) desagertzeko zorian zegoen, Golkoko inguruan eta Jordania bezalako herrialdeetan bezala, oso lehoinabar ale gutxi gelditzen direlako, ehizaren erruz. Erreserbaren izendapena –Sharaan arroilaren inguruan arriskuan dauden beste ekosistema batzuk babestuko dira era berean, besteak beste, Nubiako basahuntza, lepo gorridun ostruka eta idmi gazelak– lurralde historiko honetarako pentsatutako plangintza orokorraren lehenengo urratsa izango da, Sharaan Resort izeneko proiektua iragarri berri baitute. Jean Nouvel arkitekto ospetsuak diseinatutako hotel antzekoa izango da, luxuzko turismoari zuzendua, nola ez.

61


LABURRaK

» TRIPADVISOR ETA PALESTINAKO LURRALDE OKUPATUAK mnesty International erakundeak eskaera publiko bat egin dio Tripadvisor plataformari, Palestina okupatuan dauden kokaleku israeldar ilegaletan eskaintzen dituen hotel eta ekimenak bertan behera utz ditzan. Horretarako sinadurak jasotzen ari da bere web orrialdearen bitartez, plataformako zuzendari nagusiari bidali ahal izateko. «Zure bizitzako esperientziarik onena!», dio Tripadvisorren orrialdeak: «Borroka antiterroristako armekin ikastaro bat egin nuen eta Israelen emandako egunetan egin nuen gauzarik zirraragarriena izan zen!», irakur daiteke, esaterako, Triadvisorrera igotako aipamen batean. «Soldadu bat bezala tiro egin, gameluan ibili eta kokagune historikoak bisita ditzakezu... baina lapurtutako lurraldeak direla jakin ezazu», dio AIk.

A

TUTANKAMONEN HILOBIAREN IZURRITEA: TURISMOA araoi ospetsuenaren hilobia Luxorretik gertu dagoen Erregeen Haranean utzi zuten antzinako egiptoarrek, ondo gordeta. «Mende batean etengabeko bisitak jaso ditu, 3.000 urtean babestuta egon ondoren! Zoramena da, pentsa ezazue zer nolako eragina izan duen hilobian!; hezetasuna, zikinkeria...». Hori dioena Neville Agnew da, Los Angeleseko Getty Conservation Institute-ko ikertzaileen burua. Eta zer egin daiteke? Erreplika bat prestatzearen alde daude ikertzaileak... baina turistek onartuko al lukete?

F

OSCAR WILDEN GELAN LO EGITEARREN, 850 EURO scar Wilde idazle irlandarra 1900eko azaroan hil zen Pariseko hotel merke batean. Gaua ordaintzeke utzi zuen. Mende bat baino gehiago pasatu ondoren, luxuzko bost izarreko hotela bihurtu den eraikin berberak bere bezerorik ospetsuena omendu nahi du. Nola? L’Alsase-k, horrela baitu izena Wildek L’Hôtel bezala ezagutu zuen ostatuak, “Dorian Grey-ren erretratua” liburuaren egilearen gela birsortu du lehenengo solairuan garaiko osagai originalekin. Wilderen gela ez zegoen toki horretan zehazki, baina tira... 850 euro balio du gelan gaua pasatzeak. Terraza badu, behintzat.

O

TOUR LASAIGARRIA Green Tours Los Angeleseko enpresa bat da. Bere espezialitatea, kalamuaren inguruko tourrak. Lau orduko bisitaldi lasaigarri batean –hemen ez baita estresik– marihuanatik ateratako ekoizpenak ikusi, dastatu, erre eta jan egin daitezke.

ARDOA MAITE DUTENENTZAT, 2019KO HELMUGA ONENEN ZERRENDA rdoari, garagardoari eta likoreei buruzko web orrialderik ezagunenetarikoa da. Vinepar atari digital estatubatuarrak plazaratu berri du 2019ko helmuga onenekin osatu duen zerrenda; lehena, Jerezeko triangelua (Sanlucar, El Puerto eta Jerez hiriez osatuta, Estatu espainola) da; eta horren atzetik Finger Lakes (AEB), Proventza (Estatu frantsesa), Elquiko harana (Txile), Israel, Tasmania (Australia), Uruguai, Valais (Suitza), Mazedonia (Grezia) eta Moldavia daude. Uruguaiko ardoak jakinmin berezia sortu digute; jakin ezazue Garzon bodegako alvariñoa oso goxoa omen dagoela.

A

BUNKER BATEAN, UPELTEGIA Aurretik New York eta Hong Kong-en gertatu den bezala, upeltegi hiritarren moda iritsi da Bordelera. Irudian ikusten duzuena Bigarren Mundu Gerrako nazien bunker batean kokatutakoa da eta “Les chais du port de la Lune” du izena.

62


hutsa

«INSTAGRAMER»-EKIN NAZKATUTA Argazkian agertzen dena Tom Hui da, Hong Kongeko Quarry Bay auzoko herritarra. Eta alboan dituenak turistak dira; hiriko ekialdean kokatutako toki zehatz horretan argazkia ateratzeko aurretik ilara luze bat egin duen turista bikotea, alegia. Modan jarri baita Instagramen bertakoentzat monster building (eraikin izugarri itsusia) denaren aurrean argazkia ateratzea. 60ko hamarkadako eraikin hau elkarri loturiko bost egiturez osatuta dago, argi-patio baten inguruan eta apartamentu txikiez josita... eta bizilagunak nazka-nazka eginda daude turistekin, beraien pobreziari erromantizismo kutsua eman nahi diotelako. hutsa

hutsa

GOMI FIT TABERNA GARBIA Taberna honi Gomi Pit deitu diote; gomi hitza (zakarra, japonieraz) eta pit (putzu, ingelesez) nahasirik. Tokioko Udalak bultzatutako proiektu bat da, hiritarrei zakarrak kudeatzeko erosi berri duen hornidura erakusteko eta, bide batez, beraien begiekin ikus zezaten zenbat zakar sortzen dugun gizakiok. Afaltzen ari diren bitartean, herritarren kontzientzia eragitea dute helburu. Taberna denboraldi baterako dago zabalik soilik, baina Musashino Clean Centre-ren egoitza urte osoan bisitatu ahal izango da. ERREGE BATEN ANTZERA Monakoko Hotel de Paris ez dago motxiladunei zuzenduta. Baina dirudunen artean ere gutxik ordaindu ahal izango dute inauguratu berri den Rainier III suitea; gelak 600 metro karratu ditu eta terrazak, igerilekua barne, 135. Larregitxo, agian?

MUSIKA «IZOZTUTA» ALPEETAN Tim Linhart amerikarra izotza lantzen zuen eskultorea zen. Egun batean biolin bat egin zezakeela pentsatu zuen. Hori da egun Alpe italiarren bihotzean kokatutako iglu handi honetan gauero jotzen duen orkestra honen abiapuntua, izotzez eginiko instrumentuak soilik erabiltzen dituztelako. Passo Paradiso eski-estazioan daude, 2.600 metrora. 63


Profile for astero

7h123  

7h123  

Profile for astero