Page 1

haizetara 7 BIDAIA ALDIZKARIA

BELIZE BUELTAN DA PARADISUA

etna

Sumendi bizi bat Italian

arbaila

Pirinioen itzalpean

afrika 4x4 batean

Hegoafrikatik Mozambikera

mekong-en zehar txalupan Ibaia bidea denean


Azaleko argazkia: Alfons Rodriguez

Argitaratzailea: Astero. Herritar Berri SLU. Editorea: Amaia EreĂąaga Argazkigintza: Conny Beyreuther Egoitza: Portuetxe, 23 -2.A 20.018 Donostia e-posta: zazpihaizetara@astero.net tfnoa: 943 31 69 99 www.zazpihaizetara.com LEGE GORDAILUA: SS-238-2008 INPRIMATZEN DU: Printek Inprimategia. Zamudio


16 16 44

16 16 36

06

28

24

16 16 16

aurkibidea109

16 Etna sumendia Europako sumendi aktibo garaiena, xarma biziz inguratuta, Siziliako paisaia ikusgarrian nagusitzen da.

28 Mekong ibaia Kanbodiako Siem Reap hiritik Vietnamgo mugarainoko tartea egiteko modu onena antzinako Khmer Inperioko biztanleen eran egitea da, ibaian barrena.

24 Japonia 2020an Tokion jokatuko diren Olinpiar Jokoetara gerturatuko diren mundu osoko bisitariek «ometenashi» (abegi ona) zer den ikasiko dute.

36 Afrika 4x4 batean Hegoafrika, Namibia, Botswana, Zimbabwe eta Mozambike 32 eguneko ibilbide zirkular batean zeharkatuko ditugu.

44 Arbaila Baxenabarre hego-ekialdean eta Xiberoa hegomendebaldean barrena hedatzen den mendikatea Pirinioen azken beso sendoa da.

06 Belize Mendebaldean Mexikorekin eta hegoaldean Guatemalarekin egiten du muga Karibeko kostan kokatutako txoko liluragarri honek. Britainia Handiaren kolonia ohi honek iragan abuztuan «Harvey» urakana bertatik pasatu zela ia ahaztuta du eta, ekaitz denboraldia amaitu berri dela, paradisua da berriro ere Belize.

52 Proposamen tematikoa 2018an bisitatzeko herrialde erakargarrien zerrenda. 56 Hitzorduak Gabonetako proposamenak. 58 Liburuen txokoa Gurean kaleratu berri diren azken nobedadeak. 60 Gogoan hartu Westerheversandeko itsasargia eta Arizonako The Wave. 62 Laburrak 3


YORKSHIRE Udazkenak hotza ekarri du parkera rriak gehiago izan zuen epeletik hotzetik baino, ia udako tenperaturak utzi zizkigun, baina azaroak berarekin ekarri zuen benetako udazken aroa, eta, noski, baita hotza eta lehen izotzak ere, Euskal Herrian bezala Europako beste txokoetan. Ingalaterrako North Yorkshiren, adibidez, azaroaren 5etik 6rako gaua benetan hotza izan zen. Bertan bizi da argazkian azaltzen den oreina, Ripon herritik gertu dagoen Fountains Abbey izeneko parkean, hain zuzen. Oreinak lasai bizi diren eremua da herrialde horretako iparraldean dagoen parkea, beren-beregi beraientzat egina dagoena, eta, jaiegunetan bereziki, lagun asko gerturatzen da animalia eder eta dotore horiek bertatik bertara ikusteko. Betiere, noski, haiei inolako kalterik egin gabe. Baina azaroaren 6ko goiz horretan argazkilariaz aparte ez zen bi hankadun askorik egongo, belar zurituak erakusten duenez etxean goxo geratzeak plan hobea ematen baitzuen. Eskerrak oreinek berezkoa duten beroki lodi eta beroa.

U

Argazkia: Lindsey Parnaby

4


Munduari begirada

5


Belize USTEKABEKO KARIBE Testua eta argazkiak: Alfons Rodriguez


Ezustean harrapatuko gaituen txoko liluragarria da Yucatanen oinarritik Karibe itsasoko ur gardenetaraino iristen den hau. Jende, kultura eta paisaia anabasa honek bidean geldialdia egitea merezi du. Iragan abuztuan «Harvey» urakana bertatik pasatu zela ia ahaztuta dute bertan –ez zituen azpiegitura turistikoak asko kaltetu– eta Karibeko ekaitz denboraldia amaitu berri dela, paradisua da berriro ere Belize. Macal ibaia, herrialde honetako handienetakoa. Ondoan, goitik behera, duPlooy lursaileko langileak basoa garbitzen eta oihana. Belizeren %60 oihana da. Erreportajea zabaltzen duen argazkian, South Waters cayo-an snorkeling egiten.

8


BELIZE uri-jasa baten azpian gaude Santa Helena hirian. Aterpe bila korrika goaz belar moztu berria duen zabalgune batean ikusi dugun toldo baten azpira. Zaparradak zaparrada, eguzkiak, aldiz, ez da gu bezala ihesi atera. Bitartean, oihal azpian, berdin-berdin blaitzen ari gara, gogotik ari baitu. Gure aterpea edertasunaren erregina belizetar batzuk eguzkitik babesteko prestatua zegoen, baina oraindik ez dira agertu. Zaparradaren ondotik, estalpeak bere funtzioa beteko du: badatoz, glamourrez beteta, zorioneko neska gazteak.

E

Hastear dago Independentzia Eguneko desfilea. Kariben gaude eta, beraz, ez du ez euriak ez bero itogarriak ezertxo ere geldiaraziko. Eta, are gutxiago, irrikaz itxaroten duten ospakizun hau. Belizek 36 urte betetzen ditu gaur, 2017ko irailaren 21a. Lurralde hau maiena izan zen, espainolak bertako kostaldean lehorreratu ziren arte. Maien erresistentzia lehenik, piraten erasoak ondoren eta azkenik britainiarren nagusitasuna; arrazoi horiek zirela medio, espainiarrek britainiarrei utzi zieten lekua, eta hauek Karibeko txoko hau Honduras britainiarra bihurtu zuten, 1973an Be-


Leerron gainean, ezkerretik eskuinera, Hermanen lezeak, Blue Hole National parkean, oihanaren irudi bat eta aracari eraztundun bat. Behean, South Waters koralezko uharria. Arrezife hauek munduko ekosistemarik aberatsenetarikoak dira.

lize izendatu zuten arte. 1981etik da Belize estatu independente, nahiz eta Elizabeth II.ak bertako erregina izaten jarraitzen duen eta bertako Gobernu moldea monarkia konstituzional parlamentarioa den. Euria desfileari mehatxuka jardun arren, bertakoak ez dute batere kezkarik. Benetako ekaitz tropikaletara ohituta daude, urtaro euritsua iristen den bakoitzean gertatzen baitira horiek; urakan izugarriak, belizetarrei hondamendia eta zerotik hasi behar nekeza oparitzen dietenak. Halakoxea da lurralde hau, eta, halarik ere, bertako biztanleek ez dute gutxiago maite eta ez dio ederra izateari uzten. Adibide gisa, Hattieville hiria daukagu. Izen hori 1961eko urrian Hattie urakanak birrindu zuelako du; 300 pertsona baino gehiago hil zituen eskualde osoan. Izenak berak naturaren botereari nolabaiteko omenaldia adierazten du. Ikusteko dago oraindik 2016ko udan hemendik igarotako azken urakanaren izena, “Earl”, erabiliko ote den, edota urte bereko abuztukoarena, “Harvey”. Biek ere kalte handiak eragin zituzten Kariben, baina zorionez, Belizen ez zen hala gertatu. Ministroen eta Santa Helenako agintarien hitzaldien ondoren, hasi da desfilea, ia arratsalde osoa iraungo duena. Une honetan, zerua garbi dela –hodeiak etorri eta joan ibiltzen dira– eguzkiak gogor jotzen du konpartsen eta ikusleen gainean. Zaldizkoak, kamioneta distiratsuak, musika, banderak, kolore biziko girnaldekin apainduriko karrozak, Karibeko perkusio erritmoekin dantzan dabiltzan gazte eta zaharrak. Izerdiak bustitako azalak eta festak alaituriko aurpegiak. Azal 10

eta aurpegi askotarikoak, Erdialdeko Amerikako txoko txiki honetako arraza, etnia eta kulturen nahasketa islatzen dutenak. Etnia eta kulturen aberastasuna Nahasketa hori, munduko handienetarikoa, herrialdearen aberastasun handienetakoa da aldi berean, eta, beharbada, hori bera da atzerritarra gehien harritzen duena. Hinduak, txinatarrak, rastafariak, maiak, mestizoak, kreoleak, garifunak, europarrak, estatubatuarrak, kanadarrak, hegoamerikarrak, guatemalarrak, bai eta immigrante afrikar, siriar, korear eta libanoarrak ere. Guztiek dute beren txokoa hemen; menonita bitxi eta xelebreak ahaztu gabe, noski! Guztien artean komunikatzeko ingelesa dute hizkuntza ofiziala, edo espainola, erabilera handikoa bistako arrazoi geografikoengatik. Arraza eta etnia desordena hau da herrialdearen bereizgarri nagusia. Bisitariari, aurretik esaten ez badiote, kosta egiten zaio. Traza guztietan exotikoena, paradoxikoki, menonitena da, akaso. XVI. mendean sorturiko talde erlijioso hau oso atzerakoia, bakezalea eta tradizionalista da. Belizen ezarri zen kolonia «errusiar menoniten» adarrekoa da, zeintzuen jatorria egungo Polonian dagoen. Handik emigratu zuten XVIII. mende amaieran, Prusiaren menpeko lurraldea zenean. Aldi bat Kanadan ezarrita eman ostean, Erdialdeko Amerikara lekualdatu ziren, eta XX. mendeko 60ko hamarkadan Belizen errotu ziren. Gaur egun, 12.000 menonita inguru daude herrialdean, eta ia guztiek plautdiettsch hiz-


Iguana zuhaiztar bat eta, ondoan eta behean, Mopan ibaiaren ondoko Xanantunich (ÂŤHarrizko emakumeaÂť) hiri maiaren hondarrak. III. mendeko 25 bat tenplu eta gaztelu daude. Ondoko orrialdean, menonita komunitateko partaideak.

12


BELIZE kuntza erabiltzen dute, behe alemanaren dialekto bat. Mestizo eta kreole zenbait ere, beren hizkuntza mantenduz, menonita bihurtu dira. Horietako batzuk ikusi eta beraiekin hitz egin nahi izanez gero, aukera ona da Spanish Lookout menonita herrira joatea. Oso komunitate itxiak izan ohi dira eta ia ez dute kontakturik kanpoko munduarekin. Spanish Lookout-eko taldea, ostera, irekiagoa eta modernoagoa denez, errazagoa da beraiekin nolabaiteko hartu-eman bat izatea. Komunitate horretara eramango gaituen errepidean dagoen gasolindegi-kafetegi-supermerkatuak koadro surrealista bat dirudi. Duen itxuragatik eta bezero motari begiratuta, pentsa genezake Alaska, Samoa, Antillen, Amerikar Far West, Karibe eta Hegoafrikaren arteko uztarketa irudikatuko lukeen toki batean gaudela. Erokeria erabat interesgarria, bidaiariarentzat. Henry Noofill zazpi seme-alaben aita da. Bere emaztearekin batera, Spanish Lookout-eko inguruneetan nekazaritzan aritzen dira. Oreztaz beteriko aurpegiek, beren ile hori distiratsuak eta zenbait jantzik denboran atzera garamatzate. Ingelesa apenas dakite, eta euren artean dialekto aleman horretan jarduten dira. Beren arbasoak 1958. urtean iritsi ziren lurrotara. Beren lurra dela diosku Henryk. Aurretik beren gurasoek egin bezala, eskuekin landu dutela txiki-txikitatik, eta ezerk ez duela hori inoiz aldatuko esan digu xume-xume, handik ez hain urrun ikusten den feriara begiratzen duen bitartean. Amerikar estiloko kamioi handien feria da; errebolberrak daramatzaten cowboy modukoek gidatzen dituzte kamioiok, XIX. mendeko Far West-eko kapela buruan. Noosfill familiarena komunitate moderatu eta apur bat aurrerakoia da, baina ez garagardoa edaten duten tipo tatuajedunekin eta bakero estuak daramatzaten neskekin nahasteko adina. Horrelakoa da Belize, sailkatzeko zaila den eldarnioa.

GIDA PRAKTIKOA Iritsi eta mugitu Londrestik hegaldia har daiteke BritishAirways.com-en 600 euro ingururen truke. Iberia.com-ekin eta Avianca.com-ekin Costa Ricako San Joseraino edo San Salvadorreraino joan eta handik Belize Cityrekin konektatzea da beste aukera, nahiz eta hau garestiagoa den.

Lo egin eta jan

aukeran. Biak ere hondar zuri eta ur epeleko hondartzetan kokatuta daude, Hopkinsen kanpoaldean. Jatetxe onak, luxuzko logela zabalak, igerilekua eta, jakina, itsasoarekin loturiko jarduera askotarikoak eskaintzen dituzte dituzte: arrantza, urpekaritza, snorkeling-a, windsurf-a, cayoetara bisitak, itsas safariak eta abar. Informazio gehiago eta erreserbak www.vivabelize.com-en

Chaa Creek Eco Lodge mendi artean dago

Informazio praktikoa

eta ingurunea eta lorategiak zoragarriak dira. Zerbitzu guztiak dauzkate eta jatetxea bikaina da, hiritik kanpo gaudenean eskertzekoa. Cayoko distrituan dago, San Ignaciotik gertu. Erreserba egiteko: www.chaacreek.com.

Klima azpitropikala da bertakoa, eta bi urtaro nagusi ditu, lehorra, abendutik maiatzera bitartekoa, eta euritsua, ekainetik azarora artekoa. Tenperatura beroa eta egonkorra da urte osoan zehar. Belizen erlojuek hemen baino zortzi ordu gutxiago markatzen dituzte. Bertako dirua dolar belizetarra da eta euroa 2,25 dolar belizetarrean dago. Kreditu txartelak arazorik gabe onartzen dituzte hiri nagusietan. Europar Batasuneko herritarrek ez dute bisarik behar eta herrialdera iristean 30 eguneko egonaldia egin dezakete. Belizeri, ostatuei eta ibilbideei buruzko argibide gehiago behar izanez gero, www.visitcentroamerica.com eta www.travelbelize.org orrialdeetara jo.

San Ignaciotik gertu eta Xunantunich bisitatzeko ondo kokaturik dago ere duPlooy's Jungle Lodge. Ibai ondoko oihan ingurune ederrean dago. Naturan egiteko denetariko jarduerak eskaintzen dituzte, baina jatetxea ez da horren gomendagarria. www.duplooys.com

Paradisu itxurako cayoetan egonaldia egin nahi izanez gero, Jaguar Reef Lodge & Spa edota Almond Beach Resort ditugu

Lur maia, belizetar bihotza Aski da 1949an eraikitako Hawkesworth zubia zeharkatzea Santa Helenatik San Ignaciora igarotzeko. Azken honetan bisita merezi duen eguneroko merkatua dago. Ahal izanez gero, larunbatean joatea da onena, orduan baitago giro handiena eta egun horretan joaten dira menonitak ere beren gurdiekin artisau eran eginiko gazta saltzera. Handik hurbil dagoen Guatemalako mugarantz segituz gero, maiek utzitako arrastoaren adibide bat topatuko dugu: Xanantunich. Gune arkeologiko hau bisitatzea merezi duenetako bat da, El Pilar eta Caracol-ekoekin batera, nahiz eta beste asko ere badauden herrialde osoan banatuta. Xanantunich Mopan ibaiaren ertzean dago, eta Yucatango maia hizkuntzan ÂŤharrizko emakumeaÂť esan 13


Santa Helenako Independentziaren Eguneko desfilea, irailaren 21ean urtero ospatzen dena; oso herritarra da eta ikusgarria era berean.

14

nahi du. Izen hori kondaira bati lotua dago. Kontatzen dutenez, beltzez jantzitako harrizko emakume bat, begi distiratsuduna, antzinako arrasto horien artean agertu ohi da eta El Castillo izeneko eraikuntzako eskalinata dotoretik igo, harresiak zeharkatu eta desagertu egiten omen da. Maien hondar horiek garai klasikokoak dira, eta sektore batzuk III. mendekoak dira. Guztira 25 tenplu eta jauregi, tamaina desberdinetakoak, eta horietako batzuek estuko ederrak dituzte. Baina, zorionez, maien ondarea ez dute antzinako eraikin eta harresi hauek soilik osatzen. William Miesch-ek 48 urte ditu eta mexikarren gisako bibote trinkoa du. Natura-turismoari loturiko duPlooy lursaileko arduraduna da. William Yucatango maien jatorrikoa da. «Nire aitona-amonak Yucatanetik iritsi ziren lurrotara eta maia peto-petoak ziren», azaldu digu Williamek. Bere arbasoek fundatu zuten gaur egun bera bizi den herria, San Antonio. «Biztanleon %70ek oraindik Yucatango maia hizkuntza hitz egiten dugu, baina apurka-apurka galtzen ari da», esan du atsekabez. William, mexikar jatorrikoa izan arren, ez da atzerritarra sentitzen Belizen. «Nire bihotza maia da, eta lur hau maia da», dio harro, lantoki duen lursailean patxadaz paseatu bitartean kazetariari toki horretako istorio eder baina tristeak kontatuz. Williamek Ken duPlooy bera ezagutu zuen, zeina bere emazte Judy eta bost alabekin Hego Karolina atzean utzi eta oihan honetara etorri zen 1987an. Lur zati hartaz ziplo maitemindu ziren. Eta bisita laburra izan behar zuena «betirako» bisita bihurtu zen. Kenek bihotzeko arazoak zituen, Hegoafrikan transplante bat egin zioten eta 22 urtez gozatu ahal izan zuen bere oihanaz. Gaur egun, bere familia AEBetan eta Belizen banatuta dago. DuPlooy lursailetik Santa Helenaraino bi orduko bidea dago Macal ibaian behera kanoan joanda. Williamek ondo ezagunak ditu lur hau eta bertako soinu, usain eta landareak. Dioenez, Xanantunich-en garrasi eginez gero oihartzun ikaragarria sortzen da, eta bere arbaso maiek horrelako tenpluak eraikitzeko espirituen laguntza jaso behar izan zutela baieztatu du. Sentimendu maia sakon eta antzinako horri belizetar nazionalismoa batzen zaio. Jakina da Belizeren eta bere bizilagun Guatemalaren arteko harremanak ez daudela onenean. Ehunka urteko gatazka dute elkarren artean, eta batak besteari etengabe leporatzen dizkion kontuak: ustiategi ilegal bat dela medio edo lurraldearen usurpatze bat. Zenbaitzuetan indarkeria ere piztu eta hildakoak izan dira, bai herrialde bateko bai besteko zibil eta militarrak. Williamek dioenez, sarri ikus daitezke britainiar helikoptero militarrak Guatemalako mugak patruilatzen, Belizeri laguntzeko.

Jaguarraren aberria Belizeko hiriburu Belmopan edo hiri nagusi Belice City-z harago, erdialdeko Amerikako txoko txiki hau oihana eta natura tropikala da, batez ere. Kontserbazio programak badituzten arren, alderdi hori ez da behar bezala baloratzen eta zaintzen. Kaoba eta beste hainbat zuhaitzen egurra edo «arrain isats» palmondo apaingarria bezalako landareak ebasten dituzte askok, eta horrez gain, babestutako animaliak, batez ere hegaztiak, ere legez kanpo ehizatzen dira. Baina itxura zabarreko oihan honek eusten dio horri ere eta aurrera egiteko borrokan dihardu. Oraindik animalia basati ugari ikus daitezke bertan: tapirra, jaguarra, yacare edo kaiman muturzabala eta lehorreko iguana eta hegazti espezie ederrak, tukan aracari eraztunduna edota chachalaca atsegin eta lagunkoia. Gauetan congo tximinoak bere ulu baxuarekin misterioa handitzen du, eta ur gardenetan baleak, marrazoak eta manta-arrai lasaiak aurkituko ditugu. Bestalde, usaimenarentzako oparia da Ylang Ylang zuhaitzarekin topo egitea. Bere loreetatik ateratako olioa da Chanel N°5 perfumearen oinarria. Jatorriz Asiakoa da zuhaitz hau, baina oso hedatua dago tropiko osoan, bereziki Erdialdeko Amerikan. Kontuak kontu, mehatxu nagusi bat dago, planetako espezie ederrenetako batek jasaten duena; jaguarraz ari gara. Animalia sakratua zen maientzat, eta Belizen izan zuen babestutako lehenengo espazioa. Cockscomb-eko erreserba da jaguarrentzako munduko santutegi bakarra, baina nahiz eta erreserba hori bisitatu, oso zaila da felido gautar hau ikustea, ederra bezain iheskorra baita. Baina berdeak ez du Belize osoko natura janzten. Belizeko Karibe itsasoaren urdina ere ikusmenerako opari itzela da. Kostalde osoa dago cayo delakoez inguratuta, hau da, uharte eta koralezko atoloiez, zeintzuek Australiako koral-hesiaren antzekoa osatzen duten –ez tamainan, Karibeko hau askoz txikiagoa baita– eta Munduko Ondare izendatua izan zen. Paradisu itxurako irlatxoak dira, biztanle gutxikoak eta turismoari emanak, beti ere munduaz ahazteko atmosfera apropos horri eutsiz. Inguru horretako erakargarritasun handienetako bat Zulo Urdin Handia deritzotena da. Eskualdean ugariak diren kareharrizko leize baten sabaia eroriz itsasoan sorturiko zulo modukoa da. Cousteauk eman zion fama toki honi bere ikerketetako batzuk bertan oinarritu eta urpean ibiltzeko munduko hamar toki onenetako bat zela esan baitzuen. Ez da nahastu behar toki hau Blue Hole parke nazionalarekin, non Herman leize ikusgarriak dauden. Naturak halabeharrez eta ustekabez oparitzen digun beste toki horietako bat. •


BELIZE

15


Etna SUMENDI BIZI BAT ITALIAN Testua eta argazkiak: Koldo Carrillo


ETNA SUMENDIA

Siziliak eskaintzen dizkigun paisaiak pintura paleta oparo moduko bat osatuz doaz. Tartean, Etna sumendia, xarma biziz inguratuta, nagusitzen da esanguratsu eta berezienen artean. Europako sumendi aktibo garaiena bertatik bertara ikusteko aukerarekin batera, inguruko formazio geologiko ederrek erraldoi hau sortu arteko 500 mila urte baino gehiagoko aktibitate bolkanikoaren gainean egiten digute berba.

Ezkerretik eskuinera, Acitrezzako portua –basaltozko zutabeak eguneroko paisaiaren parte dira–, eta sumendiaren gailurretik gertu nahasten diren koloreak, testurak eta kraterren bihurguneak. Erreportajea zabaltzen duen irudian, Ziklopeen Haitzetan, ekaitza hurbiltzen.

18


ondairaz inguratutako Etna sumendia nagusi da Siziliako paisaian, baita cataniarren bizitzan ere. Uhartearen ekialdean kokatuta, Mesina eta Catania probintzien artean, Europako sumendi aktibo garaiena da, ia 3.300 metroko altuerarekin. Egun erakusten duen itxura gutxi gorabehera duela 15.000 urte hartu bazuen ere, lau etapatan banatzen den 600.000 urteko garapenaren ostean osatu da berau. Sumendi itzel honek hartzen duen lurrazala zapaltzearekin batera, bidaia liluragarria da bidaiariarentzat denbora geologikoetan barrena, lur azpiko aktibitate bolkaniko itzel hau buruan irudikatzea. Horren adibide, interesgarria da jakitea Catania hiria kokatzen den ere-

K

mua golko handi batek hartzen zuela, golko aurre-etneo delakoak. Hemen, erupzio bolkanikoek ekarritako labaerrekek sortu dute cataniarrek egun hartzen duten lurraldea. Garapen luze eta konplexu honen emaitza da orain mirets dezakegun sumendi handientsua, hazten, garatzen eta paisaia etengabe aldatzen jarraitzen duena. Erdi Aroan gertatutako sumendiaren hainbat alboko erupzio ezagutzen badira ere, cataniarren bizitzan eragin sakon eta suntsigarria izan zuen erupzioa Rossi mendiarena izan zen, 1669. urtean. Pentsa, lau hilabetean zehar 600 milioi mÂł laba bota zituen eta 40 kilometro koadroko laba-eremua sortu zuen bere bidean. Ideia hori buruan eta Etnara bidean, ezinbestean

19


ETNA SUMENDIA Irudian, sumendiaren iragana eta oraina elkarri begira. Ondoko orrialdean, goian, Sebastiano arrantzalea. Berak ezin hobeto islatzen du cataniarrek itsasoarekin daukaten lotura. Behean, Timbako formazio ederrek aho zabalik utziko gaituzte.

20


mendi ikaragarri honen magalean bizitzeak zer dakarren imajinatzen saiatzen gara. Bertatik bertara ikusita, Etnaren lurraldea oso dinamikoa, aldakorra da eta gainera, Carmelo Giuffrida Etnatao agentziako (http://etnatao.com/) gidari naturalistak dioen moduan, «bere transformazioa ez da ohiko denbora geologikoan gertatzen (milioika urte), baizik eta gure denbora-dimentsioan (egunak, hilabeteak, urteak)». Geologoak gaineratzen duenez, mende bakarrean aldaketa izugarriak jasan ditu Etna sumendiak eta hala, krater bakarra izatetik, bost aktibo izatera pasatu da. Voragine eta Bocca Nuova zuloak Krater Nagusiaren baitan sortu ziren 1945. eta 1968. urteetan, hurrenez hurren. Ipar-ekialdekoa, ostera, 1911. urtean sortu zen eta hego-ekialdekoa 1971. urtean. Gazteena, ostera, berriki sortua da. Azken honek krater hondoratu moduan hasi zuen bere aktibitatea eta 2011. urtetik hona, azkar hazi da hego-ekialdeko irekidura zaharraren ondoan. Bost hauekin batera, 250 eta 300 artean dira sumendia inguratzen duten kraterrak eta Etna sumendiak, bere osotasunean, 1.600 km²-ko hedadura hartzen du. Sapienza aterpetxea da bisitarien abiapuntua, Nicolosi eta Zafferana Etneatik bihurka gora egiten duen errepidea hartuta. Bidean zehar, iraganeko erupzioen aztarna ugari aurkituko ditugu bi aldeetara, laba beltzezko masa ikaragarriekin. Aterpera iritsitakoan, teleferikoak gorago eramango gaitu eta kabinatik, hainbat bisitari ikusi ditugu mendian gora, desertu beltzean txiki eta bakarti. Goian gaudela, lur orotako ibilgailuekin Filosofoaren Dorrera iritsiko gara, 2.920 metroko altueran. Bertan lur hartu bezain laster, ilargi-paisaiaren erdian aurkitu gara lurrazal gorrihorixka bihurgunetsuz inguratuta. Kraterrei darion keak, sufre usainak eta lur azpitik irteten den lurrunak esperientzia aparta eskaintzen digute. Begien aurrean, Krater Nagusia eta Hego-Ekialdeko kraterra izango ditugu, baita iraganeko eta duela gutxiko labakoladak ere. Bestalde, Etnatao agentziak irteerak antolatzen ditu Etnako Parkea modu interesgarrian eta ekologikoki arduratsuan bisitatzeko. Giuffrida adituaren gidaritzapean eta gune turistiko nagusietatik ihesi, Etnako Parkeko txokorik garbienak ezagutzeko aukera dago, paisaia ikusgarriez inguratuta gaudela. Irteera hauetan, garai ezberdinetako krater eta laba-errekak, koba bolkanikoak, bailara tektobolkanikoak edota zuhaitz eta landare endemikoak ikusiko ditu bisitariak. «Eremu interesgarrienetakoa basoa Astragaletum izatera pasatzen den altuera da, goi mendiko landarediaren eremua, alegia», azaltzen du Carmelo Giuffidak. «Gero, are altuera garaiagoetan, desertu bolkanikoan, espezie oso gutxik lortu dute bizirau-

tea», gaineratzen du. Etnako Parkean bi paisaia bereizten dira nagusiki: batetik, laba-kolada berriz estalitako paisaia harritsu eta idorra; eta bestetik, mendeetan zehar landarediak kolada zaharretan berreskuratutako zonalde berdeak. Aktibitate bolkanikoaren aztarnak Etna mendiak eta milaka urtetan izan diren inguruko beste sumendi eta kraterrek eremu honetako paisaiak eraldatu eta osatu dituzte. Siziliako ekialdeak, sumendiaren gailurretik hasi eta kostalderaino, naturaren edertasuna eskaintzen die naturaren maitale edota bolkanologoei, baina gainera, aniztasun handia erakusten du geologiari dagokionez. Catania hiriburutik iparraldera, hainbat arrantzale herriz osatutako eta


ETNA SUMENDIA Behean, Aci Castelloren oinarri den haitzean ikusgarriak dira hialoklastitazko pillow-bretxak eta pillow-labak. Ondoan, Etnaren magalean gertatutako erupzio batean labak irentsitako eraikina eta Timparen inguruan, hanhemenka agertzen diren basaltozko formazioak.

kondairaz betetako Aci artzainaren lurraldea kokatzen da. Guk, bidaia honetan, Siziliako eguzkiaz gozatzeko kostalde ederra aurkitzearekin batera, Etnaren lehen faseetara eraman gaituzten arrastoak ezagutu ditugu. Ziklopeen Kostaldean formazio geologiko ikusgarriek txundituta utziko gaituzte beren historia eta edertasunarekin. Milioi erdi urte atzera botata, gutxi gorabehera, sumendi handiak egun hartzen duen eremuan badia handi bat zegoen eta itsasoko uraren azpiko pitzaduretako bolkanismo mota hedatu zen. Eremu honetan, lau arroka magmatiko mota aurkituko ditugu: zutabe erako basaltoak, prisma mehe erako basaltoak, pillow-ak eta hialoklastitak. Pixkanaka, Sizilia ekialdeko kostaldearen altxatzeak golko aurre-etneoaren desagerpena ekarri zuen, airepeko erupzio aktibitateari hasiera emanez. Ibilbideari hasiera emateko, Aci Castellon, itsasotik azaleratzen den hialoklastitazko pillow-bretxen eta pillow-laben gainean eraikitako jatorri normandiarreko gazteluak emango digu ongi etorria. Etna mendiaren erupzio aktibitatearen hasierara garamatza paisaiak, ur azpian izandako erupzioetara. Aci Castelloko itsaslabarrean, jendeak bainua hartzen du 500 mila urte inguruko ur azpiko labazko kolada edo pillow-etan.

Urrunera, ostera, Polifemo ziklopeak, bere haserrealdian, ihesian ziren Ulises eta bere lagunei jaurtitako haitz izugarriak ikus ditzakegu itsasoan. Kondaira alde batera utzita, Acitrezza herriko Lachea irla eta Ziklopeen Haitzak dira horiek, zeintzuetan itsasotik bertatik so eginez gero, basaltozko zutabe poligonalak bereiziko ditugun, magmaren hozte motelaren ondorioz sortuak. Uhartea eta harkaitzak Behe-Erdi Pleistozenoko buztinetan sartutako basaltoz osatzen dira nagusiki. Fase honi dagozkion harri bolkanikoak toleita basaltoak dira, inguru tektoniko ugaritan agertzen diren arroka subalkalinoak. Acitrezzan gaudela, Giusepperekin geratu gara portuan, bere itsasontzi txikian eramango baikaitu Ziklopeen Kostaldetik aurrera egin eta La Timpa Natura Erreserba ikusgarrira iritsi arte. Jakin ez genekiena zen, Giuseppek, izan daitezkeen amaieretatik onena zeramala guretzat gordeta. Itsaso lasaian barrena, Sebastiano herriko arrantzale zaharrena agurtu dugu bere txalupa txikian eta Ziklopeen Haitzak gertutik ikusi ostean, siziliarrak kontatu dizkigun Aci artzainaren eta Galatea ninfaren arteko maitasun kondairekin liluratuta egin dugu aurrera Acireale herriaren oinean hasten den aipatutako natura erreserbara. Kostaldean,


Capo Mulini eta Santa Maria degli Ammalati artean, 7 kilometroan zehar, aktibitate bolkaniko etneotik eratorritako hainbat geruzaren gainezarpenek osatzen dute itsaslabarra eta ibilbidearen amaieran, naturaren edertasunak harritu gaitu Grotta delle Palombe-n. Modu guratsuan bihurritzen diren basaltozko zutabeek irudi itzelak sortzen dituzte, labaren hozte motela denboran geldiaraziz. Toki hau da, hain zuzen, Etna sumendiaren bigarren fasearen lekuko –duela 220 mila eta 110 mila urte artean–, eta Jonikora ematen duen kostarekin paraleloan kokatzen dena. Timpa moduan ezagutzen den faila sistema Acireale eta Moscarello artean kokatzen da, eta ardatz honetako pitzaduretan gertatutako erupzioek oinarri eliptikoko ezkutu-sumendia sortu zuten. Fase honetan, lehengo basalto subalkalinoak basalto alkalino eta hawaiiarrak izatera pasatu ziren. Hurrengo etapatan, ostera, erupzio aktibitatea Boveko bailarara mugitzeaz gain, arrakala-erupzio izatetik erupzio-zentral bihurtu zen aktibitate bolkanikoa eta Rocche, Tarderia eta Trifoglietto sumendiak sortu ziren. Azken hau izan zen, hain zuzen, denetan garaiena, 2.500 metrorekin eta duela 100 mila urte inguru bere erupzio zikloa amaitu zen erupzio pliniar

batekin. Azken fasea duela 57 mila urte hasi zen eta bertan, Ellittico sumendi berriak aktibitate bolkaniko indartsua hasi zuen, Etna 3.800 metroko altuerara altxatuz. Laba isuri handiek sumendiaren magalean behera egin zuten, iparraldetik Alcantara errekara eta hegoaldetik Simeto errekara iritsiz. Ellitticoren etapa duela 15 mila urte inguru amaitu zen pliniar erupzio boteretsu batekin eta honek utzitako galdaran sortu zen egun Etna izenarekin ezagutzen dugun sumendia. Etna sumendiaren iparraldeko magalean kokatutako Alcantarako erreka-zintzurrean, hain zuzen, aho zabalik utziko gaituzten basaltozko formazioak aurkituko ditugu. Historian eta protohistorian zehar, errekaren hondoa laba-kolada handiez bete da, ibaiaren isuria oztopatu edo aldatuz. Etengabeko isuri geldoak, ostera, labazko gorputza azaleratu du eta erosioak zein labaren hozte prozesuak forma ezberdinak sortu dituzte. Alcantarako zintzur estuetan, basaltozko prismak 400 metroz hedatzen dira eta paretak 50 metrora arteko garaierara iristen dira. Azken 8 mila urteetan gertatutako koladek eman diote erreka-zintzurrari egungo itxura eta berrienek, hain zuzen, sortu dituzte zutabe erako basalto ikusgarriak. •


Japonia HURRENGO OLINPIAR JOKOETAN, EROSO

Bezeroen ipurdiak garbi-garbi uzten dituzten eta beroketa sistemez hornituak dauden komunak, bidaiariek paisaiez goza dezaten biratzen diren tren eserlekuak eta denetarik eskaintzen dituzten saltoki espezializatuak kantoi guztietan: ongi etorriak izan zaitezte Japoniara, bere abegikortasunagatik ospetsu den herrira, bezeroaren zerbitzura egotea bere DNAren ezaugarri bihurtu duen lurraldera. Testua: Marian Azkarate

Argazkiak: Behrouz Mehri

25


JAPONIA Behean, Tokioko Roppongi metro geltokiko kutxatilategia. Ondoko orrialdean, makinak denda baten ondoan, aterkiak gordetzeko gunea museo batean eta eguneko menuaren plastikozko erreplikak.

26

iru urte barru, 2020an zehazki, Tokion jokatuko diren Olinpiar Jokoetara gerturatuko diren mundu osoko milaka bisitariek mota guztietako zerbitzuak espero ditzakete Japonian. Izan ere, herrialde honetan tresna bitxi eta aurrerakoiak, eta baita ere ohikoak dituzten erosotasunak, egunerokotasunaren estresari aurre egiteko tresna ezin garrantzitsuagoak bihurtu baitira. ÂŤBesteekiko begirunea japoniar kulturaren sustraian delakoan nagoÂť, Kazuhiro Watanaren esanetan, hain zuzen ere, Nikkei BP aholkularitza taldean kontsumitzaileen joerak aztertzen dituen ikertzailea da bera.

H

Japonieraz hitz propioa du honek: ometenashi, ÂŤabegi onaÂť bezala itzul genezakeena. Ez al duzu sinetsi nahi? Demagun egun arrunt batean zaudela, Tokion. Esnatu zaituen iratzargailua itzali eta komunera zoaz. Hotz egiten du, baina ez zaitez kezkatu: komunaren jarlekua bero dago. Japoniako komunek berezitasun ugari eta askotarikoak dituzte: garbitzen zaituzten ur-zurrustak, usaina ezkutatzen duten gailuak edo zarata deserosoak estaltzen dituen botoiak. Eta haur batekin bazaude kalean? Komun publiko askok (denak erabat garbi, noski), haurrentzako euskarriak dituzte. Umea euskarrian lotu eta kito.


Bueno, itzul gaitezen etxera. Berandu egin zaizu eta gosaldu gabe zoaz lanera. Orduan konbini batera jo dezakezu, zerbait jatera. Japonian horrelako ehunka jatetxe-denda aurki ditzakezu eta, mokadua jaten ari zaren bitartean, argindarraren faktura ordaindu edo arropa garbitzera bidali. Hizkuntzari dagokionez, jateko orduan turistek ez dute arazo handirik izango, hemen jatetxe gehienek erakusleihoetan jarri ohi dituztelako prestatzen dituzten jakien plastikozko bertsioak. Horietako askok, gainera, jaki makina izaten dute jatetxearen kanpoan. Horrela, sartu aurretik aukeratu eta eska dezakezu zer nahi duzun, dena askoz gehiago azkartzen delarik. Gune publiko gehienetan otartxoa eskaintzen dizute, zure poltsa edo maleta zikindu ez dakin; baita eskuoihal bero edo hotz bat ere (urtaroaren arabera) eskuak garbitu ditzazun eta, ia iritsi bezain pronto, zure mahaian ur izoztua duen edalontzi bat jarri ez badizute zerbait ez doa ongi. Bidaiatzeari dagokionez, antolaketa eta bezeroarekiko arreta berez-berezkoa dute Japonian. Bidaiariak lasai-lasai egon ohi dira ilaran esperoan eta, bidaia luzeetan, takuhaibin izeneko mezularitza zerbitzua oso lagungarria suertatzen zaie, diru gutxiren truke maletak helmugara bidaltzen dizkielako. Zama hori gabe, bala-trena lasai itxaron dezakete lurrean dauden marra gorriei jarraituta eta, horren ondoren, abiadura biziaz (300 kilometro orduko) goza dezakete biratzen diren eserlekuei esker. «Japoniarrak oso pragmatikoak dira: erosotasuna eta praktikotasuna lehentasunak dira beraientzat», dio Muril Jolivetek, lau hamarkadan Japonian bizi izan den soziologoak.

Lurralde honetan objektu bitxi ugari aurkitu daitezke: liburu-burko bat, adibidez, lotan zauden bitartean irakurtzen dizuna; abaniko antzeko lepoa duen alkandora bat udako egun beroentzat, edo negu beltzari aurre egiteko poltsiko berogailuak daude salgai. «Zerotik asmatu beharrean, dagoeneko asmatuta dauden produktuak hobetzen trebeak dira japoniarrak», dio Watanabek. Horrek zer esan nahi du, Japonia paradisua dela? Agian ez, arau larregi baitago. «Jendeak ezin du nahi duena egin, hori da txanponaren bete aldea», gehitzen du Watanabek: «Ez dituzte akatsak onartzen». •

27


Mekong-en deltatik Angkor-era IBAIA BIDEA DENEAN Testua eta argazkiak: Xabier BaĂąuelos


Kanbodiako Siem Reap hiria da Angkor-eko tenpluetaranzko atea. Vietnamgo mugarainoko tarte hori hainbat modutan egin daiteke, baina onena, ezbairik gabe, antzinako Khmer Inperioko biztanleen eran egitea da, ibaian barrena. Lehenik Mekong enblematikoak eta ondoren Tonle Sap ezezagunagoak abentura honetan murgilduko gaituzte, non bizitza ura den.

ra eta bizitza sinonimoak dira Mekong-en deltan. Ez dira hitz hutsak; ez da poetikoki adierazi nahia gizakiok urarekiko dugun mendekotasun fisiologikoa; ez da semantikarekin jolastu nahia elementu banaezinak besarkatzeko; hori baino gehiago da; hain zuzen, munduko bazter honetan ura eta bizitza, bizitza eta ura, gauza bera direla. Badira horrelako leku gehiago munduan, baina Asiako hegoekialdeko eremu honetan sinbiosi hori perfektua da. Indotxinako mutur hegoaldekoenean, non Mekong handia ibaiadarretan sakabanatzen den, arre koloreko urak agertzen dira, ez berderik, ez urdinik eta ez jenderik ez dagoen amaraun anarkiko baten itxura hartuz. Beti nabigatzen, uharteen artetik, zingiren ertzetik

U


edo korronte zabalak zeharkatzen, kareletik atrakaleku rustikoetara jauzi eginez, oinak zoru ezegonkorra duen lur zehaztugabe honetan jartzeko edo haize bolada batek bota ditzakeen zubietatik igarotzeko. Paduren triangelu honetan hasiko dugu bidaia, arrozez, frutez, kanaberadiz, hegaztiz, arrainez eta uholdez beteriko lurralde honetan. Zeren sinpatia, kolore, zapore, aroma eta sentsazio bizi-bizien jario honetan, ura bidea ere bada. Bide luzea; hegoalderantz eginda Txinako Hegoaldeko Itsasoan amaitzen da, garai batean oihan trinkoak izandakoetan barneratu ostean, eta iparralderantz eginda, sigi-sagaka, hainbat herrialdetan barrena jarraitzen du. Bide emankorra da, ugalkortasun umelekoa, euriteen erritmoan gainezka egin,

eta agertzen eta desagertzen diren lursailen zabalgune izugarria ureztatzen eta ernaltzen duena. Mekong ibaia Ozeanotik urrun jaiotzen da, tibetar Himalaian, gure abiapuntutik 4.800 kilometrora. Izan ere, gure bidaia ibaiaren ibilbidearen alderantzizkoa da, ibaian gorako 250 kilometroko tartea; hau da, marra labur bat Vinh Long eta Phnom Penh arteko mapan. Vinh Long-en interesgarriena bertako merkatua da. Koloretsua eta harrigarria da, Vietnamen ohikoa den bezala; egunerokoa eta familia girokoa da, kapela konikoz eta ziklomotorrez betea, eta Mendebaldeko bisitari gutxi izan ohi ditu. Mangostan, pitahaya, longan,

Mekong-eko deltatik Kampong Khelangerainoko bidean, Bihh Hoa Phuoc edo Phon Penh bezalako inguruak ezagutu ahal izango ditugu. Mekong ibaitik aparte, Bassac eta Tonle Sap errekak nabigatuko ditugu.


Goian, Cai Be eliza katolikoa. Ondoko orrialdean, Chong Kneas-eko palafitoak eta Bassac ibaia zeharkatzeko eraikitako zubia.

jaka eta ranbutan fruten saltzaileak irribarre egiten dute gure begirada kuxkuxeroa ikusita. Arrain-saltzaileak ur gaineko etxeen azpian hazitako arrainak, hots, siluruak, karpak eta panga handiak, erdibitzen dihardute. Kokoriko jarrita, beren bizilagunek oraindik bizirik dauden igelak larrutzen dituzte, horiek baldera alferrik jauzi egin nahian dabiltzala. Eta ez da falta ere, irribarrea ahoan, bere suge sorta ikustera gonbidatzen gaituen norbait. Hiria Co Chien ibaiaren ertzean dago, baina Mekongen uretatik oso gertu. Mekong-en cuu long-etako bat da Co Chien ibaia; alegia, ÂŤbederatzi herensugeÂť-etako bat. Hala deitzen diete bere deltan biltzen diren ibaiadarrei. Ontzi bat hartu dugu, An Binh eta Binh Hoa Phuoc uharteetako kanal nahas-mahasean galtzeko. Horietako batzuk oso-oso estuak dira. Ura eta landaredia oparoa nahasi egiten dira, eta tarteka egurrezko zubi altu eta hauskorrak agertzen dira. Lehorrera begiratuta, bide estuetan oinezkoak zein salgaiak daramatzaten bizikletak ikusten ditugu, elkarri oztopo egin gabe orekari eusten. Familiak egurrezko etxeetan bizi dira; horiek, aldi berean, arrain saltokiak, fruta etxaldeak edo tailerrak izan daitezke, arroz-papera, ezti gustuko arroz-krispetak eta keo dua kokozko goxoki ezagunak artisau eran ekoizten dituzten tailerrak. Iparraldeko ibaiertzera heldu gara; orain bai, Mekong-ek harrera egin digu. Ibaia suminduta jaisten da Khone Phapheng-eko ur jauzietaraino, Kanbodia eta Laos arteko mugaraino, eta ondoren bere urak baretu eta otzan eta gozo iristen dira deltako lautadetara. 32

Hala ere, indartsu doa. Cai Be-ra iritsi arte zeharkatu dugu. Lekuz kanpo dirudien herentzia frantseseko eliza katoliko bat nabarmentzen da palafitoz beteriko ibaiertz honetan. Gabarren, txalupen eta arraun ontzien joan-etorria etengabea da; izan ere, bertako ur gaineko merkatua eremu honetako garrantzitsuenetako bat da, hegoalderago dagoen Can Tho-koarekin batera. Jarduera eta kolore dantza ederra, dena erosi eta saltzen da hemen... ur gainean kulunkan. Maioristak eta minoristak, guztiak saiatzen dira prezio onenak lortzen, ontzitik ontzira negoziatuz. Ontzia hartu dugu berriz iparralderago, Kanbodiako mugetan, Sam mendi azpian. 130 kilometro baino ez zaizkigu falta gure jomugara iristeko, Phnom Penhera. Baina korrontearen kontra joanda, txalupaz sei ordu dira. Beste ibai batek hartuko gaitu berriro, Bassac-ek. Chau Doc hiria bustitzen du; hor hartuko dugu ontzia. Chua Xu tenpluko eta Tay An pagodako arbasoei babesa eskatu diegu eta Kenh Xang kanalean barneratu eta Mekong-era itzuli gara, orain etorbide internazional bihurtua. Ontzian aurrera egin eta Vietnamgo muga-postuan gelditu gara. Moila txiki baten gainean dagoen eraikin eskas bat da; itxarongelan baditu jarlekuak, aire egokitua, komunak, eta edari eta jaki zenbait. Gestioak amaitu ostean, ontzira igo eta kanbodiar muga-postura abiatu gara. Khmer-en herrialdean pasaporteko azken zigilua jarri ostean, ez dugu ibaia utziko amaierara iritsi arte. Ibilbidea benetan ederra da eta horretaz gozatzea merezi du ferry zerbitzua ematen digun txaluparen gainalde edo teilatutik.


33


Irudiotan, Vinh Long azokako bizitasuna eta An Binh-eko arroz paperaren egileak. Tonle Sap lakuan turisten bila ibiltzen diren neskatoek sugeak eramaten dituzte.

34


MEKONG-EN DELTATIK ANGKOR-ERA

Ibaian gora edo behera doazen hainbat motatako ontziekin gurutzatzen gara, baita sareak zabaltzen edo jasotzen ari diren arrantzaleekin. Tarteka ertzak palafitoz beteta daude eta tarteka arroz sailak agertzen dira. Zeruertz hurbilean pagodak ere agertzen dira eta muga igarotzean erabat aldatzen da horien estiloa, txinatar eragineko mahayanatik therevada urre kolorera. Uretako uharteak ia desagertuak dira, gainezka doan ibaiak urpetuta, eta ondorioz nekazarien etxetxoek ere irlatxoak dirudite. Ubarroi eta pelikanoek lagunduta, Phnom Penh-era iritsi eta Sisiwath kaian lehorreratu gara. Tonle Sap Kanbodiako hiriburura beste ibai bat iristen da, Mekong-en hiltzeko. Tonle Sap izenekoa da, aurrerantzean ibiliko duguna. Ipar-mendebaldera 300 kilometro eginda Siem Reap hiria dago, txalupaz joanda egun batera. Uretara itzuli gara. Gauza bitxi bat gertatzen da, korrontea alderantzizko noranzkoan doa; beherantz joan behar luke baina bere iturrira bueltan doa. Urtaro euritsuan gaude. Mekong-ak hainbeste ur darama, ezen bere ibaiadarrari kontra egin eta bere bidean sartzen baita, oztopo eginez eta ibaia Tonle Sap aintzirara itzularaziz. Ibaia gainezka dago, eta aintzirak, urtaro lehorrean 2.590 kilometro karratu izanik, hamar bider handitzen du bere bolumena garai honetan, konti-

nente barruan itsaso bat sortuz. Azarotik aurrera, urak txikitu eta uzta berrietarako prest utziko dute zoru lohitsu emankorra. Baina une honetan, lurra ez da inondik ageri. Palafitoak eta baltsak barra-barra daude, 170 herritan banatuta. Etxeak, dendak, eskolak, elizak, pagodak, gasolindegiak, kontsultategiak, azokak... dena dabil kulunkan aintziraren gainalde urtsu eta bihurrian. Biztanleen gehiengoa vietnamdarra da. Eguneroko gauzetan ari dira, txalupa edo saski-txalupa biribilduetan. Bitartean, neskato eta mutikoak uretan murgiltzen dira eskuetan sugexkak dituztela (eta lepoan kiribilduta pitoi ez hain txikiak ere bai), argazki baten truke turistei dolarren batzuk atera nahian. Arrain haztegiak ez dira falta, baita krokodiloenak ere. Kompong Phluk, Kampong Khleang, Chongh Kneas... dira herrietako batzuk. Horietako ur-kaleetan gabiltza, jendea beste egun bati aurre egiten ahalegintzen den bitartean. Chongh Kneas-era iritsi da, hain justu, gure txalupa eta bertan lehorreratu gara, Angkor-eko tenpluetan barneratzeko. Urari esker naturak loratzen jarraituko du, baldin eta kutsadurak, urtegiek eta gehiegizko arrantzak eta deforestazioak Tonle Sap, Mekong eta Bassac ibaiak itotzen ez baditu. Eta bere tantak jarraitu ahal izango ditugu, aduana dantzariak zeharkatzen, arrantzaleen erritmo geldoan nabigatzen eta Kotxintxina zaharraren bihotz urtsuan bizitzari begiratzen. •

GIDA PRAKTIKOA Noiz Urtaro euritsuan. Ibaiak gehienezko emaria izaten dute eta ferry guztiak martxan izaten dira.

Diru-trukea Dirua riel-etara aldatu edota sobratutako dongak aldatu nahi badituzu, vietnamdar mugapostuan baino ezin duzu egin, ibaiaren ibilbidean.

Erredurak Ontziaren gainaldean joatea tentagarria da, baina brisak engainatu egiten du. Eguzkitako krema babesgarri on bat eramatea komeni da

Segurtasuna Ontzien segurtasuna asko hobetu arren, ez da Europako batez besteko mailara iristen.

35


Afrika 4x4 batean HEGOAFRIKATIK MOZAMBIKERA Testua eta argazkiak: Peio Etxebarria eta Irati Lopez


AFRIKA 4X4 BATEAN

Nork ez du noizbait telebistan Afrikari buruzko dokumentalik ikusi; animalia talde handiak, paisaia bakartiak‌ natura basatia eta gizakiaren arrastorik gabea. Gu ametsa egia bihurtzeko irrikaz geunden. Hegoafrikan egondako lagun batzuekin hitz egin ostean, bidaia geure kabuz egitea erabaki genuen. Abuztuan hasi genuen abentura, garai lehorrean, animaliak behatzeko egokiena. Gure erronka, Hegoafrika, Namibia, Botswana, Zimbabwe eta Mozambike 32 eguneko ibilbide zirkular bat eginez zeharkatzea.

uto konpainiakoek Johannesburgoko aireportura heldu eta berehala jaso gintuzten. Horiek hala, 4x4 autoa hartu eta hurbilen zegoen supermerkatura abiatu ginen elikagaiak erostera. Lehen lana eginda, mapan lo egiteko kokatuta genituen leku pare baten bila joan ginen, iluntzen ari zuen-eta, baina bat parke publikoa zen eta bestea lekurik ez omen zuen kanpin bitxi bat. Hirigunetik oso hurbil geunden eta ez zegoen lekurik kanpin-denda zabaltzeko; beraz, gasolindegi batean geratu eta ibilgailuaren barruan egin genuen lo. Horrela pasatu genuen gure lehenengo gaua. Handik Hobas herrira joan nahi genuen, Fish River Canyon-era, eta bi egunez gidatu ondoren heldu ginen Namibiako parke nazional horretara. Munduan dagoen bigarren arroilarik handiena da, Coloradokoaren atzetik. Zinez ikusgarria da eta iraupen ezberdineko ibilaldi ugari egin daitezke bertan.

A


Hori ezagutu ostean, Sesriemera abiatu ginen, Sossusvleiko gatz-lautadaren inguruan dauden harea gorridun dunak ikustera. Namibia da, diotenez, izarrak ikusteko munduko leku onenetakoa, eta bertan hala dela baieztatu genuen. Egunsentia iritsi baino lehen bertako duna batera igo ginen oinez, momentu berezi horretaz gozatzeko. Horrekin batera, ibilbide txiki batzuk egin genituen, eta autoa harean lehenengoz trabatuta geratu zitzaigun. Eskerrak han ezbeharretara ohituta dauden eta azkar lagundu ziguten 4x4a ateratzen. Dunak atzean utzi eta gure hurrengo geltokia Walvis Bay zen, baina bidean, autoak botata utzi zuen belgikar familia bat hartu genuen, ilunabarrerako gutxi falta zela eta lekutan zegoen errepide batean. Kilometro batzuetara zegoen piknik eremu batera eraman genituen; kanpamentua antolatu eta eurekin pasatu genuen gaua garabia agertu zen arte.

Animaliak ikusteko pazientzia behar da Lau egun basamortuan eta errepide bakartietan barrena ibili eta gero, zibilizazioarekin eta asfaltoarekin topo egin genuen berriro. Walvis Bayko paduretan, milaka flamenko ikusteko aukera dago, eta hondartzetan izurdeak ere bai. Depositua eta hozkailua berriro ere ondo bete ostean, iparralderago dagoen Cape Crossera joan ginen, itsas txakurren kolonia bat ikustera. Bisitaldi laburra izan zen, eta haren ondoren Ethosa parkera joan ginen, Namibiako ezagunenera, hain zuzen. Bertan hasi ginen Afrikako “Big Five� direlakoak eta beste hainbat animalia ikusten. Zona bakoitzean aldatu egiten dira, baina normalean “Big Five� edo Bost Handiak, hots, animalia handi edo indartsuenak hauexek dira: lehoia, elefantea, bufaloa, errinozeroa eta lehoinabarra. Orduantxe konturatu ginen animaliak ikusteko pa-

Behean, Namibiako Fish River Canyon-en ikuspegia eta ezkerrean Ethosa parkean aurkitutako haurrak. Erreportajea irekitzen duten irudietan, Sesriemeko duna gorriak eta bidaia honetan lagun izan zuten 4x4 autoa.


AFRIKA 4X4 BATEAN Namibiatik Bostwanara eta handik Zimbabwera. Beheko irudian, elefante afrikarrak Hwangue parkean.

40

zientzia handia behar dela, baita ordu luzez gidatu behar dela ere. Ethosako campsiteetan ur putzuak dituzte eta gauez jendea hurbiltzen da animaliak edaten ikustera. Hori bai, isil-isilik egon behar da, noski, bestela piztiak uxatu egiten direlako. Guk zortea izan eta errinozero familia bat ikusi genuen, eta benetan ikuskizun hunkigarria izan zen. Egun pare bat bertan eman eta gero, Botswanarantz abiatu ginen. Bidean, Hoba-ko meteoritoa dagoen lekutik pasatu ginen, munduko meteorito ezagunik handiena da hura, 60 tonakoa. Muga zeharkatu, eta bi egun behar izan genituen Okavango ibaiaren mendebaldeko erriberatik Maun

herrira iristeko. Bertatik kontratatzen dira inguruan egiten diren ekintza gehienak, baita Moremi parke ezagunean lo egiteko lekuak ere. Maunetik Kalaharira joan ginen, Afrikako hegoaldeko hainbat herrialde zipriztintzen dituen basamortu erraldoira. Kalahari hitza tswanera hizkuntzako kgalagaditik dator, eta ur gabeko tokia esan nahi du. Ordura arte bisitatutako lekurik bakartiena zen, gidatzeko apur bat zaila eta inolako hornidurarik gabekoa. Pentsa, egun batean bi auto bakarrik ikusi genituen. Hala ere, esperientzia izugarria izan zen, batez ere, gauean animalien erdian lo egitea eta izarrena eta ilargiarena beste argirik ez izatea.


Hurrengo helmuga Nxai Pans parkea zen. Bertara iristeko Makgadikgadi parkea gurutzatu genuen eta bertan animalia piloa ikusi genuen Boteti ibaiaren ertzean. Autoaren kolpe-motelgailuak ondo zebiltzala egiaztatzeko aukera ere izan genuen bertako harea eta zuloetan. Makgadikgadiko parkea hainbat gatzlautadak osatzen dute; Nxai, Sua eta Nwetwe, munduko gatz-lautada handienetarikoa izanik. Nxain bigarrenez geratu ginen harean trabatuta eta italiar safari talde batek lagundu zigun ateratzen. Oso barregarria izan zen, gu atera ostean eurak geratu baitziren trabatuta, baina oso ohikoa da hori harea sakona dagoen tokietan.

Maunera itzuli ginenean dutxa beroa eta argindarra inoiz baino gehiago eskertu genituen. Abionetan hegaldia egin genuen Okavango gainetik; txundigarria, animalia talde erraldoiak ikusi genituen zerutik. Hori bai izan zela dokumental baten parekoa! Bertan egonda derrigorrez egin beharreko ekintza da hori. Baina bidaian aurrera egin behar genuen, eta Maun atzean utzita, pare bat egunez gidatuz Moremi eta Chobe gurutzatu genituen, eta Mwandi View izeneko paradisura heldu ginen. Egun osoa gidatzen ibili ostean, harean hirugarrenez trabatu eta pazientzia handiz eta geure kabuz irten ostean, amesten genuen lekua zen hura. Linyanti ibaiaren ertzean dagoen itzelezko

Ethosa eta Walvis Bay (Namibia) eta Hegoafrikako Kruger parkeko fauna aberatsaren adibide batzuk besterik ez dira hauek.

41


Lerroon ondoan, Bostwanako Okavangoko delta airetik. Behean, Victoria Falls ikonikoen edertasuna eta txikian, Tofo (Mozambike) herriko hondartza bat.


AFRIKA 4X4 BATEAN campsitea da, eta hara non egun batzuk lehenago ezagututako italiarrekin topo egin genuen; bitxia eta polita aldi berean, eurekin hitz egiteko aukera aparta. Hurrengo egunetan Chobe bisitatu eta Zimbabwera pasatu ginen, Victoria Fallsera, ur jauziak ikusteko lekurik onena; izan ere, nahiz eta ur jauziak Zambian dauden, hortik aurrez aurre ikusten dira, eta ikuskizuna ederra da benetan. Lehoinabarra Hwangen Hurrengo geltokia Hwange parkea izan zen, Ethosaren oso antzekoa baina ez hain turistikoa. Hor ikusi genuen bidaia osoan topatutako lehoinabar bakarra, animalia eder hauek ikusteko oso zailak baitira. Nabarmentzekoa da Botswanatik urrundu ahala gero eta Mendebaldeko jende gutxiago ikusi genuela. Ondoren, Matobo parkera joan ginen, harkaitz erraldoiak ikustera, nahiz eta animaliak ikustea ere espero genuen. Baina ez animaliarik ez pertsonarik ez genuen ikusi. Edonola ere, gauean gure kanpamentua muntatuta genuela, hara non agertu zen gu bezala “galduta” zegoen beste bikote bat. Eurekin afaldu genuen eta Hwange parkean ikusi gintuztela esan ziguten. Ohikoa da jende berarekin leku ezberdinetan topo egitea. Egunsentian, Great Zimbabwe bisitatzera joan ginen, Erdi Aroan Afrika hegoaldean egon zen hiri garrantzitsuenetakoa, Unescok munduko ondare izendatua. Hemen ere gauean gure “lagunak” agertu ziren, Zimbabwen zehar ibilbide bera egiten ari baikinen denok, baina gu egun erdi aurreratuta gindoazen. Beraz, gauetan egiten genuen topo, afalorduan. Azkenik Mutareko Bvumba (lainoa, shona hizkuntzan) mendietako lorategi botanikora joan ginen. Lorategia bera ez zitzaigun beste munduko ezer iruditu,

baina Afrikako sabanatik mendialdera egin genuen aldaketa harrigarria izan zen, ia 900 metroko desnibela. Han dena zen berdea, baso erraldoiak, zuhaitz garaiak, eta behe lainoa eta hotza aspaldiko partez. Polizia kontrolak amesgaiztoa izan ziren Zimbabwen egon ginen bost egunetan. Mozambikera pasatu ginenean lasaiago egongo ginela uste genuen, baina mugan arazo batzuk izan genituen bisekin, eta are okerragoa izan zen errepidean gertatutakoa. Herrialdearen erdialdean oraindik gatazka politikoaren ondorioak nabari dira eta handik edozein puntutara joateko militarrek kontrolatzen dituzte errepideak. Ordutegi bereziak dituzte konboiekin batera “seguru” bidaiatzeko. Egun horietan bizitakoen ostean, kostaldean lasai egotea erabaki genuen eta Inhambane probintziara joan ginen, Tofo herrira. Bertan hondartza luzeak eta ur gardena genituen, eta urpekaritza egiteko aprobetxatu genuen. Marrazo balea ikusteko leku onenetarikoa den arren, ez genuen ikustea lortu, baina bai xibartak. Tofoko relaxaz gozatu eta gero, Hegoafrikara bueltatu ginen, azkenengo parkea bisitatzera, Kruger sonatua. Ordura arte bisitatutako parkeekin alderatuz askoz ere hornikuntza hobeak ditu: ia campsite guztietan gasolindegiak zein dendak, parkeko errepide nagusiak asfaltatuta... Iluntzen ari zela berandutu egin zitzaigun eta campsiterako bueltan dozena erdi lehoi topatu genituen errepidean etzanda, hienak… ikaragarria! Nahiz eta hain basatia ez izan, animaliak ikusteko leku paregabea da. Kruger-en egun pare bat eman genituen, baina Johannesburgora itzuli behar genuen. Autoa itzuli, dena ondo zegoela baieztatu eta aireportura eraman gintuzten, 32 egun lehenago dena hasi zen leku berera. Berriro ere zibilizazioa, asfaltoa... •

GIDA PRAKTIKOA Noiz joan: Hego hemisferioko negu garaian joatea izaten da onena, garai lehorra baita. Ekaina–iraila artean.

Nora bidaiatu: Johannesburgora doazenak dira hegaldi merkeenak. Bertatik Afrikako txoko askotara hegaldi merkeak irteten dira.

Non alokatu: 4x4ak alokatzeko hainbat konpainia daude. Autoa hiri batean hartu ahal da eta beste batean bueltatu. Garrantzitsua da asegurua ondo zehaztea. Konpainia ezagunenak: Bushlore eta Britz (KEA).

Kontuan izatekoak: -Bisitatuko diren lekuetako gaixotasunez informatu, neurriak hartzeko. -Beharrezkoa da nazioarteko gidabaimena ateratzea. -Autoa hartzerakoan dena ondo dagoela ziurtatu; ura, gasolina, tresnak... -Autoa herrialde ezberdinetan erabiltzeko baimena eskatu. -Mugak zeharkatzeko bisa eta autoagatiko zergak ordaindu behar dira. -Leku gehienetan onartzen dituzte AEBetako dolarrak edo Hegoafrikako randak. -Ura eta gasolina ezin dira inoiz falta. Ibilbidea egiterakoan kontuan eduki herri batzuetan ez dagoela ez gasolina ez elikagaiak lortzeko aukerarik. -Parke nazionaletan debekatuta dago gauez gidatzea. Orokorrean ez da gomendagarria gauez gidatzea, errepide kaskarrak eta animaliak gurutzatzeko arriskua dago.

43


Arbaila mendikateak denetarik du: larre zabalak gailurretan, Pirinioetara ikuspegi aparta, pagadi itxiak mendi arteko bailaretan, eta ordoki karstiko batean ohikoa den anabasa, dolina eta lapiaz eremu arriskutsuez josita. Urak mendikatea jan du barrutik, eta mendiaren erraietan jaiotzen da Biduze erreka, Ipar Euskal Herriko ibai garrantzitsuena, Aturri, Uhaitzandi eta Errobirekin batera. Mila zulo baino gehiago zenbatu dituzte espeleologoek. Horietako batek, Aphanizekoak, 328 metroko sakonera du. Oso paraje bakartia da, Pirinioen itzalpean baitago.


Arbaila MUNDU EZEZAGUN ABERATSA Testua eta argazkiak: Andoni Urbistondo


Lerroon gainean, kurrilo sail bat Ihatea gainetik hegora, neguaren iragarle. Eskuinean, Arbailako altxor preziatuena: Pirinioetako ikuspegia. Ezkerreko muturrean AuĂąamendi agertzen da (2.507 m). Erreportajea irekitzen duen argazkian, AhĂźzkiko aterpea. Atzean, zurituta, Orhimendi, eta eskuinera, Iratiko mendiak: Eskaleta, Arthanolatze eta Xardeka.

46


ARBAILA axenabarre hego-ekialdean eta Xiberoa hegomendebaldean barrena hedatzen da Arbaila mendikatea. Pirinioen azken beso sendoa dela esan daiteke, iparren egiten duena, Kantauri itsasoan hil aurretik. Besoa, Iratiko mendi handiekin lotura zuzena duelako Burdin Olatze eta Iratzabaleta lepoen bitartez. Sendoa, 68,5 kilometro koadro dituelako, 1.200 metroko mendi dezente, eta hainbat sekretu ezezagun. Sarrera asko ditu Arbailak. Donibane Garazitik harro goititzen da Behorlegittutturru mendia, Txindoki ezagunaren antzeko fisionomia duen erpina. Baxenabarreko beste ate ezaguna Donaixti-Ibarreko Arla auzoa da. Biduze erreka jaiotzen den haitzulo erraldoira daraman bide hostotsua han hasten da. Xiberoako lurretan sartuta, Napale gaina ere egokia da, udazkenean ehiztari askoren bilgune bada ere. Xiberoatik hainbat tokitatik hel daiteke Arbailara. Maule hiriburutik ederki sumatzen da mendikateko silueta. Altzürükü, Urdiñarbe, Muskildi, Gamere-Zihiga... Arbailak larre aberatseko mendiak dira, 1.000 metrotik gora belardi zabal asko duena, eta azken hamarkadetan dozenaka bide edo bidexka egin dira, azienden jabeak goi mendietara autoz iristeko. 170 kilometroko errepide sarea dago, denera, eta horrek ikaragarri errazten du ibiltariaren ahalegina, eta aukera. Autoa 1.000 metrora utz daiteke Lanterre eta Aphanize mendateetan, edo Ahüzkiko aterpean, eta aukera hori Arbailako eremu zabala ezagutzeko baliatu. Egun bakarrean lauzpabost gailur egin daitezke, betiere 800 metroz goiti ibil daitekeelako. Ihatea, Behorlegittutturru, Hauskoa, Khünbürüa, Etxekortea, Zaboze eta beste gailurrak 1.200 metroen bueltan daude, eta haietako bakoitzera igotzeko ahalegina ordubete ingurukoa da. Behorlegittutturru eta Zaboze izan ezik, beste gailur gehienak belartsuak dira. Behorlegittutturru oso tontor ezaguna da, urrutitik ikusten da bere piramide itxurako silueta, eta ondo-ondoan dituen Pirinio handien anaia gaztea dirudi. Igoera erraza du, baina gailurreko kresterioak jantzi alpino dotorea ematen dio. Mendebaldera, Garaziko bailara zabala agertzen da, eta hegora, Euskal Herriko Pirinioak bere handitasunean. Udazken betean, lehen elurte sendoak kontraste ederra eragiten du Arbailako behatokitik. Udazkena iritsi aurretik jantzi ziren zuriz Baxenabarre, Xiberoa eta Nafarroako Pirinioak, irail erdialdean, eta elur gose ziren, ia bi hilabete luzatu den lehortearen ostean. Mendikateko gailur garaienean, Ihatean (1.286 metro), elur arrasto batzuk ikusten dira. Aurreko egunetan elurra egin duen seinale, baina 1.300-1.400 metrotik gora ondo zuritu du, zuriak distira egiteko moduan.

B

47


ARBAILA

Behean, Ihatea gailurrera bidean, harriz eta pagoz inguratuta. Eskuinean, handian, Biduze erreka jaiotzen den leize ikusgarria. Ehunka zulo daude Arbailan, eta haietan barrena egiten dute bidea ur azpiko errekek, lur azalera atera aurretik.

Parez pare agertzen dira Mendibeltz, Xardeka, Arthanolatze harroa (1.531 metro) eta Escaliers edo Eskaleta zorrotza. Iratiko ipar eski gunea ipar isuritik babesten duten mendiak dira horiek. Eta haien atzean, zaindari, Orhimendi erraldoia, Pirinioetako lehen bi mila metroko mendia (2.019 metro). Bertara hurbildu eta zuritasunean etzateko gogoa sortzen du elurrak. Orhitik mendebaldera ikuspegia are ederragoa da, mendi handietan elur gehiago pilatzen baita. Hasi Otsogorrigaùa, Kartxela eta Lakhurarekin, eta Belagua ixten duten menditzarrekin jarraitu: Auùamendi, Hiru Erregeen Mahaia, Petretxema, Atxerito... Midi d’Ossau ezaguna ere arazorik gabe ikusten da Ihateako begiraleku pribilegiatutik. Ordoki karstikoa Arbaila, ordea, mendi biribildu belartsu eta soil bilduma baino askoz gehiago da. Bere erraietan Euskal Herriko sistema karstiko garrantzitsuenetakoa gordetzen du, Larrakoaren ondoren (Belagua bailaran, Nafarroa). Urteen joan-etorrian, uraren erosioak mendigunea biluztu du, eta bere barnean hainbat eta hainbat bide eta putzu ezkutu daude. Batzuk ezagunak dira espeleologoen lanari esker, baina oraindik ere askoz

gehiago dira bilatzeko eta mapa batean jartzeko dauden lur azpiko bideak, dagoeneko bilatu direnak baino. Ez alferrik, datuek diote Arbaila mendilerroan mila zulo baino gehiago daudela, lurpeko dozena bat erreka, eta osin zulo eta leize erraldoiak. Leize erraldoi horien artean Biduze errekaren iturburukoa nabarmentzen da. Zaboze eta Beltxou hormen azpian dago, 620 metrora, eta 20 metroko zabalera eta altuera dauka, gutxi gorabehera. Naturak gizaldiz gizaldi moldatutako naturaren aurrean, gizakiari bere txikitasunean babestu eta inguratzen duen argazkiarekin aho bete hortz geratu beste erremediorik ez zaio geratzen. Haitzulo honetara iristeko abiapuntu egokiena Donaixti-Ibarreko Arla auzoa da. Handik ordu eta erdian, 7 bat kilometro denera, haitzulo handira irits gaitezke. Larrako ordokia da Euskal Herriko ordoki edo lautada karstiko ezagunena. Europa eta mundu osoko ezagunenetakoa ere bai. Ez alferrik, Euskal Herriko ekialdeko txoko horretan galeria sarea ikaragarria da, 125 kilometro. San Martin leizeak 1.410 metro ditu, gizakiak sakonera horretaraino bertaratzea lortu du, behintzat. Arbailan bada nabarmentzea merezi duen zuloa, Aphanize gainetik gertu, Behorlegittutturru gailurraren


Ihatea gailurreko harri pilaketa. Behean, zaldiak Bohorkortearen magalean, atzean Sihige mendia dutela, eta azpian, Mendibe herrixka, Baxenabarretik Arbailara sarbidea. Ondoko orrian, mendikateko gailur ezagunena, Lekunberritik: Behorlegittutturru (1.265 m).

50

magalean. 328 metroko sakonera du, eta frantses Estatuan, bertako putzu sakonena dela diote idatziek. Lainoarekin kontuz Sistema karstiko horrek itxura berezia eman dio Arbaila mendiguneari lur azpian, baina baita lur azalean ere. Larre zabalak bezala, mendi bideak lapiaz eta dolinaz beteta daude. Lapiaz edo lenarrak punta zorrotza duten harri multzo ilarak dira, era kaotikoan hedatzen direnak, eta ibilkera dezente zailtzen dute. Pauso bakoitzean oina non jarri zaindu beharrak halako nekea sortzen du. Zeresanik ez zorua bustia badago. Orduan lapiaz bidea arriskutsua ere bilaka daiteke. Eta udazkenean, normalena zorua hezea egotea. Euskal Herrian iparren dauden 1.000 metrotik gorako lehen mendiak dira Arbailakoak. Kantauri itsasotik hezetasunez lepo datozen laino multzoek lehen geltokia bertan egiten dute, eta oso eremu euritsua da. Pirinioak baino gehiago. Euria, eta lainoa, noski. Lainoa bada, ondo hausnartu behar da Arbailako mendilerroan murgildu edo ez. Lautada karstikoak pagadi itxi eta zabala du lagun gailurrak lotzen dituzten bailaretan, eta horietan erraza da perspektiba galtzea. Iparrorratza edo GPSa eramatea, beraz, gomendagarria izan liteke lainoa denean. 4.800 hektarea pagadi daude Arbailan, eta Eltzarreko ordokikoa da handienetakoa. Ohar bat ere badago, Inharpu gainetik gertu, han barneratzera doanarentzat, tentuz ibiltzeko gomendatzen diona. Lapiaz edo lenarrez gain, dolina edo osin zuloz josita baitago Arbaila. Zenbatutakoak mila baino gehiago. Ahßzkiko aterpetxetik Ihatea gailurrera bidean hiruzpalau topatuko ditu mendizaleak. Batzuk alanbre hesiz inguratuta daude, arriskutsuenak edo sakonenak direnak, baina beste batzuk ez. Laino itxiari elurraren osagaia gehitzen badiogu, Arbaila paraje horiek oso ondo ezagutzen dutenentzat bakarrik da aproposa. Izan ere, zanpatu gabeko elurraren azpian lapiaz zorrotzak edo osin zulo sakonak gordetzen dira, eta hori gogoan edukitzea komeni. Ihatea gailurrean, lertxun eta antzara sail handia pasatu da oihuka. Haiek gizakiek baino askoz lehenago sumatzen dute neguaren, elurraren etorrera, eta badoaz hegoalderantz, eremu epelagoren baten esperantzan. Azaroa hasieran dozena bat kilometrora geratu den elurrak Arbaila ere bereganatuko du, hango altxorrak eta tranpak ezkutatuz. Mundu zibilizatura bueltan, Ahßzkiko aterpe dotorean sabela berdintzen ari dira Burdin Olatze gaineko postuetan eskopetari eman eta eman aritu diren ehiztariak. Lertxunei buruz ari ziren, haiek urtero egiten duten bideaz, eta haiek bezala, erabakirik zentzuzkoena etxeko epelera bueltatzea dela deliberatu dute. •


ARBAILA

GIDA PRAKTIKOA Kokapena Arbaila Baxenabarren eta Xiberoan barrena hedatzen den 68.5 kilometro koadroko mendikatea da. Euskal Pirinioetan iparren egiten duen mendigunea da.

Nola iritsi Baxenabarretik Lekunberri, Mendibe eta Donaixti-Ibarretik iristen da. Xiberoatik hainbat herritatik: Altz端r端k端, Urdi単arbe, Gamere-Zihiga, Napale lepoa... Bertaraino iristeko Baxenabarreko hiriburura joan behar da, Donibane Garazira. Handik, Donazaharre zeharkatu, eta 25 kilometro daude Arbailara. Maule Xiberoako hiriburutik tartea laburragoa da: 20 kilometro eskas.

Ezaugarriak Arbaila 1.000 eta 1.300 metro arteko dozena pare bat gailur dituen mendikatea da. Ihatea da garaiena, 1.286 metrorekin, eta Behorlegittutturru denetan ikusgarriena (1.265 m). Pirinioak ikusteko behatoki ederrenetakoa da, ederrena ez bada. Larre zabalak ditu eremu garaienetan, eta pagadi aberatsak gailur arteko bailaretan. Euskal Herriko eremu karstiko garrantzitsuenetakoa da. Mendeen joan-etorrian, lur azpiko urek mendia jan dute, eta galeria, osin zulo eta leize asko daude. Biduze erreka horietako batean jaiotzen da, eta haitzulo hori da Arbailako altxor ederrenetakoa. Neguan, lainoa eta elurra denean, tentuz ibili beharreko parajea da, dolina eta osin zulo sakonak ezkutuan geratzen direlako ibiltariarentzat.

51


proposamen tematikoa

2018AN BISITATZEKO HERRIALDE ERAKARGARRIEN ZERRENDA Norbere filiak eta fobiak oso gauza pertsonala izaten dira, oporrak igaro edo bidaiatzeko orduan ere bai, baina egia da badaudela zenbait leku ia mundu guztiaren onespena jaso eta zirrara eragiten dutenak. Baldintza hori betetzen dute Lonely Planet-ek 2018an bisitatzeko herrialde erakargarrien zerrendan bildutako guztiek, egun batzuk igarotzeko toki paregabeak. Testua: Unai Agirre

Georgia Georgia Kaukaso hegoaldeko bidegurutzea izan da eta da. Mendeetan zehar mundu erdiko bidaiariak jaso ditu eta bere herriei, etxeei, hormei, historia darie. Herri adeitsua osatzen dute georgiarrek, eta oso gomendagarria da bertako tabernetan orduak erlojuari begiratu gabe igarotzea, bertakoen berbaldiekin gozatzen. Gainera, diotenez, euskaldunon lehengusu omen dira. Topa egiteko arrazoi bat! 52


Djibuti Afrikako Adarra bezala ezagutzen den eskualdean dago Djibuti, Somalia, Eritrea eta Etiopiak inguratzen dute eta Itsaso Gorriak eta Adengo golkoak bustitzen dute. Tamainaz txikia, Euskal Herriaren tankerakoa, herrialde ikaragarri ederra da. Gatz-lakuak, magma eta kea isurtzen dituzten tximinia naturalak –hiru plaka tektonikok bat egiten dute han– eta marrazo baleak ugariak diren urak eskaintzen ditu.

Txile Andeak alde batera eta Ozeano Barea bestera, Txile herrialde luze-luzea da, euskal herritar askoren aterpe izan da eta txango bat (edo bi edo asko) egitea merezi du. Ezaguna da Atakama basamortuaren edertasuna (lerroon gaineko argazkia), eta Patagonian “galtzeko” aukera ere kontuan hartzeko proposamena da. Santiago, 2018an independentziaren 200. urteurrena ospatuko duen herrialdearen hiriburua, bizitasun handiko hiria da.

Portugal Algarveko hondartza sonatuez harago –hirurehunek bandera urdina dute–, Portugalek hamaika eskaintza ditu bisitaririk zorrotzena asebetetzeko. Museo berriak ireki dituzte oso denbora tarte laburrean, eta sukaldaritzak garrantzi handia hartu du; aurten bertako zazpi jatetxek Michelin izar berriak jaso dituzte. Ingurumenari dagokionez, nabarmentzekoak dira herrialde horretako biosfera erreserbak, horietatik bi 2017an izendatu berriak. 53


proposamen tematikoa Zeelanda Berria “Eraztunen Jauna� filmaren grabazioak jende askoren radarrean jarri zuen Zeelanda Berria, pantailan azaltzen ziren mendi, baso eta ibaiak txundigarriak baitziren. Baina lehenagotik ere abenturazale eta kirolzale askoren leku kuttuna zen munduaren beste puntan dagoen herrialdea. Ondare natural konparaezina du Zeelanda Berriak, ibilaldiak egiteko eta ikuspegiez gozatzeko leku paregabea da, eta bertan bakarrik topa daitezkeen animaliak ditu. Urrun dago, baina zalantza gabe merezi du.

Malta Mediterraneoaren bihotzean egonda eta urtean 300 egun eguzkitsu izanda, Malta beti izan da turista askoren helmuga. Baina heldu den urtean Valleta hiriburua Europako Kultura Hiriburua izateak eta izendapen honen inguruan antolatutako ekimenek are interesgarriagoa egin dute uharte txiki hau, non, gainera, historian zehar zibilizazio garrantzitsuenek beren arrastoa utzi duten.

Maurizio Maurizioko Errepublika Indiako Ozeanoan dago, Madagaskarretik ekialdera 900 kilometrora eta Reunion uhartetik 250 kilometrora, eta izen bereko irlaz aparte beste uharte batzuek osatzen dute. Leku idilikoa da, harea fin eta ur gardenezko hondartzekin, eta azken urteetan azpiegitura turistikoak ugaldu dira. 2018an independentziaren 50. urteurrena ospatuko dute. 54


Hego Korea Modernitatearen eta teknologiaren ikur bilakatu da Hego Korea, eta Seul hiriburuko kaleetako etxe orratzen eta esekitako trenbideen artean ibiltzeak etorkizunera bidaia bat egitearen antza izan dezake. 2018an, gainera, Neguko Olinpiar Jokoak herrialde horretan izango dira, Pyeongchang-en, hain zuzen, eta aitzakia polita izan daiteke Asiako ekialdeko muturrera joateko.

Hegoafrika Mendiak eta hondartzak, basapiztiak eta ardoak, Lurmutur Hiria bezalako hiri kitzikagarriak... Hegoafrika kontinenteko herrialdetik erakargarrienetakoa da edozein bisitarirentzat, nahiz eta oraindik arrazakeriak utzitako arrastoak nabariak izan. Horren kontra lan egiten jarraitzen dute, eta, hain zuzen, 2018an hainbat ekimen prestatu dituzte Nelson Mandelaren jaiotzaren mendeurrena ospatzeko.

Txina Txina ez da potentzia ekonomikoa bakarrik, turistikoa ere bada, eta urtero milioika dira munduko herrialderik populatuena bisitatzen duten lagunak. Zenbakaitzak dira bere eskaintzak, batzuk oso ezagunak, hala nola Harresi Handia, Xianeko gerlariak, Guilineko parajeak, Shanghai..., baina nabarmentzekoa da Pekineko Jauregi Inperiala-Hiri Debekatua berriro ere ireki dutela. 55


HITZORDUAK: erakusketak LEEUWARDEN (HERBEHEREAK) ETA LA VALLETA (MALTA) 2018. urtean zehar Aarhus (Danimarka) eta Pafos (Zipre) hiriei lekukoa hartuko diete aurki Leeuwardenek eta La Valletak. Kultura Hiriburutza Europar Batasunaren ekimen bat da, 1985. urtean sortua, Europako herri ezberdinen arteko hurbilpena eta trukea sustatzeko. Urtero bi hiri izendatzen dituzte eta 2018an Frisiako eta Maltako hiriburuei egokitu zaie. Goiztiarrena Leeuwarden izaten ari da, dagoeneko ikusgai baitako bertako herritar misteriotsuenari eskaini dion erakusketa; hots Margaretha Zelle «Mata Hari» izenez Lehen Mundu Gerran mito bihurtu zen espioiaren jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harira prestatutakoa. valletta2018.org eta www.friesland.nl

56

PARIS (ESTATU FRANTSESA)

LONDRES (INGALATERRA)

Abenduaren 13tik 2018ko martxoaren 26ra Georges Pompidou Arte eta Kulturaren Zentro Nazionala –paristarren artean Pompidou edo Beaubourg bezala ezagutzen dutena– Renzo Piano eta Richard Rogers arkitektoek diseinatu zuten eta 1977ko urtarrilaren 31n ireki zituen ateak. Hau da, orain dela 40 urte. Urteurrena ospatzeko, 2017an 40 hiritara “hedatu” da Beaubourg, hainbat ekitaldi burututa. Pariseko eraikin nagusiari dagokionez, abenduaren 13an irekiko da denboraldiko erakusketa nagusia, Cesar-i, hots Errealismo Berriko adierazle esanguratsuenari, eskainiko zaiona bere heriotzaren 20. urteurrenean.

2018ko maiatzaren 18ra arte Inpresionistak maite badituzue, Tate Modern edo Arte Modernoko Britainiar Museo Nazionalean zabaldu berria den “The EY Exhibition: Impressionists in London, French Artists in Exile (1870–1904)” erakusketa gogoan hartu. XIX. mendearen azken herenean Estatu frantsesean, Parisen bereziki, sortu eta garatu zen pintura joera eta estilo hau arte modernoaren mugimendu nagusietakoa izan zen. Erakusketa honetan artista frantziar eta ingelesen eta galeristen arteko elkarlan eta loturak arakatzen dira lehen aldiz. www.tate.org.uk


GABONAK BARTZELONA (KATALUNIA) 2018ko urtarrilaren 7ra arte Azken urteotan munduko telesailik ospetsuena eta jarraituena bihurtu da, zalantzarik gabe, “Game of Thrones”. Eta Bartzelonako Itsas Museoa jarraitzaile amorratuen topagune bihurtzen ari da “The touring exhibition” izeneko erakusketaren nazioarteko biraren hastapena han kokatu baita. 10 eta 25 euro arteko sarreren truke, fantasia, amodio eta indarkeria batzen duen istorio honetan murgiltzeko aukera izango dugu. http://gameofthronesexhibition.es

MADRIL (ESTATU ESPAINOLA) 2018ko apirilaren 2ra arte J.K. Rowlingek irudikatutako fantasiazko mundua Ifeman dago, Madrileko erakusketa aretoan. Zehazki, han atondutako 1.400 metro karratuko gune ikusgarri batean. “The Harry Potter: The exhibition” erakusketa handi hau Europa osoan zehar ibili da, eta Estatu espainoleko hiriburua

aukeratu du agur esateko. Lortu duen arrakasta ikusita –hasi aurretik 150.000 sarrera salduta zituzten– apirilera arte luzatu dute erakusketa. www.harrypotterexhibition.es

ZENBAIT AUKERA BILBOTIK HEGALDI BATERA

Abenduan, turismoaren behe denboraldia da Italian. Beraz, garai ezin hobea dugu bertara bidaiatzeko, hegaldiak askoz merkeago aurki ditzakegulako. Bilboren eta MILANen arteko hegaldi zuzenak aprobetxatuz, aukera aparta eskaintzen digu bidaia azkar bat egiteko. Abenduaren 7tik 11ra, adibidez, Duomo plazan 1288tik etengabe egiten den San Ambrogio azokara gerturatu gaitezke. Milanen bertan, abenduaren 18an, katedralean izaten den urteroko Gabonetako kontzertuak merezi du bertaratzea. Arratsaldeko 19.00etan hasten da eta doakoa da (aurretik tokia hartzea komeni da, bete-beteta egoten baita). ERROMA, zeresanik ez, Gabonen sinonimoa da, katolizismoaren hiriburua baita. «Hiri eternoa» Gabonetako prestaketetan trebea da, aitortu beharrean gaude. Bisitatu beharrekoak: Vatikanoko Piazza San Pietroko eta Piazza di Spagnako «presepe»-ak (jaiotzak), eta Campo dei Fiori-ko eta Navona plazako merkatuak. Azken hau munduko zaharrenetarikoa da (abenduaren 24ra arte zabalik). Bilbotik hegaldi labur batera dago, era berean, LONDRES. Garai honetan merezi du Tamesiseko hiriburua bisitatzea, ohiko arte eta aisialdi eskaintza oparoaz gain, adin guztietakoak asetzeko modukoak baitira merkatu, jai eta suzirien erakustaldiak. Southbank Centre-ko Neguko Jaialdian (urtarrilaren 2ra arte) Tamesiseko ertzean zirkua eta merkatuak aurkitu ditugu. Wintertime Market hiriko onenetarikoa da, diotenez. Beste aukera bat Hyde Park-era jotzea dugu, Winter Wonderland gunea haurrentzat urteko paradisua bihurtzen baita. Urtarrilaren 1era arte izango da zabalik. Eskozia nahiago badugu, EDINBURGO ederrean data hauetan aukera anitz ditugu. Edinburgh’s Christmas jaialdiak hiria bereganatzen du urtarrilaren 6ra arte: zuzeneko emanaldiak, kultur ekitaldiak, gaueko erosketak egiteko aukera, era guztietako azokak eta izotz gainean patinatzeko aukera izango dugu. Helduek ez dezatela galdu La Clique Noël –zirkua eta «burlesquea» nahasten duen antzezlan hau Edinburgh Fringe jaialdian sortu zen–; txikiek, ordea, “Ice Adventure: A Journey Through Frozen Scotland” (abenduaren 24ra arte) bisitatu dezatela, Eskoziaren historia izotzean zizelkatutako eskulturen bitartez ezagutu ahal izango baitute. 57


liburuen TXokoA

SORGIN SEINALEA EUSKAL KOMIKIGINTZAREN BEST SELLER-A

Sorgin seinalea Harriet ediciones, 2017 Euskaraz eta gaztelaniaz 248 orrialde, 40 euro

apurdi, 1611. urtean gaude. Elvira de Goitia emakume gazteari, ume txiki baten ama, beste emakume jeloskor batek sorginkeria leporatzen dio eta Pierre de Rosteguy, Lancreko jaunarengana eramango dute. Jauntxo krudela da Rosteguy, errukigabea, baina Elvirak ihes egin ahal izango du bere egoera berberean dauden beste emakume batzuei esker. Haiekin batera eta baita artzain gazte baten laguntzarekin, arriskuz beteriko bidaia bati ekingo diote Inkisiziotik alde egin nahian. Harriet eta Redondoren lan bikain hau berreskuratu eta eguneratu du Harriet argitaletxeak, oso edizio txukun, koloretsu eta ikusgarrian. 80ko hamarkadan HABEk helduen euskalduntzerako kaleratu zuen “Habeko Mik” aldizkarian plazaratu ziren Elvira de Goitia eta bere lagunen abenturak. Ondoren, egileek albuma osatu zuten, kanpoko merkatuan saldu ahal izateko. “Sorgin seinalea” euskal komikigintzan erreferentea bihurtu zen orduan, ehunka hizkuntzetara itzuli eta 100.000 ale saldu zituztelako Estatu frantsesean bertan argitaratu zen lehenengo urtean.

L


INKEN AZKEN HIRI EZKUTUAREN BILA

MINA ASKATZAILEAREN 200. URTEURRENEAN

Mundu guztian zehar ibili da Miguel Gutierrez-Garitano gasteiztarra eta oraingoan Perura egindako bost bidaia jaso ditu historia eta kazetaritza batzen dituen liburu honetan. Vilcabamba inken azken hiria izan zen Espainiako armadak erabat garaitu arte, baina basoan galdu egin zen eta, nahiz eta esploratzaile asko saiatu diren hura topatzen, misterioa izaten jarraitzen du. Eremu arriskutsua da, gainera, droga trafikatzailez josirik dagoelako. Lortutako irabazi guztiak Manuel Iradier elkarte afrikanistarentzat izango dira.

Xabier Mina Frantziako Iraultzaren bezperan jaio zen Nafarroan (1789). Ikasia, euskalduna, Nafarroako gerrillarien burua frantsestean, estatuko presoa Frantzian eta Mexikoko armada insurjentearen jenerala independentzia gerrateetan. 1817an, 28 urte zituela, Borboi erregeak fusilarazi egin zuen, Mexikon maila goreneko heroi bilakatu zelarik. Gertakarion 200. urteurrenean Kepa Larreak bere biografia idatzi du eta, osagarri gisa, Minari buruzko kantuak eta fikziozko istorioak bildu ditu beste ale batean.

Vilca Bamba. El reino escondido Miguel GutiĂŠrrez-Garitano La Esfera de los Libros, 2017 576 orrialde. 22,90 euro

ENDAKO LURRALDERA ITZULI DA TOTI Lau hamarkadaren ondoren, Toti Martinez de Lezearen pertsonaiak Endaren lurralde mitikora itzuliko dira. Herensugearen mendikate misteriotsuan kokatutako zazpi mendi sakratuetako batean bizi da Amari jainkosa. Bere herriaren babesaren ardura du Amarik, baina ezusteko etsai bati egin behar izango dio aurre: Inguma da, bere semea, Gauaren jabea. Mitologian eta historian oinarrituta, imajinazioz betetako nobela honekin seguruenik denboraldiko salduenen artean kokatuko da idazle gasteiztarra. Ittun Toti Martinez de Lezea Erein, 2017 456 orrialde. 22 euro

Biba Mina! Kontuak eta kantuak eta Mina eta libertadea! Kepa Larrea Pamiela, 2017 160 eta 224 orrialde. 16,00 eta 18,50 euro

FAULKNERREN KLASIKO BAT EUSKARAZ Nobela modernoaren izen handietakoa da Faulkner estatubatuarra, eta eleberri hauxe da haren ospearen zutabe nagusietakoa: abentura baten kontakizunaren ordez, edo horren gainetik, kontakizuna bera da hemen abentura. Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldean girotua, XX. mendearen hasieran, zuriak eta beltzak beren izaera eta hizkera propioekin erretratatuak. Urrezko Biblioteka bildumaren azken ale hau –literatura unibertsaleko perlak berreskuratzea du xede– Asun Garikanok euskaratu du. Hotsa eta ardaila William Faulkner Elkar, 2017 338 orrialde. 10,20 euro

59


Gogoan hartu

WESTERHEVERSANDEKO ITSASARGIA MENDE BAT BAINO GEHIAGO BIDEA ERAKUSTEN Westerheversandeko itsasargira heltzeko 45 minutu inguruko ibilaldia egin behar duzu Eiderstedt penintsulako zelai, padura eta ia zapaldu gabeko dunetan zehar. Oso atsegina da haizeak aurpegian ematen dizun bitartean leku horrek eskaintzen duen lasaitasunaz gozatzea. Schleswig-Holstein estuan kokatuta, leku ederra da Eiderstedt, itsasargia ederra den bezalaxe, eta horregatik Alemaniako bikote askok han egiten dituzte beren ezkontzako argazkiak, kanpoaldean edo barruan. Barrura sartzeko bisita gidatua egiteko txartela erosi behar da penintsulako aparkalekuko informazio gunean. Behin txartela hartuta, itsasargi zuri-gorriak dituen 157 eskailera mailak Argazkia: Axel Heimken igotzen has gaitezke. Igoera ez da samurra izango, baina goiko aldera heltzea lortuz gero, ikuspegia benetan zirraragarria da, batez ere eguraldi ona egiten duen egunetan, eta Helgoland, Ipar Itsasoan dagoen uharte txikia ere ikus daiteke. Lekuaren edertasunaz aparte, gida zerbitzua ere oso interesgarria da, eta Alemaniako ingurune horretaz, itsasargiaz eta kostaldeko naturaz eta zaintzaz hainbat argibide ematen ditu. Gaur egun Wadden itsasoko babesaz ardu-

60

ratzen diren boluntarioak eta teknikariak bizi dira itsasargiaren ondoan dauden bi etxetxoetan, baina 1978a arte farozainen bizilekua ziren. Aparkalekura itzultzeko beste bide bat har daiteke, hain zuzen, Stockenstieg-eko bide historikoa, 45 zentimetroko zabalera duen adreiluzko bidexka bat, paduretatik zehar eta hiru zubi zeharkatuz ibilgailura eramango zaituena. Mendea baino gehiago duen eraikina Westerheversandekoa itsasargi zaharra da, mendea aspaldi bete zuen. 1906an eraiki zuten eta 1908an hasi zen lanean, baina orain turismogunea da, beste ezer baino gehiago. Inguruan, gainera, badaude bisitatzeko moduko beste zenbait leku. Adibidez, St. Peter-Ordingeko etxe tipikoak oso politak dira, eta bertako tabernaren bateko terrazan eseri eta kafe edo txokolate beroz betetako katilua hartuta itsasora begiratzea benetako plazera da. Gatz usaina barrenean sartzen zaizun heinean alde egiten dute buruko minek, penak eta estresak. Argibide gehiago hemen: www.westerhever-nordsee.de/leuchtturm-info


HISTORIAURREKO OLATUAN PASEATZEN Argazkia: Mark Ralston

Urik gabeko leku idor batean olatu bat topa daitekeenik ez da sinesten erraza, baina, hain zuzen, “The Wave”, «olatua» ingelesez, Arizonako Page herritik gertu dagoen Coyote Buttes North-en gunerik bisitatuena da. Arrazoia agerikoa da, fosilizatutako hareak sortutako forma bitxi hori ikusteko modukoa baita. Munduan ez dago horrelakorik, eta ingurunea hain da hauskorra ezen egun bakoitzeko lekua bisitatzeko hogei lagunentzako baimena baino ez dutela ematen, horietatik erdia egunean bertan egiten den zozketa bidez, eta beste erdia webgune batean erosita. Baina aukera dutenak txundituta itzultzen dira. Adituek diotenez, olatua osatzen duten hondar ale

laranja eta horixka horiek duela 160 eta 180 milioi urte artean hasi ziren bata bestearen gainean jartzen, Jurasikoan, eta ordutik orain gutxira arte zain egon dira, ea nork topatuko. Izan ere, orain dela gutxira arte ia inork ez zuen “The Wave” ezagutzen, eta pasa den mendeko 90eko hamarkadan egin zen famatua, argazkilari alemaniar batek hari egindako argazkiak argitaratu zituenean. AEBetako mendebaldean dago Coyote Buttes North –hegoaldeko eremuari, argi dago, South deitu zioten– Vermilion Cliffs National Monument parke naturalean, Utah estatutik oso gertu. Leku lehor eta basatia da, basamortua, eta gomendagarria da udan ez joatea. 61


LABURRaK

» GAUDIK DISEINATUTAKO LEHEN ETXEBIZITZA IKUSGAI BARTZELONAN ragan azaroaren 16an ateak ireki zituen Casa Vicens-ek, Antoni Gaudi arkitekto katalan ezagunak pentsatu eta zirriborratu zuen lehenengo etxebizitzak. Duela 132 urte eraiki zuten, eta orain, museo bihurtuta, Gaudiren eraikinen ibilbidean sartuko da. Eraikin horiek guztiak Munduko Ondare izendatu ditu Unescok eta Bartzelonako amu turistiko nagusietakoak dira. Joan Abella Casa Vicens-eko zuzendariak irekiera ekitaldian adierazi zuenez, etxebizitza hori Gaudiren «manifestu-lana» kontsidera daiteke, erabateko askatasun estilistikoz jardun zelako eta hurrengo lanei bidea ireki zielako. Gainera, XX. mende bukaerako europar abangoardia arkitektonikoak izandako bilakaerari aurre hartu zien.

I

SEI TURISTA ATXILOTU DITUZTE MANKINIA JANZTEAGATIK xekiar Errepublikako sei lagun atxilotu zituzten joan den azaroan Astanan kalean mankinia jantzita ibiltzeagatik. Bainujantzi mota hori Sacha Baron Cohen aktoreak egin zuen ezagun “Borat” filmean, eta, hain zuzen, film horretako pertsonaia nagusiak zeraman jantzi berde fosforeszente bera zeramaten atxilotutako turistek. Borat pertsonaiaren ilearen antzeko ileorde bat era bazeramaten, eta itxura horrekin ibili ziren Kazakhstaneko hiriburuko kale nagusietan bertako Polizia gerturatu eta denak atxilo hartu zituen arte. Guztiei «bandalismo» delitua egotzi eta hirurogei euroko isuna jarri zieten.

T

INGURUGIROA ERRESPETATZEN DUTEN OSTATUAK, ARRAKASTATSU ero eta jende gehiagok «eco-friendly» ostatua, alegia, ingurugiroarekiko begirunetsuak direnak, bilatzen ditu oporretara joatean. Batez ere, jende gazteak. Izan ere, Hoteles.com webguneak egindako ikerketaren arabera, Estatu espainoleko 30 urtetik beherakoen %34k espresuki horrelako hotelak bilatzen dituzte bidaia bat antolatzen duenean; batez bestekoa %23koa da 45 urtetik gorakoen artean. Ildo honetan, besteren artean Suediako zuhaitzetako hotelak, Txileko material birziklatuz egindako ostatua eta Omanen energia egoki kudeatzen duen eraikina turismorako helmuga bihurtu dira lagun askorentzat.

G

VUELING KONPAINIAK LOIUN BERE PRESENTZIA HANDITUKO DU ueling hegaldi-konpainia da Loiuko aireportuko garrantzitsuena, bertan izaten diren hegaldien %35 bere hegazkinek egiten baitituzte, eta taldeko ordezkariek adierazi dutenez beren asmoa, gainera, presentzia hori handitzea da. Horrela, heldu den urtean 186 eserleku izango dituen hegazkin berri batekin osatuko dute Bizkaiko flota, eta orotara lau hegazkin izango dituzte aireportu horretan modu egonkorrean. Gainera, datorren udan Loiutik hegaldi gehiago programatuko ditu, eta, besteren artean zortzi hegaldi izango ditu, egunero, Bartzelonara. Andaluzia, Kanaria uharteak eta Balearretarako eskaintza ere hobetuko du, 1.700.000 bidaiari izateko xedearekin.

hutsa

DEBEKUAREN AURKA DANTZAN Gezurra badirudi ere, New Yorkeko tabernetan dantza egitea debekatuta dago 1926an onartutako «Cabaret Law» delakoaren ondorioz. Nahiko gauza bitxi eta zentzugabea, eta orain debekua bertan behera uzteko dantzaldiak antolatzen hasi dira.

V

hutsa

ZABORREN ERRONKA ZIPREN Ziprek inoiz baino bisitari gehiago jaso ditu 2017an, eta turismoa goraka doa urtetik urtera. Horrek, hala ere, zaborren kudeaketan arazoak eragin dizkio Mediterraneoko irla horri, eta birziklatze egitasmo berriak martxan jartzen hasi dira.

62


hutsa

hutsa

«TRANSFORMER» BAT TXINAREN ERDIAN “Transformerrak” marrazki bizidunetako eta filmetako pertsonaiak dira, hegazkin, kamioi edo beste ibilgailu edo tresna bilaka daitezkeen robotak. Robot handiak, gainera, erraldoiak. Eta halakoxea da ere Txinako Guiyang hirian, Zientzia eta Fantasia Jaialdiaren karietara, ezarri duten erreplika ere. 53 metroko altuera dauka, eta edozein unetan hegan hasiko dela ematen du. Zalantzarik ez, inguru horretako haurrek beren auzokide berriarekin asko gozatuko dutela.

hutsa

ULURUN ESKALATZEA DEBEKATU DUTE Argazkian azaltzen dena Australiako Uluru mendia da, munduko monolito handiena eta bertako jatorrizko biztanleentzat izaera berezia duena. Hain zuzen, bere garrantzi kultural handiagatik bertan eskalatzea debekatu berri dute australiar agintariek.

ESPERIENTZIA GASTRONOMIKO BEREZIA Shanghai hirian Ultraviolet jatetxea ireki dute, non bezeroei “2001: A Space Odyssey” filmeko musikarekin egiten dieten ongietorria. Paul Pairet sukaldari frantsesak egindako plater minimalistak dastatzeko aukera izango dute eta soinu, usain eta ikuspegi bereziek zentzumenak ernaraziko dizkiete. Hori bai, esperientziaz gozatzea oso garestia omen da.

hutsa

hutsa

GIZAKO PIRAMIDE HANDIKO AURKIKUNTZA BENETAKOA AL DA? Iragan azaroaren 2an munduko egiptologo guztiei eta zientzialari askori zirrara eragin zien berri bat zabaldu zen: Scan Pyramids misioak, eraikinak ikertzeko “eskaner” berezi batzuk erabiltzen dituenak, orain arte ezezaguna zen galeria erraldoi bat aurkitu zuen Gizako Piramide Handian, Erregearen eta Erreginaren ganberen artean. Berriak, noski, zalaparta handia eragin zuen, baina handik gutxira Egiptoko agintariek hori ez zela horrela esan zuten. Diotenez, gauza jakina da piramideetan espazio hutsak daudela, beren pisuari eusteko, eta ustez «aurkikuntza» horietako bat baino ez omen da. Polemikak bizirik dirau; nork izango du arrazoia? 63


7h109  
7h109