Issuu on Google+

Euskararen Ordenantza onetsi denekoa Gure hiria ezohiko egoera batean bizi izan da urte luzez, antzeko Udalek ez bezala, gaur arte ez duelako arautu euskararen erabilera. Eta jakina denez, arautzen ez diren gauzak borondatearen esku geratzen dira; eta euskararekin, maiz borondate on gutxi topatu dugu. Lizartarrok ageriko atxikimendua adierazi diogu euskarari aspaldidanik, eta honen erakusgarri azken hamarkadetan euskararen mundura batu garen milaka herritarrak. Euskaltegiaren bidea hartu, eskolena izan ala familia barruko transmisioaren bitartez, azken urte hauetan jendarteak aurrerapausu nabaria eman du euskara Lizarrako eguneroko bizitzan txertatzeko. Honek baina, ez du behar bertzeko islada izan Udalean, eta horren erakusgarri Kontseiluak egindako hizkuntza politikaren bi neurraldietan gure hiriak eskuratutako emaitza negargarriak, soilik Tutera eta Zangozaren aurretik. Gaur pozteko eguna dugu euskaldun eta euskaltzaleok. Ospatzekoa dugu, bai, baina zer ospatuko dugu? Jakin badakigu arautegi honek ez duela hamarkadetan Udal honek izan duen jarduna berehala aldatuko, denbora beharko da emaitzak ikusten hasteko; ez hori bakarrik, ukatu ezineko zailtasuna izanen da Euskararen Ordenantzaren kontsentsutik at geratu dela agintean den alderdia. Gainera, aldaketa sakona lortu nahi badugu, indartu beharreko hiru zutabe ezinbertzeko ditugu: erabakiak, erabaki horiek gauzatzeko baliabideak eta prozesu honen emaitzak ebaluatu. Hortaz, galdera errepikatuko dut: zer dugu bada gaur ospatzeko? Bada, hain zuzen ere, euskaldunoi lan egiteko ate berriak zabaldu zaizkigula; etapa bat bukatu dugula eta berri baten hastapenetan sartzen ari garela. Bide honetan bi tresna sortu ditugu bi urte luze hauetan. Bata, agerikoa, arautegi hau, bere argipuntu eta zalantzekin, tresna guztiek bezalaxe, lan egiteko lanabesa behar duena, ez erakuslehio batean uztekoa. Bigarrena, lurruntsuagoa, lausoagoa, ahuskorragoa, ahulagoa, baina berebiziko garrantzia duena: kontsentsua, gaiarekin sentsibilitaterik handiena izan ahal dugun alderdien arteko adostasuna. Erabakiak hartzen jarraitzeko, baliabideak esleitu ahal izateko, asmo onak gauzatzeko, ezinbertzeko izanen zaigu azken urte eta erdian ordenantzaren inguruan sortu den konplizitateari eustea eta sakontzea. Norbera beretik emanez, euskaldunok eta euskaltzaleok erakutsitako konpromezuak hauspoturik, bide honi eutsi egin behar diogu. Eta, hortaz, ezin solasaldi hau bukatu kontsentsua posible egin duten PSNri, NaBairi, Ezker Batuari eta Aralarri eskerrak eman gabe. Esker anitz beraz denoi. Ordenantza hau bide emankor baten etapa soil bat bertzerik ez dadila izan.


BILDU