Duela urte batzuk Bierzon (Leon), 1936ko Gerran lurperatuak izan ziren hainbat pertsonen gorpuzkinak azaleratu zituzten. Aurkikuntza horien ostean zabaldu zen, batez ere, Memoria Historikoaren kontzeptua. Euskal Herrian ekitaldi ugari sortu dira gerran fusilatutakoen oroimena berreskuratzeko. Aldi berean, preso egon zirenen edo zigorrak jasan zituztenen aldeko ekimenak sortu dira. Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak emateko dekretua plazaratu zuen eta eztabaida bizia izan da erakunde horren eta gerrako biktimen elkarteen artean. Gauza bera gertatu da Espainiako Gobernuak sustatutako Memoria Historikoaren Legearekin. Zergatik eztabaida horiek? Zerk sortzen du horrelako interesa? Nola azaleratu daiteke 36an estalitakoa? Galdera horiei guztiei erantzuteko hainbat adituk osatutako mahai-ingurua antolatu dugu.