Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 87

Iraultzaren eraginez; era berean, gizarte barruan, botere harremanak aldatuta zeuden. Ikuspuntu marxistatik, liberalismoa eta kapitalismoa identifikatu izan dira. Hori dela eta, nahiko izan da Iraultza Gloriatsua lehenengo iraultza liberal gisa jotzea, horretan kapitalismoaren garaipena ikusteko. Horrela, ez dago lekurik ñabardura eta desberdintasunetarako. Esaterako, liberalismoa ikuspuntu ekonomikotik bakarrik interpretatzen da, hau da, gizartea merkatua dela esaten duen ikuspuntutik —ikuskera hori XVIII. mendearen erditik aurrera nagusituko da, hau da, Iraultzaren ostean—. Dena den, zer gertatzen da alde politikoarekin? Erlijio tolerantzia, aurretiazko gaitzespena ezabatzea, norberaren segurtasun juridikoa, epaileen independentzia —Iraultza garaian lortuak (Tolerance Act, 1689koa; Licensing Act, 1695ekoa; Habeas Corpus Act, 1679koa, eta Act of Settlement, 1701ekoa)— ez dira izaera ekonomiko eta kapitalistako lorpenak edo burgesiaren aldeko lorpenak bakarrik. Azken finean, gizakiaren oinarrizko eskubideak —berdintasuna, askatasuna edo lanaren bidez lortutako jabetza— eta John Lockek defenditutako botere-banaketa —botere betearazlea eta botere legegilea—, absolutismoaren aurkako eskaerak izan ziren. Horiek ab initio egin ziren, eta izaera orokorra zuten. Denbora aurrera joan ahala, gizarte klase guztiek eskaera horietatik onurak aterako dituzte. 1.4. Montesquieuren ekarria John Lockeren ostean, Montesquieuk egingo du ekarririk aipagarriena liberalismo politikoari buruzko teoriaren inguruan. Montesquieuk boterebanaketa diseinatzen du, Lockeren lana eta Ingalaterraren konstituzio ohitura kontuan hartuz. Diseinu hori estatu boterearen egituraren barruan kokatuko da, eta botere hori mugatuko du. Montesquieu eta Lockeren asmo nagusia berbera da: botere politikoan konfiantzarik eza eta askatasuna bideratzeko botere hori murriztu beharra. Montesquieuren esanetan, botereak hedatzeko berezko joera du eta «betidanikoa da boterea duen gizon orok hura gehiegikeriaz erabiltzera jotzea». Hori dela eta, sistemaren bat asmatu behar da gehiegikeria hori eragotzi edo, gutxienez, zailago egiteko. Montesquieuren hitzetan, «Botere gehiegikeriaz erabiltzerik ez izateko, zera behar da: gauzen antolaeraz, botereak boterea geldiaraztea»12. Montesquieuren teoria, botere-banaketari buruzkoa, 1748an argitaratutako Legeen espirituaz lanaren XI. liburuaren 4. kapituluan agertzen da.

12

Montesquieu, Legeen espirituaz I (Bilbo, Klasikoak, 1999), 194 eta 195. orr.

87


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.