eraikitzeko, aurreoinarri arrazionaletatik abiatuz eta edozein erreferentzia transzendente albo batera utziz. Dena den, iusnaturalismo arrazionalista beren helburu zehatza baino harago doa. Laburbilduz, iusnaturalismoak dio, natura lege unibertsalen bidez araututako ordenaren araberakoa dela, eta lege horiek ez dutela inolako loturarik giza borondatearekin. Beraz, gizakiek jokatu behar dute giza naturatik, hau da, arrazoitik ondorioztatzen diren arauen arabera. Arrazoia gizakiaren berezko ezaugarria da, beste izakietatik bereizten duena. Arrazoiarekin bat datorrena naturarekin ere bat dator. Enuntziatu horietan ondorio iraultzaileak antzematen dira. Hain zuzen ere, arrazoiak, gizaki guztiena denez gero, edozein denbora eta lekutan baliozko legeak ezartzea ahalbidetu behar du. Horrez gain, gizaki guztiak berez direla berdinak esan nahi du. Bestalde, legeak, arrazoiaren adierazpen diren heinean, aginte eta botere politiko edo erlijioso guztien aurrekoak dira, eta ez dute inolako loturarik horiekin; gainera, legeak ez dira baliozkoak onartu edo aldarrikatzen direlako, agerikoak eta erabat objektiboak direlako baino. Esandakoa kontuan hartuz, hiru galdera egin daitezke: zergatik daude estatua edo beste erakunde politiko batzuk?; zein dira gizakiek errespetatu beharreko lege naturalak?; botere politiko guztiek ez al dute lege horien arabera antolatzeko eta lege horiek errespetatzeko betebeharrik? 1.3. Ingalaterra: Locke eta Iraultza Gloriatsua Europa mendebaldean XVII. mendearen bigarren erdialdean sortzen den giro intelektuala —arrazionala eta indibidualista— Frantziako Iraultzaren ostean zabaldu eta orokortu zen kontinente osotik. Ingalaterran, ostera, ideologia liberal modernoaren eta monarkia mugatuaren erregimenaren lehenengo oinarriak sortu ziren antzinago. Hori horrela izan zen, Ingalaterraren bilakaera politikoaren baldintza bereziengatik, 1550etik 1640ra ekonomian eta demografian izan ziren aurrerakuntzengatik, eta pentsamenduaren inguruko aurrerapenengatik. Ingalaterran liberalismo politikoaren lehenengo formulazioa egin zen —John Lockeren lana, 1690an argitaratua, Gobernuari buruzko Bi Eskuliburu izenburua duena—. Horrez gain, Ingalaterran, erregearen boterea neurri handian murriztu zen lehenengoz, Iraultza Gloriatsua tartean zelarik (1688tik 1689ra). Gertaera bi horiek, euren artean lotura historikorik izan gabe, ikuspuntu beretik azter daitezke, absolutismoaren aurkako borrokan irabazle izan ziren neurrian (Lockeren lana, teoria-argumentazioaren aldetik; eta Iraultza Gloriatsua, alderdi historiko-konstituzional zehatzaren aldetik). Bestalde, 82