Aipamen berezia egin behar zaio Sobietar inperioaren gainbeheraren eraginez Europako Ekialdean gertatu den nazionalismoen zabaltze fenomenoari. 7. Europako integrazio-prozesua 7.1. Prozesuaren jatorri garaikideak Europako integrazioaren jatorri garaikideak 1923an daude, Richard Coundenhove-Kalergi kondeak Paneuropa liburua argitaratu zuen urtean, hain zuzen. Horrez gain, haren eraginez, Paneuropa Batasun mugimendua sortu zen: mugimenduak ez zeukan zerikusirik alderdi politikoekin, eta Europako estatuen batasun politikoaren alde zegoen, Ingalaterra eta Errusiarena kenduta (horiek mundu potentzia gisa hartzen baitziren). Aristides Briandek ere, Frantziako Kanpo Arazoetarako ministroak, 1929an, Nazioen Elkartearen baitan azaldu zuen, europarrek tradizio eta kultura bera zutela, eta, horren ondorioz, nolabaiteko erakundean elkartu behar zutela. Proposamen hori jasotzeko txostena egin zen; horren arabera, Europar Batasunak izaera politikoa eduki behar zuen, eta haren organoek ez zuten estatuen subiranotasuna murrizten. Hala eta guztiz ere, proiektu hori ezerezean geratu zen. Oro har, liburu eta hitzaldien bidez egindako ahalegin edo iradokizun guztiek Europako gobernuei euren arteko batasuna beharrezko zela adierazteko helburua zuten, eta hurrengo hauetan oinarritu ziren: Europaren gainbehera, totalitarismoaren arriskua eta gerrari beldurra. Baina, bakarbakarrik, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta gero, jasandako esperientzia umiliagarrien eta elkartzeko beharrizan ekonomikoaren eraginez, erkidego motaren bat eratzea helburu bihurtuko zen. Europako integrazio-prozesuak 1946tik aurrera agerian utzi du Europa ulertzeko modu desberdinen artean egon den borroka. Ulerkera desberdin horiek guztiek, Europa elkartu bat lortzeko asmoa izateaz gain, estatu nazionaletan banatzeak zituen ondorio makurrak aipatzen zituzten. Hasieran, nazionalismoa mugimendu emantzipatzailea izan zen mendebaldean, askatasun eta tolerantziako etorkizuna hitzematen baitzuen. Baina, geroago, historiak erakutsi du nazionalismoak arrisku larriak (gerrak, diskriminazioak) ekar zitzakeela, osagai emozionalak zirela eta (batez ere, nagusitasun eta esklusibitate konplexuak). Hala eta guztiz ere, kontuan hartu behar da arte, literatura eta hizkuntzari dagokionez nazioek dituzten ezaugarrien alde positiboa, baita giza aniztasunak eta aniztasun geofisikoak duten aberastasuna ere. Nazionalismoaren urritasuna agerian geratu zen, batez ere, antolatzeari eta ekonomiari zegokienez Europak zituen arazoak konpontzeko or55