karguari autonomia ematen dio. Instituzionalizazioaren arabera, egintzak, onurabideak eta politika mailan jokatzeko moduak antolatuko dira, horietan arituko den pertsona kontuan hartu gabe. Aurretik azaldutakoa ez da botere politikoak historian zehar izan dituen eraketak sailkatzeko ahalegin orokorra besterik. Botere politikoaren eraketa horiek antolaketa modu ezberdinak izan ditzakete. Gu Europa mendebaldean gertatu den botere politikoaren instituzionalizazioaz arduratuko gara, hain zuzen ere, estatuaren eraketarekin hasten denaz. Dena den, estatuarena azaltzen hasi baino lehen, botere politikoari modu estuan lotuta dauden beste kontzeptu batzuk —agintea eta legebidezkotasuna— aztertu behar ditugu. 3. Botere politikoaren izaera: agintea eta legebidezkotasuna J. W. Lapierreren esanetan, agintea eta indarra dira botere politikoaren bi osagaiak. Horren arabera, botere politikotik hurrengo harreman hauek ondorioztatzen dira: batetik, agintea/obedientzia; bestetik, menperatzea/mendekotasuna. J. Baechler-ek dioenez, boterea aginte, indar eta zuzendaritza biltzen dituen kategoria mistoa da. Bi egile horiek azpimarratzen dute aipatutako konbinazioak izaera konplexua duela, batzuetan oso zaila baita boterea osatzen duten osagaiak eta horien proportzionaltasuna antzematea. Hori ulergarria da, kontuan hartzen badugu guk arauak betetzeko arrazoien gainean hausnartzen dugula modu subjektiboan. Obeditu egiten dugu, baina zergatik? Gizarte ordenaren aurrean jarrera kontserbadorea izaten irakatsi digutelako? Agindutakoa betetzearen egokitasuna modu arrazionalean ebaluatzen dugulako? Kontzientziarik izan gabe obeditzen dugulako? Agindutakoa ez betetzeak ekarriko lukeen isuna kontuan hartzen dugulako? Ohitura edo alfertasuna dela eta? Edo agindua eman duena guk, modu askean, aukeratu dugulako? Galdera askoz gehiago egin daitezke. Horrek agerian uzten du, adituak oztopoak dituela inguru geopolitiko zehatz batean botere harremanak ulertu, bereiztu eta kontzeptualizatzeko. Edonola ere, teoria mailan egiten diren bereizketak nahiko erabilgarriak dira, errealitatea zehatz eta mehatz azaldu ez arren. Agintea Aginte terminoak ez du esanahi bakarra, beraren erabilera ez da politikaren eremura mugatzen. Adibidez, pertsona bat astronomiaren arloan agintea edo autoritatea duela esaten da, pertsona horrek gai horri buruz asko dakienean; horren ondorioz, pertsona hori ondo ikusia da, eta bere 44