ezta auzitegiak euren izatea jendearen begiradatik gorde nahi dituzten herrietan ere. Herrialde horietan, argi dagoenez, auzitegiek euren egitekoa mugatzen dute, kasuan-kasuan zein zuzenbide aplikatu behar den adierazteko bakarrik.
2. Eginkizun judiziala Eginkizun judiziala gizartearen bakea eta ordena zaintzea da. Zuzenbideak bake eta ordena horiek ordezkatzen ditu, gizarte-bizitza antolatzen duen araubide moduan ulertuz gero. Eginkizuna, hortaz, epaileei dagokie, eta eginkizun hori jarduera jakin batzuen bidez gauzatzen da. Zeintzuk dira jarduera horiek? Botere Judizialari buruzko Lege Organikoak (BJLO) ezarritako hurrenkera onartuz gero, jarraikoak izango lirateke: «arauak alderdikeriarik gabe betearazi eta aplikatzea (…); botere publiko guztiak legepean jartzea; administrazio-jardunaren legezkotasuna kontrolatzea; eta norbanako guztiei babes eragingarria eskaintzea, euren eskubide eta legezko interesak egikari ditzaten»4. Nola gauzatzen da eginkizun hori? Epaile eta auzitegiek osaturiko egitura organikoaren zeregina, orokorrean bada ere, gizarte jakin batean indarrean dauden arauak aplikatzea da. Lehen esan dugun moduan, hasieran hauxe ulertu zen: arauaren aplikazioa eragiketa erraza zen, silogismo hutsa; horren premisa nagusia araua bera zen; premisa txikia, aldiz, prozedurapean zegoen egitatea; eta epaia edo ebazpena, azkenik, ondorioa. Ikuskera horrek zeregin jurisdikzionala mugatu zuen, gutxienekoan jarriz. Gainera, oinarri eztabaidagarriak zituen, antolamendu juridikoa multzo oro-hartzaile eta zentzudun bezalaxe ikusten zuela, hutsune eta kontraesanik gabekoa. Bestalde ere, legearen hitzak bidebakarreko edo monosemikotzat hartzen zituen, adiera bakunekoak. Epaile edo auzitegiak, baldintza horiek zirela eta, Zuzenbidea adierazi besterik ez zuen egin behar. Nolanahi ere, gaur egun badakigu ez dela sistema juridikorik —arau multzo bezalaxe ikusita— oro-hartzailea denik. Badakigu, berebat, (arlo juridikoan terminologia zehatz eta zorrotza izan arren) hitzek interpretazio anitz izan ditzaketela, hitzak eurak adiera frankodunak baitira. Horren guztiaren ondorioz, araua aplikatzeko zeregina gaitz eta zaila da, ikuskera horrek nahi zuen baino gaitzago eta zailagoa behintzat. Eta, edozein modutan
4 1985eko uztailaren 1eko Legea, Botere Judizialari buruzko Lege Organikoa, zioen azalpena.
351