d) Ikerketa-taldearen bilerak isilpekoak dira herri batzuetan (berbarako, Espainian), Parlamentuko lanetan publizitatearen erregela nagusi bada ere. e) Ikerketa-taldearen ondorioak ez dira lotesleak auzitegientzat, eta Ganberaren Osoko Bilkuran eztabaidatzen dira. Batzorde horiek egiten duten kontrolaren eragingarritasuna zin-zinez loturik dago, batetik, haien osaketarekin eta, bestetik, batzorde horiek zernolako ahalmenak izan eta ikerketak egiteko moldearekin.
3.2. Gobernuaren erantzukizun politikoa Aurreko gai batean azaldu genuen bezalaxe, erantzukizun politikoa garbi desberdintzen da, ministro-erantzukizunak izan ditzakeen beste arlo horietatik (penala, zibila eta administratiboa). Izan ere, Gobernuari ezin zaio erantzukizun politikorik eskatu beste erantzukizunak bezala, hots, auzitegietan; haatik, Parlamentuan eskatu behar zaio. Parlamentuak bere iritzia emango du, Gobernuak harturiko neurrien egokiera eta eragingarritasunari buruz, Gobernuak halako neurriak har baititzake, Konstituzioak ematen dion zeregina betetzean. Mendebaldeko egineretan behinik behin, erantzukizun politikoak dakarren zehapena «karguaz gabetze» deritzona da; argiago esateko, Gobernuak kargua uzteko betebehar juridikoa du, Ganberaren konfiantzarik ez badu. Bi dira, beraz, Parlamentuak Gobernuari erantzukizun politikoa eskatzeko dituen bideak: konfiantza-arazoa eta zentsura-mozioa. a) Konfiantza-arazoa Blondelek esan du konfiantza-arazoa dela «Gobernuak bere buruaz beste egingo duelako mehatxua»6. Izan ere, konfiantza-arazoa prozedura berezia da. Prozedura horren bitartez, Gobernuak bere erantzukizun politikoa eskaintzen dio Parlamentuari, xede jakin batzuekin. Xedeok, besteak beste, jarraikoak izan daitezke: lege-proiektu bat —eztabaidarik gabe— onets dadin erdiestea; Parlamentuaren konfiantza duen egiaztatzea; edota Gobernuak bere egoera politikoa berrindartzea. Horren erabilera biderkatu egiten da, Gobernuaren egoera Biltzarrean ahula denean. Konfiantza-arazoak ministro-krisia ekar dezake, eta krisi
6 J. Blondel, Introducción al estudio comparativo de los gobiernos (Madril, Revista de Occidente, 1972), 427.
344