lamentuko «organo artezkari» deritze (Lehendakaria eta Mahaia), eta euren zereginak betetzen dituzte, interes orokorrari buruzko irizpidearen arabera, betiere, gutxiengoen eskubideei eta erregelamenduetako manuen aplikazio orekatsuari kasu eginez. Badira, bestalde, Parlamentuko taldeak ordezkatzeko organoak (Bozeramaileen Batza). Horien bidez lortu nahi da Parlamentuko jarduna arinagoa egiteko lan-giroa10. Bestalde, batzordeen xede nagusia da Ganbera Legegilearen Osoko Bilkuraren lana prestatzea. Eta, bukatzeko, diputazio iraunkorrek Parlamentuaren jarraitutasuna bermatzen dute, berori bilduta ez dagoenean, desegin denean edota agintealdia bukatu denean. 5.1. Ganberaren Lehendakaritza Erakunde horren jatorri historikoa, gaur ezagutzen dugun moduan behinik behin, Europako kontinentean loturik dago Frantziako Iraultzaren ondorioz sortu zen lehenengo biltzar modernoarekin. Kasu batzuetan, estatuburuak edo gobernuburuak horren izendapenean parte hartu arren, Parlamentuaren subiranotasuna eta botere-banaketaren printzipioa estuesturik aplikatzeak behaztopatu egin zuen, ia beti, Ganberako lehendakaria Parlamentuaz besteko organo batek izendatzea. Ordutik hona, Parlamentuko lehendakaria Ganberaren agintari gorena da, eta bertako kideek aukeratzen dute zuzen-zuzenean (adibidez, Frantzian, Italian, Alemanian, Espainian…). Gaur egun, Parlamentuko Lehendakaritzak bere agintea eta autonomia indartu ditu, estatuaren beste botereei begira eta, bereziki, Parlamentuko indarrei begira, parlamentuburuaren jarduerak inpartzialtasuna behar baitu. Hori zor zaio, hein handi batean, Komunen Ganberako Speaker deiturikoari. Ospe zabalekoa da hark bere jardunean duen oreka11. Parlamentuko lehendakariaren zereginak jarraikoak dira: a) Ganberaren goi ordezkaritza du. b) Parlamentuaren erregelamendua betearaztea, zalantza kasuetan hori interpretatuz eta arauetan hutsunea dagoenean horiek ordeztuz. c) Parlamentu-begirunea eta usadioak bete daitezen zaintzea.
10 Organo horiek eta «organo artezkari» izenekoen inguruan, ikus I. Torres Muro, Los órganos de gobierno de las Cámaras (Madril, Diputatuen Kongresua, 1987). 11 S. Sánchez, «El sistema político británico», in S. Sánchez eta P. Mellado, Sistemas políticos actuales (Madril, CERA, 1993).
328