Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 31

Klasea gizabanakoak duen botere ekonomikoaren araberakoa da: kapitala edo jabetzak dituen ala ez, eta lan egiteko indarra errentagarria den ala ez. Estamentu egoera, pertsona bakoitzak gizartean duen ospe edo ohorean oinarritzen da. Pertsona batek gizarte ospearen eskalan duen lekua, eta, horren ondorioz, botere handiagoa edo txikiagoa izatea, ezaugarri batzuk edukitzearen eta gizarteak horiek aintzat hartu edo baztertzearen araberakoa da. Oro har, ospea eratxikitzeko kontuan hartzen dira bizimodua, hezkuntza, kultura, lan mota, ohiturak eta gustuak; dena den, gizabanakoaren arrakasta ekonomikoak ere badu eraginik. Amaitzeko, gizarte desberdintasuna edo hierarkia botere politikoa edo eragina banatzearen ondorioa izan daiteke; kasu horretan, gizabanakoak besteen jokabidean izan dezakeen eragina da faktore eragingarria. Puntu honetan, garrantzitsua da azpimarratzea Weber-ek alderdi politikoari buruz duen ideia ez datorrela bat guk dugun ideiarekin; hau da, autorearen arabera, alderdia presio taldera hurbiltzen da. Hori horrela da, autoreak duen ikuskeraren arabera alderdi politikoak gizarteko ekintzetan eragina izan dezakeelako, menperatze politiko berriak eratzeko asmorik izan gabe. Klub edo estatu batean alderdi politikoak egon daitezke, eta horien interesek klase egoerak edo estamentuzko egoerak baldintza ditzakete, baina horrek ez du esan nahi, klase edo estamentu alderdiek izan behar dutenik. Modu egokian adierazi denez, ÂŤWeber-ek ez du zalantzan jartzen hiru botere mota horien artean ageriko korrelazioa dagoenik. Horren ordez, autoreak dio, botere ekonomikoa izatea eragina edota ospea lortzeko oinarri modura erabil daitekeela. Era berean, eragin politikoaren bidez abantaila ekonomiko batzuk lor daitezke, eta gizarte estamentua botere politikoa lortzeko bide gisa erabil daitekeÂť7. 4. Eliteak eta masak 4.1. Kontzeptua Gizarte mailaketa, gizarte egitura eta gizarte dinamika azter daitezke klase ikuspegiaren eremutik kanpo ere. Izan ere, klaseen ikuskera hertsian oinarrituriko metodoa, gure ustez, ez da inola ere nahikoa, gizarte sistemen konplexutasuna eta horien aldaketak ulertu eta azaltzeko. Ikerkuntza soziologikoaren beste korronte batzuk ere aipatu behar dira, klase azterketaz gain, azterketa hori aurkaratu, ordeztu edo osatzeko;

7 N. Laurin-Frenette, Las teorĂ­as funcionalistas de las clases sociales (Madril, Siglo XXI de EspaĂąa, 1976), 94.

31


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.