Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 30

Marxen ikuspegitik, klase nozioa hurrengoek zehazten dute: ekoizpen baliabideekiko harremanek, diru sarrerak lortzeko iturriak, interes erkideek, klase kontzientziak, kulturak, bizimoduak eta egoera ekonomikoak. Klase kopuruari dagokionez, ekoizpen bideen jabeen eta zuzeneko ekoizleen arteko desberdintasuna —hau da, esplotatzaile eta esplotatuen arteko desberdintasuna— argia bada ere, Marxek zenbait klase eta azpiklase bereizten ditu berak egin dituen historia eta politika azterketa batzuetan (Klaseen arteko borroka Frantzian eta Louis Bonaparteren Brumairearen hemezortzia): industri burgesia, burgesia txikia, nekazariak, proletarioak, proletarioen azpitik dagoen maila etab. Edonola ere, klase aniztasuna modu enpirikoan egiaztatzeak ez du Marxen eraikuntza teorikoa aldatzen. Horren arabera, egiazko borroka sistema kapitalistan nagusi diren bi klaseen artean gertatzen da: burgesiaren eta proletarioen artean. Klase borroka da, Marxen arabera, beraren teoria identifikatzen duen osagai dinamikoa, batez ere, kontuan hartzen bada klaseak gizarte modernoan bereizten direla gizartearen azken klaseak osatzeagatik: «ekoizteko harreman burgesak gizarte ekoizpen prozesuaren aurkako azken moduak dira. Aurkakotasun hori ez da gizabanakoena, gizabanakoen gizarte egoeratik ondorioztatzen da. Era berean, burgesiaren barnean sortzen diren ekoizpen indarrek aurkakotasun hori gainditzeko baldintza materialak sortzen dituzte. Beraz, gizarte eraketa horren bidez, gizartearen historiaurrea amaitzen da»5. 3.2. Weber-en ikuspegitik Marxek ez bezala, Weber-ek zuzenean aztertu zuen gizarte mailaketaren arazoa; irtenbide konplexua eman zion, gizarte desberdintasuna azaltzeko erabiltzen den irizpide aniztasuna dela eta. Horrela agertzen zen Ekonomia eta Gizartea lanean, gizarte mailaketari buruzko kapituluaren izenburuan. Honela dio tituluak: «Gizartean dagoen botere-banaketa: klaseak, estamentuak, alderdiak»6. Beraz, hiru alde ditu Weber-ek gizarte desberdintasun instituzionalizatua azaltzeko egiten duen ahaleginak. Desberdintze hori eragiten duten hiru faktoreak daude oinarrian. Horrela, klase egoera gizabanakoak ondasunen merkatuan eta lan merkatuan duen egoeratik ondorioztatzen da.

5 Karl Marx, Prefacio a la Contribución a la Crítica de la Economía Política (Madril, Alberto Corazón argitaratzailea), 38. 6 Max Weber, Economía y Sociedad (Mexiko, FCE, 1969), 682.

30


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.