XVII. ikasgaia
Sufragioa eta hauteskunde-prozesuak Pilar Mellado Prado
1. Sufragio-eskubidea lortzea Sistema politiko demokratikoetan, sufragioaren bitartez hautatzen dira erantzukizun politikoa izan behar duten horiek. Herritarrek, beraz, euren agintariak hautatzen dituzte. Alabaina, nortzuk dira hautesleak? Eta sufragio hori zer da? Agintariak hautatzeko eskubide orokorra ala herritar gutxi batzuei dagokien eginkizun hutsa? Sufragioari buruzko teoriek lotura estu-estuak dituzte subiranotasunari buruzko teoriekin. Horrela, herriaren subiranotasunari buruzko teoria onartuz gero, herritar orok eskubidea du, guztion borondatea eratzeko orduan. Horixe da, hain zuzen ere, Rousseauren aspaldiko teoria: herritar orok parte hartu behar du biltzarrak hautatzeko orduan; beraz, herritar orok sufragio-eskubidea du (eskubide-sufragioari buruzko teoria). Haatik, nazioaren subiranotasunari buruzko teoria onartuz gero, gauzak goitik behera aldatzen dira. Kasu horretan, Nazioa berezko erakunde juridikoa da, nazio hori osatzen duten gizabanakoen gain lokabe. Inork ezin du nazioaren izenean hitzik egin, Konstituzioak ez badio horretarako titulurik ematen. Konstituzioaren aginduz, hautatutako biltzarrari badagokio nazioaren izenean hitz egiteko eskubidea, orduan biltzar horrek erabakiko du zein herritarri dagokion biltzarra bera hautatzeko eginkizuna. Esangura horretan, Konstituzioak eginkizun hori eman diezaieke euren aberastasun oparoa dela-eta gobernu-erabakien pisua beren gain har dezaketenei; halakoek, aberatsak izanik, badute behar besteko denborarik, nazioari axola zaizkion gaietan hausnarketa egiteko (eginkizun-sufragioari buruzko teoria). 295