Hortaz, behin kontzeptu juridiko-politikoen nahasgarritasuna argitu eta gero —eta zenbaitetan kontzeptuak lagungarriak izan daitezkeela aintzatetsita—, jarraian zehatz-mehatz jorratu behar ditugu botere politikoaren lurralde banaketa gauzatzeko moduak. Hari berari segiz, ohartarazi behar da hemen ez dela aztertuko estatu baterakoia (horren eraketa, euskarri ideologikoa eta oinarrizko ezaugarriak jadanik azaldu ditugulako), ezta erregio estatua (Italia) edota estatu federala ere (Alemania eta Suitza), azken bi estatu mota horiek Pilar Mellado Prado irakasleak jorratu dituelako, Sistemas políticos actuales izeneko lanean. 4. Autonomien estatu deritzona Denboraldi labur batzuk kenduta, azken hiru mendeetan Espainiako estatuaren antolaketa ez zetorren bat horren azpian zegoen gizarte euskarriarekin; azken buruan, antolaketa hori kanpotik ekarritako eredua zen, zentralismoan oinarritutakoa. Horrela, Frantzian abantaila izan zirenak (administrazio antolaketaren arrazionalizazio, berdintasun, erregulartasun nahiz egonkortasuna), Espainian disfuntzio huts bihurtu ziren (agintekeria, bidegabekeria, berdintasuna desberdinen artean eta desberdintasuna berdinen artean, eragingarritasun-eza, geldotasuna etab.). Zernahi gisaz, Administrazioari nahiz gobernariei egotzi ezin zitzaizkien arrazoiak zirela bide, batzuetan sistema hori ibili zen, baina gaizki, eta zebilenean ere «aldaketak gorabehera, izaki bizidunek —gizakiek barne— orekari eusteko duten prestutasunari esker» zebilen7. Espainiako konstituziogileek ondo ezagutzen zuten Espainiako historia eta, ondorenez, 1978an estatuaren eraketa eztabaidatu behar zenean, herri, hizkuntza, naziotasun eta erregio aniztasuna jarri zuten hizpidean, horien guztien elkarbizitza politikoa ahalbidetzeko. Zeregin horren emaitza autonomien estatua izan zen. Izan ere, autonomien estatua botere politikoaren lurralde banaketa antolatzeko modu berria da, eta horren ezaugarri bereizle gisa ondokoak aipa daitezke: batetik, erregio estatuaren eta estatu integralaren ereduak gainditzen ditu (hurrenez hurren, Italiako 1947ko kasua eta Espainiako Bigarren Errepublikarena); eta, bestetik, hautabide berria da, beste herri batzuetan aplikaturiko eredu federalei begira. Edozein kasutan ere, gauza
7 «Homeostasi» deritzon fenomeno horrek egokitzearekin du zerikusia, eta biologian nahiz psikologian printzipio azaltzaile moduan erabiltzen da. Horrelaxe deskribatzen du The Fontana Dictionary of Modern Thooght deritzonak, 288. orrialdean (Bungay, Suflolk, Allan Bullock eta Oliver Stallybrass, 1977).
268