ez da halakorik gertatu behar —esate baterako, atzerriko gudarosteak egindako okupazioa—; gehiengoaren printzipioa aplikatu behar da; boterea goitik behera eta alboetara banatu behar da; botere legegilearen eta betearazlearen artean, oreka izan behar da; (…); botere judiziala independentea izan behar da; botere publikoak eta herritarrak antolamendu juridikoaren menpe egon behar dira»13.
Ikuspuntu horiek guztiak eta antzekoak aztertu eta gero, ondorio gisa atera daiteke ordezkaritzako demokraziak honako baldintza hauek bete behar dituela: a) Ordezkaritzako demokrazia izan dadin, askatasun jakin batzuk —oinarrian, adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna— eta eskubide jakin batzuk —sufragio unibertsal aktiboa eta pasiboa— izan behar dira gutxienez. b) Ordezkaritzako demokrazia eragingarria izan dadin, alderdi politiko anitz izan behar dira, eta euren arteko elkarlehia askea izan behar da, hauteskunde-garaiaren aurretik, bitartean eta gero ere; gainera, erabakiak hartzeko, gehiengoaren erregela aplikatu behar da, gutxiengo(ar)en eskubideak errespetatuz. Eta c) ordezkaritzako demokraziak iraun dezan, jarduna burutu behar da, legezkotasunarekin bat etorriz, botere judizialari independentzia emanez eta mota desberdineko kontrolak ezarriz. Espainian eta Mendebaldeko beste herri batzuetan ere, ordezkaritzako demokrazia ezarri da. Horixe izan da, hain zuzen ere, gizakiak, elkarbizitzaren antolaketa politikoari dagokion esparruan, lortu duen konkistarik handiena. Ordezkaritzako demokrazia ezartzean, «bake zibila erdietsi eta, horrekin batera, indarkeria politikoa txikitu egin da». Ordezkaritzako demokrazia horrek «zenbait eskubide eta askatasun aitortzea dakar, eta eskubide eta askatasun horiek, berez, oso baliotsuak dira». Ordezkaritzako demokrazian, «herriak ez du bere burua gobernatzen eta, beharbada, gobernua ez da herriarentzat ere. Zernahi gisaz, Gobernuak, aldiro-aldiro behinik behin, erantzukizuna du herritarrei begira»14. 4.3. Demokraziaren beste eredu batzuk Mundu osoan, korronte demokratizatzaileak berebiziko indarra hartu du eta, horren ondorioz, demokraziarekin lotuta, hamaika ikerketa egin dira, bai enpirikoak, bai teorikoak. Ikerketa horietan aztertu dira, besteak
13 Gurutz Jauregi, La democracia en la encrucijada (Bartzelona, Anagrama argitaletxea, 1994), 30 eta 31. orr. 14 J. J. Linz, «Some thoughts on the victory and future of democracy», Democracy’s victory and crisis, Axel Hadeniusen argitaraldia (Cambridge University Press, 1997), 418 eta 419. orr.
249