Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 240

Aro modernoan, Gobernua oraindik estatuarekin parekatuta zegoen eta, esangura hertsiagoan oraindik, Gobernua botere betearazlearen titular nagusiekin identifika zitekeen, hots, ministroen kontseiluarekin edo ministroen kabinetearekin; horien burua lehendakaria edo «premier» izenekoa zen. Nolanahi den ere, ez da luze hausnartu behar Gobernuaren eta estatuaren artean begi-bistako desberdintasunak daudela atzemateko. Desberdintasun horiek, besteak beste, jarraikoak dira: batetik, Gobernua giza bizitzaren edo, hobeto esanda, gizarte-bizitzaren egitura-ezaugarria da —ezaugarri iraunkorra da— eta estatua, aldiz, unean uneko errealitatea da eta, beraz, gainditzeko modukoa izan daiteke; bestetik, Gobernua estatuaren azpiko, estatuaren gaineko eta estatutik kanpoko esparruetan ere ager daiteke; eta, azkenik, estatuak, Gobernuaz aparte, beste hainbat osagai ditu; gobernuak, dakigunez, giza taldea zuzendu eta antolatzeko eginkizuna betetzen du. Estatua eta Gobernua, hala ere, nahasi egin dira. Anarkistek eta komunistek bultzatu dute, bultzatu ere, nahaste hori; ideia komunista horiek Karl Marx eta Friedrich Engelsen pentsalmodeari lotuta agertzen dira. Izan ere, bi autore horiek honako ideia hau zabaldu zuten: proletarioen iraultza irabazle ateraz gero —eta iraultza hori mundu osoko gizarte-iraultza beharko luke izan—, estatua desagertu egingo litzateke; «eginkizun publikoek euren izaera politikoa galduko lukete eta administrazio-eginkizun huts bilakatuko lirateke». Zernahi gisaz, arrazoibidearen ikusmiratik, eta bilakaera historikoaren ikusmoldetik ere, estatua desagertu edo gainditzeak ez dakar eta ez du ekarriko Gobernua desagertzea, Gobernua ezinbestekoa baita gizarte-bizitza antolatu eta bideratzeko. Gertaerak nola jazotzen ari diren kontuan hartuta, ziur asko, nazioez gaineko konpainia edo erakunde bateko administrazio-kontseiluak bereganatuko du jarduera hori. Bestalde, ez du ematen onartzeko modukoa denik «administrazioeginkizun hutsak» gauzatzea, norbaitek horiek programatu, bultzatu eta egokitzen ez baditu. Ildo horretatik, gogoratu beharra dago liberalismo ekonomikoaren ideia nagusia laissez faire, laisser passer, le monde va de lui-même esaldiak barneratzen duela. Bada, esaldi hori ezin da politikaren esparruan aplikatu. Gizarteetan edo giza taldeetan, horiek txikiak edo bakunak izan arren, ez da inoiz eta berez elkarbizitza baketsurik lortu. 2. Gobernu motei buruzko azalpen laburra, historian zehar Historian zehar izan diren gobernu-motak ez datoz bat, zehatz-mehatz, politikaren filosofoek eta teorialariek egin dituzten hausnarketekin. Zinez, filosofo eta teorialari horiek historia hartu dute kontuan, euren gobernu-motak definitzeko. Hala eta guztiz ere, kasurik gehienetan, haiek 240


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.