Egitura kontzeptu edo hitza zientzia formalak ikertzen dituztenen eremu terminologikoaren barruan sartu da hurrengo arrazoiengatik: batetik, ikertzaileak euren lexikoarekin pozik ez egoteagatik; bestetik, termino berri horren erabilgarritasun edo funtzionaltasunagatik. Aurrerakuntza da egitura hitza sartzea, antropologo, soziologo, historialari eta abarren ekarpenetan egitate edo fenomenoak deskribatzeko, azalpenak zehaztasun handiagoz egin daitezke eta. «Esanahirik hertsienean, egitura bat tresna baten oinarrizko itxuraketa edo lerro nagusien multzoa da… Nolanahi ere, egitura hitza artelan, literatura eta gizarte antolaketaren osagaiei aplikatu ahal zaie, horren esanahia zabalduz gero»1. 1.2. Gizarte egitura «Gizarte egitura» adierazpena erabiltzen da, gizartea, gizakien arteko harremanak, geografi eremu eta epealdi zehatz batean deskribatzeko. Kontzeptuaren ageriko zailtasuna argi daiteke, haren osagaiak kontuan hartuz: —egitura, izatez, multzo edo osotasuna da; —multzo hori zenbait zatik osatzen dute; —osotasuna eratzen duten zatiek elkarrekin lotuta daude, eta elkarrekiko mendekotasuna dute; —multzoa edo osotasuna zatietatik desberdintzen da, eta ezin da zati horietara mugatu; —multzo edo osotasun hori ez da lortzen, zatiak elkarren ondoan jarriz edo zati horiek batuz soilik; —multzo edo osotasunak izaera dinamikoa du; —multzoaren edozein zati aldatzeak beste zatiak eta osotasuna ukitzen ditu. —era berean, osotasunaren edozein aldaketak horren zati guztietan eragina du, baita zatien arteko loturan ere. Gizarte egitura honela defini daiteke: giza multzoan zati desberdinek kokatzeko eta lotzeko duten modua, edo gizarte osotasunean gizakumeen arteko harremanen antolaketa. Egia esan, gizarte egitura giza ekintzek sortu, eta aurreikusitako eta aurreikusi gabeko ondorioen emaitza da.
1 The Fontana Dictionary of Modern Thought (Londres: Allan Bullock eta Oliver Stally Grossen argitalpena, 1977), 608.
22