XII. ikasgaia
Askatasunak, eskubideak eta bermeak Santiago Sánchez González
1. Izena eta kopurua Gaur egungo munduan, beldurra, bortxa, gerra, gosea, gaixotasunak eta injustiziak nonahi dira. Dena den, eta paradoxa dirudien arren, giza eskubideak sakralizatu egin dira. Maila eta aplikazio eremu desberdinetako lege testuetan jasotako eskubideen zerrenda izugarri handitu da, Virginiako Herri Zintzoaren ordezkariek 1776ko ekainaren 12an egindako eskubideen adierazpenetik1 —aro modernoan egindako adierazpenik zaharrena aipatzearren— Espainiako Parlamentuak Herri Administrazioen Eraentza Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legea onetsi arte. Virginiako 1776ko eskubideen adierazpenean, aintzat hartu zen «bizitza eta askatasunaz gozatzeko eskubidea, betiere, jabetza lortu eta edukitzeko baliabideak, eta zoriona eta segurtasuna bilatu eta erdiesteko bideak izanda». Espainiako 1992ko legeari dagokionez, besteak beste, eskubidetzat —harri bedi edonor!— hartzen da prozedura baten tramitazioa edozein unetan nola dagoen jakiteko —interesatua izanez gero— eskubidea, bai eta, herritar batek administrazio arazoa bideratu behar duenean, horretarako premiazko diren betekizunen informazioa izateko eskubidea (35. art.).
1 Hau da jatorrizko titulu osoa: A Declaration of Rights Made by the Representatives of the Good People of Virginia, assembled in full and free convention. Which rights do pertain to them and their posterity, as the basis and foundation of government.
203