Doktrina - Zuzenbide Politikoa

Page 198

gatazkarik egonez gero, kongresu edo estatu kideen egintza legegileen gainetik konstituzio federala zegoela. Marshall epaileak, Marbury vs. Madison kasu ospetsuan (1803) emandako epaian, oinarrizko hiru printzipio ikus daitezke: 1) Botere judizialak Zuzenbidea aplikatzean sor daitezkeen gatazka guztiak ezagutzen ditu: «(…) epaileen eginkizunaren oinarrizko funtsa da Zuzenbide aplikagarria zein den adieraztea». 2) Konstituzioa, izatez, eskumen erregela da. Beraz, ezin da erregela hori urratu, legegintzazko egintza urratzailea ultra vires bihurtu gabe: «konstituzioaren aurkako legea deuseza da, eta konstituzioak auzitegiak lotzen eta behartzen ditu». 3) Epaileek botere legegilearen egintzen inguruan egiten duten kontrola giza eskubideen bermea da. Auzitegiek konstituzioaren aurrean begiak itxi eta legeak bakarrik aplikatu behar dituztela diotenek, Marshallen ustez, idatzizko konstituzioaren oinarriak hausten dituzte. Marshallek defenditutakoa garrantzi handikoa izan zen, Auzitegi Gorenaren jurisdikzioa zehaztu baitzuen. Jurisdikzio horrek indarrik handiena hartu zuen Bereizpen Gerra zibilaren amaieran, 1865etik aurrera: Auzitegi Gorenak tarkekari gisa jardun behar izan zuen iparraldeko estatu irabazle eta hegoaldeko estatu galtzaileen artean. Garai hartan, «epaileen gobernuari» buruz hitz egin zen. Marshallek epai hori eman zuenetik, Ipar Amerikako epaile eta auzitegiek, epaitzen ari diren kasuan aplikatu beharreko legea konstituzioaren aurkakoa dela susmatuz gero, epaia ematen dute, lege hori egongo ez balitz bezala, hots, ez dute konstituzioaren aurkako arauaren deuseztasuna adierazten; aplikatu gabe uzten dute lege susmagarria. Beraz, ez dute araua deuseztatzeko eskumenik, araua ez aplikatzeko eskumena baizik. Baina behe mailako epaileak lotuta daudenez goi mailakoek aurretik emandako epaiei (stare decisis printzipioa dela eta), Auzitegi Gorenak konstituzioaurkakotasuna baieztatu eta epaileek araua aplikatzen ez dutenean, orduan araua ez aplikatzea eta araua deuseztatzea, praktikan, parekoak dira. 3. Legeen konstituziotasuna kontrolatzeko sistema europarra Ipar Amerikako legeen konstituziotasuna kontrolatzeko sistema ez zen zabaldu XIX. mendeko konstituzionalismo europarrera, hurrengo arrazoiengatik: 1) «Printzipio monarkikoaren» nagusitasuna, konstituzioaren iturri formal moduan. Horren ondorioz, konstituzioa estatuaren botereak artikulatzeko agiria baino ez zen. 198


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.
Doktrina - Zuzenbide Politikoa by elkarmedia - Issuu