XI. ikasgaia
Konstituzioaren defentsa juridikoa Pilar Mellado Prado
1. Konstituzioaren nagusitasuna, eta legeen konstituziotasuna kontrolatzea Konstituzioa arau juridiko goren gisa hartzea eta, horren ondorioz ere, beste arau guztiak haren menpe egotea, Ipar Amerikako konstituzionalismoaren bilakaerari lotuta daude. Izan ere, ezaugarri horiek indartu egin ziren lehenengo konstituzio idatzi eta zurruna, hain zuzen ere, hango konstituzio federala, 1787. urtekoa, onetsi ondoren. Amerikako koloniarrek, Coke epailearen eta J. Lockeren ideien eraginez —koroaren eta parlamentuaren aurrean epaileen independentzia eta epaileek Parlamentuko legeen gain duten kontrola defendituko baitituzte horiek1— eta, metropoliaren aurkako borrokan, babestu egin zuten Zuzenbide oinarrizkoa edo «nagusia» (Higher Law) bazela, eta parlamentu britainiarrak ezin zuela hori indargabetu. Hiru faktoreren eraginez ezarri ziren konstituzioaren ulerkera arauemailea eta, horren ondorioz, Estatu Batuetako epaileek legeen konstituziotasunaren inguruan egiten duten kontrola. Hiru faktore horiek dira, egiaz, parlamentua ahalguztiduna dela ukatzea, herri horretako egitura federala eta Common Law delakoaren tradizio judiziala.
1 Coke epaileak Bonham’s kasu entzutetsuan aldarrikatu zuenez, 1610ean, «askotan, Common law delakoak parlamentuaren legeak kontrolatu beharko ditu eta, batzuetan, guztiz deusezak direla adierazi. Parlamentuaren lege bat arrazoiaren eta senaren aurkakoa, gorrotagarria denean, edo aplika ezina denean, Common law horrek legea kontrolatu eta deuseza dela adierazi beharko du», T. F. Plunckett, «Bonham’s Case and Judicial Review», Harvard Law Review (1938ko urria), 543-552.
195