elkarbizitza zuzenaren integrazio, iraupen eta garapenerako onak eta egokiak direla pentsatzen delako (ez da beharrezkoa arau eta erakundeon ezaugarri eta funtzionamenduaren berri zehatza izatea)»13. 2. Konstituzioa esangura formal eta materialean Alemaniako doktrinak, XIX. mendearen amaieran, konstituzioaren esangura formal eta materiala bereizi zituen. Bereizketa horrek indartsu iraun du Frantzia eta Italiako doktrinetan. Konstituzioaren esangura formala aipatzen denean, konstituzio idatzia alderatu nahi da. Konstituzio idatzia ordenamendu juridikoaren gorengo mailako araua da. Arau goren hori gainerako arauetatik bereizten da onartzeko eta berrikusteko parte hartzen duten organoei eta jarraitu beharreko prozedurari esker. Konstituzioaren nagusitasunari eusteak hurrengo ondorioak ditu: hasteko, konstituzioa ezin da aldatu lege arruntak aldatzeko prozeduraren bidez; jarraitzeko, konstituzioaren azpitik dauden arauak konstituzioarekin bat datozela kontrolatzeko sistema ezarri behar da. Esangura materialean, konstituzioa edukiaren arabera defini daiteke, hots, arautzen duen materiaren arabera: estatu mota, organo politikoak, horien eskumenak, herritarrekin dituzten harremanak. Bada, konstituzioaren esangura formal eta materialaren arteko bereizketa horri eutsiz gero, erraz froga daiteke kasu askotan biak ez direla bat etortzen. Horrela, esan daiteke konstituzioaren eduki osoa ez dela Konstituzio zuzenbidea, eta «Konstituzio zuzenbide osoa ez dagoela konstituzioan jasota». Kasu batzuetan, gerta daiteke konstituzio idatziak ez jasotzea boterearen egikaritzari buruzko arauak, hau da, «modu materialean, konstituzio izaerakoak» direnak, berbarako Parlamentu Zuzenbidea, Hauteskunde Zuzenbidea… eta alderantziz. Konstituzio testu batzuetan, oinarrizko erregelekin (estatuaren antolakuntzari eta boterearen egikaritzari buruzko erregelekin) zerikusirik ez duten xedapenak jasotzen dira. Beraz, xedapen horiek, konstituzioan jasota egoteagatik, «modu formalean konstituzionalak» izango lirateke. Adibidez, Suitzako Konstituzioko 25 bis artikuluaren arabera, debekatuta dago abereak hiltzea erritu israeldarrari jarraituz. Beste adibide bat Ipar Amerikako Konstituzioaren 18 eta 21. zuzenketak izango lirateke, alkoholdun edariak hartzeari buruzkoak. Ikuskera horren aurrean, nire ustez —I. de Ottoren bideari jarraituz—, bikoiztasun hori konstituzioaren balio arau-emailea ukatzearen adierazpen
13
P. Lucas Verdú, El sentimiento constitucional (Madril, Rens, 1985), 71.
155