gero: «Jaten ematen didanaren kantua abesten dut»; eta bertsio askean: «Nork ordaindu, horrek agindu». Finantzaketa publikoaren aurka hurrengo argumentua ere erabil daiteke: afiliatzea nahitaezkoa ez bada, zergatik lagundu behar diete herritar guztiek alderdiei? Polemikak aurrera egin arren, finantzaketa publikoaren bidetik jo eta finantzaketa pribatua arautu da. Polemika hori 1966tik aurrera zabaldu zen Danimarkan, Suedian, Alemanian, Italian, Estatu Batuetan, Austrian, Portugalen, Belgikan, Espainian, Frantzian —1988 eta 1990ean—, eta inguruko herrietan. Hona hemen arau horien helburuak: 1) alderdi politiko guztiei gutxiengo baliabideak bermatzea, alderdien arteko lehian nolabaiteko berdintasuna egon dadin; berdintasun hori ezinezkoa izango litzateke, finantzaketa pribatua baino ez balitz egongo; 2) interes eta presio taldeen aurrean alderdi politikoen independentzia bultzatzea; izan ere, taldeok arriskuan jartzen dute alderdiek erabakitzeko duten askatasuna, horri laguntza ematea erabakitzen badute behinik behin; eta 3) jarduera politikoari, sarrera eta gastuei dagokienez, sinesgarritasuna eta gardentasuna ematea. Kasuan-kasuan hartutako erabakiak aldatu egiten dira sistema politiko eta idiosinkrasia bakoitzaren inguruabarren arabera. Hemen ez ditugu guztiak aztertuko. Alderdiei baliabide publikoak ematen zaizkie, hain zuzen ere, diruzkoak edo zerbitzu batzuk dohainik erabiltzeko aukera, berbarako, posta edo telebista. Dena den, horretarako, hurrengo egoerak hartzen dira kontuan: alderdien ohiko ibilera; alderdiak nola jarduten duen biltzarretan parlamentuko taldeen bidez; eta alderdiaren ibilera hauteskunde garaian. Finantzaketa pribatuari dagokionez, hirugarrenen ekarpenei debeku eta muga batzuk ezartzea da ohikoena. Horixe egiten du Espainian alderdien finantzaketari buruzko uztailaren 2ko 3/1987 Lege Organikoak. 8. Alderdien arteko kidetasuna Frantziako esaera zahar batek hurrengoa dio: «Qui se ressemble s’assemble» («Antxumeak antxumetara, haurrak haurretara»). Horren arabera, badirudi antzeko ezaugarriak dituzten gizabanakoek elkartzeko joera dutela. Alderdien kasuan, hitz joko bat eginez, hurrengoa esan genezake: «Qui s’assemble finit par se ressembler», hau da, elkartzen direnak azkenean antzeko bihurtzen dira. Alderdien artean kidetasun fenomenoa gertatzen da; nire ustez, horren arabera, parlamentu alderdiek eta horien diputatuek antzekoak izateko joera dute. Nire ustez, zalantzaezina da parlamentuan ordezkaritza duten alderdien buruetako taldeek azkenean interes eta jokabide erkideak izango dituztela. Horiek alderdien arteko borrokak estaliko dituzte. Ganberetan ordezkaritza izateko behar adinako boto lortzen duten alderdi guztiek «klase 129