6. Alderdi politikoak eta boterea Hauteskundeak irabazten dituen alderdiaren izaera aldatu egiten da, alderdia boterean dagoen bitartean. Era berean, militante eta hautesleekin dituen harremanak ere aldatu egiten dira. Alderdi batek edo batzuek boterea lortzean, alderdietako kideek berehala beteko dituzte estatuko organoak. Une horretatik aurrera, hots, kide aktiboenak gizarte esparrutik maila politikora igarotzen direnean, alderdiak ordu arte izandako bitartekari izaera galduko du; izan ere, egindako hitz-emateak betetzeko eta bere programaren ildo orokorrak zehazteko moduan dago. Alderdi irabazlea edo irabazleak hautesleen ordezkari eta gainerako herritarren agintari —legebidezkoak, gehiengoaren erregela onartuta— bihurtzen dira. Baina alderdiaren ezaugarriak aldatzea da gobernuaren esparruan sartzean gertatzen den ondoriorik garrantzitsuena. Botereak bere eremuaren barruan edo hurbil mugitzen den edozein subjektu ezinbestean aldatzen du. Epe baterako, alderdi edo koalizio irabazleko buruzagien eta estatuko organoen artean bat-egitea gertatuko da; bat-egite horrek konstituzionalismoaren galga eta oreken oinarrizko sistema arriskuan jar dezake; botere-banaketa eta botereen arteko harremanak alda ditzake. García Pelayoren hitzetan, alderdien estatuan, «bi organoen [parlamentuaren eta gobernuaren] independentzia formala alde batera utziz, mendekotasuna dago alderdi batean edo alderdien koalizioan kokatutako erdigune erabakigarriarekiko; [eta] horrela, botereen banaketa horizontala erlatibizatu eta ordezten dute, batetik, gobernu-parlamentuaren gehiengoak eta, bestetik, parlamentuko oposizioak [gutxiengoak]»6. Zorionez, politika lehia askeko inguruan, boterea duen alderdia edo koalizioa ez dago inoiz bakarrik. Hurbileko alderdi batek edo batzuek —baina, egia esan, kasu guztietan ez— haren agintea kontrolatzen dute, kritikak eginez, interes desberdinak eta iritzi ofizialaren aurkakoak defendituz, eta gizartearen arazoen aurrean konponbideak proposatuz. Hau da, sistemaren barnean legezko oposizioa egin eta beste gobernu hautabide bat eskaintzen dute. Oposizioaren edukia, forma, indarra eta botere hautabide bihurtzeko aukera, konstituzioan eta praktikan aurreikusitakoaz gain, egon dagoen alderdi sistemaren —alderdi bi edo askotakoaren— araberakoa izango da. Horrez gain, kontuan hartu beharko da erkidego politikoak oinarrizko balioen inguruan duen adostasun edo banaketa maila. Alderdiak bere kideekin eta jarraitzaileekin dituen harremanak ere aldatuko dira, horrek boterea lortzen duenean. Izendapen askeko kargu eta lekuak konfiantzazko pertsona gutxi batzuek beteko dituzte. Alderdia osatzen dutenen artean berehala bereiziko dira, batetik, gorakariak,
6
Manuel García Pelayo, El Estado de Partidos (Madril, Alianza Editorial, 1936), 113-114.
127