Doktrina - Lan Zuzenbidea (1)

Page 205

Seigarren gaia

GREBA-ESKUBIDEA Laburpena: 1. Greba delitu, askatasun edo eskubide gisa.—2. Grebaren arauketa Espainian.—3. Greba-eskubidearen titulartasuna. Funtzionario publikoek greba egiteko duten eskubidea.—4. Greba-eskubidea egikaritzea: 4.1. Aldarrikapena, komunikazioa eta publizitatea; 4.2. Lokalak okupatzea; 4.3. Segurtasunerako eta mantentzerako zerbitzuei enpresan eustea.—5. Legearen aurkako grebak: 5.1. Greba politikoa; 5.2. Elkartasuneko grebak; 5.3. Aldaberritze-grebak eta greba «juridikoak»: bakea egoteko eginbeharra.— 6. Abusuzko greben modalitateak.—7. Gizartearen premiazko zerbitzuetan egindako greba: gutxieneko zerbitzu deritzenak ezartzea.—8. Grebaren amaiera. Nahitaezko tartekaritza.—9. Grebaren ondoreak langile grebalariengan.—10. Grebaren ondoreak grebarik egin ez duten langileengan.

1. GREBA DELITU, ASKATASUN EDO ESKUBIDE GISA Egun, klasikoa da CALAMANDREIk egindako bereizketa, hots, greba delitu, askatasun edo eskubide gisa ulertzea. Horri jarraituz, estatuaren antolamendu juridikoak hiru eratan uler dezake greba: hasteko, adiera negatiboan, gizartearentzat jarduera kaltegarria dela uler dezake. Horrelakoetan, greba delitutzat jo eta zigorrak ezartzen zaizkie grebalariei. Jarraitzeko, joera neutrala izan eta grebak gizartearentzat eraginik ez duela uler dezake. Bada, horrelakoetan, estatuak ez du greba delitutzat jotzen, baina, ikuspuntu juridikotik, greba lanpostua bertan behera uztea edota lan-betebeharrak ez betetzea beste denez, enpresaburuak, langilea zehatu ez ezik, kaleratu ere egin dezake. Amaitzeko, adiera positiboan, gizartearentzat jarduera onuragarria dela uler dezake (lan-baldintzak hobetzeko tresna dela, alegia). Halakoetan, greba eskubide gisa hartu eta horren ondorio bakarra da grebalarien lan-kontratuak etetea. Gainera, ezin daiteke inolako zehapenik ezar. Greba horrela sailkatzea kritika badaiteke ere (ez da zuzena greba askatasuntzat jotzea, baldin eta estatuaren ordez enpresaburuak zehatu badezake greba), sailkatze hori oraindik baliozkoa da, grebak izan ditzakeen hiru ondorio juridikoak zehaztu dituelako: zigor ez-zilegia, lan-arloko ez-zilegia edo eskubidea izatea.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.