Doktrina - Finantza Zuzenbidea

Page 83

Bosgarren ikasgaia

TRIBUTUAK LABURPENA: §15. Tributuaren kon tzeptu juridikoa.—44. Kon tzeptu juridikoa.—45. Tributuaren ezaugarriak.—46. Tributu-sistema.—47. Tributu-motak.—§16. Zergak.—48. Zerga pertsonalak eta errealak.—49. Zerga subjektiboak eta objektiboak.—50. Aldizkako zergak eta istanteko zergak.—51. Zuzeneko zergak eta zeharkako zergak.—§17. Tasak.—52. Tasa eta Prezio Publikoen 8/1989 Legea.—53. Tasaren kontzeptua.—54. Tasaren eraentza juridikoa.—55. Prezio publikoak.—§18. Kontribuzio bereziak.—§19. Ordainarazpen parafiskalak.

§15. TRIBUTUAREN KONTZEPTU JURIDIKOA 44. Kontzeptu juridikoa Tributu zuzenbidearen ardatzetarik bat tributua da, eratu ere, tributuaren inguruan eratu baita Zuzenbidearen adar hori. Tributua zer den argitzeko, aurren-aurrenik tributuaren kontzeptu juridikorik ote dagoen jakin beharko genuke. Konstituzioak maiz-sarri erabiltzen du «tributu» esamoldea (edo horren espezieak) eta, horren ondorioz, tributuaren kontzeptua badago Konstituzioan, baina ez du horren definiziorik ematen. Pentsa daiteke tributuaren kontzeptua, Konstituzioan erabiltzen den moduan, legegile arruntak ezarritako kalifikazioetatik, edo horrek eratortzen dituen formazko ezaugarrietatik ondorioztatu ahal dela. Jokabide hori, alabaina, onartezina da, kalifikazio arruntak eraldatu edo aldatzea nahikoa izango bailitzateke, legegile arruntak konstituzio-printzipioak saihesteko. Gertatu ere, horixe gertatu zen prezio publikoen kasuan 1989an, geroago ikusiko dugunez. Lehenengo gaian ikusi bezala, Konstituzioaren 31. artikuluak lege-erreserba ezarri du izaera publikoko ondare prestazioen gain. Aldi berean, gastu publikoei aurre egiteko, Konstituzioak tributuak ordaintzeko beharra ezarri du, tributu-sistemaren bidez eta ekonomi-ahalbidean oinarrituta. Hortaz, tributuak izaera ordaintzailea ala kontraprestazio-izaera izan beharko luke? Badirudi ezin daitekeela onar izaera biak batuko lituzkeen tributu kontzepturik. Hala eta guztiz ere, erabiltzaileak zerbitzu publikoaren kostua —osorik ala zati batean— kontraprestazio-izaeradun tributuen bidez ordaintzeak ez du esan nahi erabiltzaile horrek gastu publikoei aurre egiten ez dionik bere ekonomi-ahalbidearen arabera.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.