Doktrina - Finantza Zuzenbidea

Page 81

TRIBUTUAREN EGITURA JURIDIKOA

81

42. Zuzenbide publikoko betebeharra Esan dugunez, legeak betebeharra sortarazten du. Horrez gain, betebeharraren eraentza juridiko osoa arautzen du. Norbanakoen borondateak ez du eraginik betebeharraren sorreran, ezta horren eraentza juridikoan eta garapenean ere. Horregatik esan ohi da tributu-betebeharra xedaezina dela: norbanakoek edo Administrazioak ezin dituzte betebehar horren edukia, forma edo epea aldarazi. Tributu-betebeharrak izaera aginduzko eta indargabeezina du bi-biontzat. Horren azalpena bilatu behar dugu Administrazioak bete behar duen interes publikoan. Ildo horretatik, Administrazioak legearen aginduz kobratu behar du tributua, are gehiago, legeak esaten duen pertsonari kobratu behar dio tributu hori (gorago esan bezala, norbanakoen arteko itunak alderdien artean bakarrik dute eragingarritasuna, ez harreman juridiko-tributarioetan). Adibideren bat jartzearren, TLOren 75. art.ak tributuak barkatzea debekatzen du, barkamen hori lege bidez egiten ez bada. 43. Zerbait emateko betebeharra Zuzenbidearen Teoria Orokorreko kategoriei begira, tributu-betebeharra zerbait emateko betebeharra da. Zordunak bete behar duen jokabidea aintzat hartuta, esan dezakegu tributu-betebeharra diru-kopurua emateko betebeharra dela, tributuaren kuota emateko betebeharra hain zuzen. Izaera hori ez da urratzen, zenbait tribututan diruz ordaindu beharrean, efektu tinbredunekin ordaintzen denean. Izan ere, efektu tinbredunak diruarekin erosi behar dira, i.e., diru-kopurua erabili behar da horretarako. Gauza bera gertatzen da Historia eta Arte Ondareko ondasunak ematen direnean zergak ordaintzeko. Kasu horretan, ondasun horiek dirutan baloratu behar dira, eta Administrazioa eta norbanakoak ados egon behar dira ondasunei emandako balioarekin. Nolanahi den ere, norbanakoak beti du zergak diruz ordaintzeko eskubidea. ยง14. TRIBUTU-PROZEDURA Tributua ikuspegi dinamikotik ere begira daiteke. Tributuetan, elkarrekin lotuta dauden egintzak ageri zaizkigu; egintza horien bidez, prozedura amaitzen duten egintzen bat edo emaitzen bat lortu nahi dute. Azalpen horren arabera, tributu-arauak administrazio-jarduera zehatza arautzea du helburu (Zuzenbide publikoaren gainerako arauak bezala); jarduera horrek interes publikoa bilatzen du, alegia, legeak agindutako moduetan tributu-prestazioa lortzea.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.