Doktrina - Finantza Zuzenbidea

Page 165

Hamargarren ikasgaia

EZ-ZILEGI TRIBUTARIOA LABURPENA: §43. Sarrera: ez-zilegi tributarioa.—§44. Tributu arau-hausteak.—96. Kontzeptua eta osagaiak.—97. Arau-haustea kalifikatzeko irizpideak.—§45. Tributu-zehapenak.—98. Kontzeptua eta motak.—99. Zehapenak graduatzeko irizpideak.—100. Kalte ekonomikoa dakarten arau-hausteak eta horien zehapenak.—101. Autolikidazio edo aitorpenen ondoriozko arau-hausteak, kalte ekonomikoa sortu gabe, eta horien zehapenak.—102. Formazko bestelako betebeharrak haustea eta horien zehapenak.—103. Prozedura zehatzailea.—104. Erantzukizuna azkentzea.—105. Zehapenen atzeraeragintasuna.—§46. Herri Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren aurkako delituak.—106. Tributu-iruzurraren delitua.—107. Kontabilitate-delitua.—108. Gastu publikoarekin edo diru-laguntzen iruzurrarekin loturiko delitua.—109. Gizarte Segurantzari iruzur egitearen delitua.—110. Kontrabando-delituak.

§43. SARRERA: EZ-ZILEGI TRIBUTARIOA Zergadunak tributua ordaintzen ez duenean, edota aitorpena aurkezten ez duenean, betebehar horiek ezartzen dituzten arauak hausten ditu; beste hitz batzuez esanik, zergadun hori egintza ez-zilegia burutzen ari da. Tributuen Lege Orokorrak titulu oso bat jaso du zehatzeko ahalmena arautzeko (IV. titulua). Unean uneko politika legegilearen printzipioak kontuan izanda, legeak zehaztu behar du jokabide horren izaera, hots, administrazio arau-hauste hutsa ala delitua den. Tributu arau-hausteak eta delituak bereizteko, hiru irizpide erabil daitezke. Alde batetik, zigorra edo zehapena jartzen duen organoa ezberdina da: arau-hausteak Administrazioak ezartzen ditu; delituak, berriz, auzitegiek. Bestetik, askatasuna kentzeko zigorra delituen kasuan bakarrik erabil daiteke, eta ez tributu arau-hausteen kasuan. Azken buruan, prozedurak ere ezberdinak dira kasu batean eta bestean: arau-hausteak zehazteko administrazio-prozedura erabiltzen da; delituak zehazteko, berriz, judizio-prozedura.

Nolanahi ere, eta Konstituzio Auzitegiak maiz adierazi duen bezala, Administrazio zuzenbide zehatzailearen arloan, zigor-arloko printzipioak aplika daitezke, ñabardura batzuekin. Ondorenez, tributu arau-hausteak tipifikatuta egon behar dira, legezkotasun-printzipioa betetzeko (Konstituzioaren 25. art.).


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.