Doktrina - Finantza Zuzenbidea

Page 141

TRIBUTUAREN OSAGAI KUANTITATIBOAK

141

Amaitzeko, datuak, agiriak edo frogak ez izatearren zeharkako zenbatespena hasi bada, datu horiek kontuan hartuko dira erregularizazioan nahiz errekurtsoen konponbidean: a) Datuak erregularizazio-proposamena baino lehen aurkeztu badira. Bitarte hori, zeharkako zenbatespena hasi zenetik datuak aurkeztu arte, ez da zenbatzen ikuskapen-prozeduraren epeari begira. b) Datuok erregularizazio-proposamena baino lehen ekartzea ezinezkoa izan dela frogatuz gero. Halakoetan, jarduketak atzera ekarriko dira zeharkako zenbatespena hasi zen unera arte.

§37. OINARRI LIKIDAGARRIA Oinarri likidagarria lortzeko, zerga-oinarriari kendu behar zaizkio tributu bakoitzaren legeak ezarri dituen murrizpenak (TLOren 54. art.). Hortaz, legeak ez badu murrizpenik arautzen, oinarri likidagarria eta zerga-oinarria gauza bera dira. Gainerako kasuetan, hots, legeak murrizpenak aplikatzen dituenean, kontzeptu biak bereiztu behar ditugu. Murrizpenak ezartzeko arrazoiak ezberdinak izan daitezke: batzuetan, onura fiskalak emateko asmoa agertzen da (Ondarearen gaineko Zergan, diru zenbateko bat kentzen denean zerga-oinarritik); besteetan, zergaren arauketak erakarritako irizpide teknikoek bultzatzen dute murrizpena (PFEZn gertatzen da, esaterako, ezkontide ohiari ordaintzen zaion pentsioa kentzeko aukera dagoela).

§38. KARGA-TASA Kuota aldakorra duten tributuetan, kuota hori kalkulatzeko, karga-tasa aplikatu behar da, zerga-oinarria —oinarri likidagarria, halakoa denean— zehaztu eta gero. Karga-tasa era ezberdinetakoa izan daiteke, zerga-oinarriaren arabera. Ez da berdina dirutan adierazten den zerga-oinarria eta bestelako magnitudeetan adierazten dena. Dirutan adierazten diren zerga-oinarrien artean ere, karga-tasen mota ezberdinak egon daitezke. TLOrentzat, kuota lortzeko zerga-oinarriari aplikatzen zaion kopurua, koefiziente edo ehunekoa da karga-tasa (55.1. art.). Doktrinako autore gehienen aburuz, karga-tasa aukeratu eta aplikatzea eragiketa juridikoa da; hortaz, tributu-betebeharpekoarentzat zein Administrazioarentzat eragiketa horretan izan daitezkeen okerrak ere Zuzenbideko okerrak izango dira (eta ez egitezko okerrak), arau juridikoaren aplikazioaren ondorio baitira.


Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.